Ibaiondo etxea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Ibaiondo etxea
Logotipo del Gobierno Vasco.svg Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Gipuzkoa
Udalerria Astigarraga
Koordenatuak 43° 16′ 45″ N, 1° 57′ 07″ W / 43.2791438448°N,1.95190726633°W / 43.2791438448; -1.95190726633Koordenatuak: 43° 16′ 45″ N, 1° 57′ 07″ W / 43.2791438448°N,1.95190726633°W / 43.2791438448; -1.95190726633
Historia eta erabilera
EraikuntzaXX. mendea -
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea 35

Ibaiondo etxea Astigarragako eraikina da.

2011ko urtarrilaren 12an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiondo etxea Pablo Zabalo Ballarín arkitektoaren lana da, eta Carlos Elgezua eskultorearen lantegi-etxea izateko diseinatu zen. Eraikuntza-lanak 1955ean hasi ziren, eta 1961ean bukatu.

Oinalde trinkodun bolumen exentua da, 12 x 12 m-koa gutxi gorabehera, eta profilak dituen hegal bakarrak lehenengo solairuko forjatukoak dira, zeinean galeria, alboko balkoi txiki bat eta atzealdeko fatxadako hegal itxia aurkitzen baitira. Erdisotoa, behe-solairua, solairuartekoa, lehenengo solairua eta estalkipekoa ditu. Behe-solairua lurraren mailatik metro bat gorago dago, gutxi gorabehera.

Erdisotoa, behe-solairua eta solairuartekoa eskultorearen estudioa ziren, eta horretarako behar ziren gela guztiak egokituta zeuden. Hartara, solairuartekoak solairu osoaren zati bat baino hartzen ez duenez, estudioaren bolumenaren garaiera bikoitza da. Goiko solairuek -hau da, lehenengo solairuak eta estalkipekoak- egoitzarako erabilera dute.

Banaketa dela eta, espazioak zabalak dira eta, etxebizitzen kasuan, gelak kanpoaldera begira daude aireztapen egokia eduki ahal izateko. Etxea lurraren mailatik apur bat gorago eraikita dago. Horregatik, aurrealdetik sartzeko harrizko sei eskailera-maila igo behar dira. Estalkia zeramika-teilaz egina dago, bi isurkikoa, eta gailurra fatxada nagusiarekiko perpendikularra, eta hegalak apur bat irtenak dira.

Fatxaden osaketa dela eta, fatxada nagusia bi zurkaitzek inguratzen dute, lehen solairuko galeriari eusten diotenak, eta sarrerako atea duen portalera bidea erakusten duen arku bat. Materialei dagokienez, harria erabiltzen da behe-solairu osoa inguratzen duen perimetroko oinaldean, bai eta estalkipeko solairua markatzen duen frontoi triangeluarrean ere. Gainerakoan, alegia solairuartean eta lehenengo solairuan, fatxada luzituta eta margotuta dago. Baoak simetrikoki antolatuta daude fatxada nagusian; beste fatxada guztietan gela bakoitzaren eraketaren arabera irekitzen dira. Bao burudunak dira, zurezko arotzeriaz eta leiho-ateez hornituak.

Egitura aldetik eraikina hormigoi armatuzkoa da, egitura-diseinu berezi batekin, ia ez baita pilarerik ikusten erdisotokoak izan ezik. Estalkipekoak hiru zertxa triangeluar ditu, hormigoi armatuzkoak, solairuko forjatua «eskegiten» duten tirante batzuekin.

Lorategi itxi batek inguratzen du etxe osoa, baina berriki lorategiaren perimetroa aldatu egin da, Astigarragako Hiri Antolamendurako Plan Bereziaren antolamendu berriak hartaraturik. Barrualdetik, higiezinak ongi kontserbatu ditu materialak: zurezko zoladurak, lauzak, sarrerako beiratea eta abar, «eraikuntza-molde arretatsu bati eta herrian ohikoak diren ereduei jarraituz». Tratamendua koherentea da eta bat dator eraikin-motarekin berarekin, eta jatorrizko giroari eusten dio. Behe-solairuko estudio edo erakusgela nabarmentzekoa da, bertako apaindura zainduagatik eta erdi-garaieran hormak estaltzen dituzten zurezko panelengatik.

Horren guztiaren emaitza egoitzarako arkitektura molde berezi bat da, barruan espazio zabalak dituena, hain zuzen ere lantegi-etxearen beharretarako egokituta, eta kalitate oneko materialez egina, gaur egun arte ongi iraun dutenak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa