Edukira joan

Ibares errota

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ibares Errota
Kokapena

Ibares errota, Gipuzkoako Arama udalerrian dagoen errota bat da, Itsasondo udalerriko mugan. Oria ibaiaren bazterrean eta Ibaresko zubiaren aldamenean dago.

Ibares errotaren lehen dokumentua 1495ekoa da. Martin Alvarez de Ysasaga itsasondoarra ageri da errotaren fundatzaile eta lehen jabe bezala. Martxan ipini zutenetik gaur egun arte, hainbat jabe izan ditu, garaian garaiko familia garrantzitsuenen eskuetatik pasa da; Domingo de Zabala y Aramendia, Jose Martin de Zabala Idiakez y Alzolaras, Manuel Jose de Zabala y Acedo, eta Federico Zabala Ortes de Velasco, besteak beste.

Jakina da 1907-1908 urte inguruan errotak sute bat izan zuela. Suntsituta geratu ondoren, Saturnino Irizarrek berriro jarri zuen martxan. 1927tik Irizar familiaren bizilekua da.

1981az geroztik, hiru harri-pare baino ez daude lanean; aurretik, bost harri-pare zeuden lanean, etenik gabe.

Gaur egun, Gipuzkoan martxan dagoen eta aktiboki arto-irina produzitzen duen errota gutxienetarikoa da.