Edukira joan

Errota

Wikipedia, Entziklopedia askea
Errotaren mekanismoaren atal bat.
Errotarria.

Errota, eihera (Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaiko iparraldeko hainbat eskualdetan) edo bolua (Bizkaian eta Gipuzkoa mendebaldean) material solidoak zati txikietan ehotzeko funtzioa duen tresna da. Errota mota asko daude, eta haietan prozesatzen diren materialak ere askotarikoak dira. Historikoki, errotak mugiarazteko indarra eskulana, animalien indarra, haizea (haize-errotak) edo ura (ur-errota) izan dira. Gaur egun, elektrizitatea ere erabiltzen da.

Birrintzea gerta dadin, materialak beren egituran ildaskak sortzen dituzten eta beren barneko loturak hausten dituzten indar mekanikoen eraginpean jartzen dira. Ehotzearen ondoren, solidoaren egoera aldatu egiten da aleen tamainari, garauen kokapenari eta garauen formari dagokionez.

Ehotzeak hurrengo erabilerak izan ditzake:

  • Solido baten azalera handitzea.
  • Ale tamaina jakin bat duen solidoa sortzea.
  • Baliabideak ore bihurtzea.

Errotaren funtsezko osagaiak errotarri higigaitz bat eta haren gainean kokatutako eta indarraren bidez birarazten den beste errotarri bat dira. Hedaduraz, delako tresna dagoen etxea ere bada.

Errota oso antzinako tresna da eta lotura handia izan du nekazaritzaren garapenarekin. Lehenengo errotak eskuzko errotarriak ziren eta alea ehotzeko erabiltzen ziren historiaurrean. Aurrez alea eskuz txikitzen zuten eta aurrerapen garrantzitsua ekarri zuten errotek[1].

Euskal Herriko lehenengo errotak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrira Neolito garaian iritsi ziren lehenengo errotak. Eskuz manipulatzen ziren errotarriak ziren. Erdi Aroan, ur-errota mekanikoak garatu ziren teknologia berriei esker. Ur-errotak ibaietako uraren indarra erabiltzen zuten ehotze prozesua azkartuz eta eraginkorrago bilakatuz. Nekazaritzan iraultza ekarri zuten, lan fisikoa murriztu zen ekoizpena handituz[2].

Erdi Aroan errotek eragin handia zuten gizartean eta garrantzi ekonomiko eta sozial handia zuten. Elizak edota nobleziak kontrolatutako tresnak ziren. Hauek erabiltzeagatik zergak ordaintzen zituzten nekazariek. Euskal Herriko landa eremuan errota txiki ugari zeuden eta ur-errotak nagusitzen ziren[3].

Industria Iraultza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ibares errota

Industria Iraultzaren ondorioz, erroten erabileraren aldaketa etorri zen. Makineria berria eta energia iturri desberdinak agertzearekin batera, errota tradizional hauek nagusitasuna galduz joan ziren erabilera gutxituz[4].

Garai horretako zenbait errota mantendu egiten dira oraindik eta gaur egun ondare kultural eta historiko gisa gordetzen dira[3]. Hala ere, errota batzuen antzinako teknologiak egungo beharretara egokitu dira eta energia berriztagarria sortzeko erabiltzen dira.

Mota askotako errotak daude erabilitako energia iturriaren arabera eta funtzioaren arabera banatzen direnak.

Historiaurrean garatutako lehenengo errotak izan ziren. Pertsonen indarraz baliatutako tresnak dira.

Animalien indarrez mugitutako errotak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errota hauek abereen indarra erabiliz funtzionatzen zuten. Nekazaritza eta produkzio prozesuetarako erabiltzen ziren.

Ur-errota hauek uraren indarra erabiltzen dute. Ibaiko edo ur-jauzi baten energia potentziala erabiliz errotarriak mugiaraztea lortzen da. Nekazaritza eta artisautza lanetarako erabili izan da.

Haize errotak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haize errotek haizearen indarra erabiltzen dute. Haize fluxuek palak mugitzean mugimendu hori mekanismoetara bideratzen da. Ura mugatua zen lekuetan erabiltzen zen gehien. Gaur egungo haize-turbinek errota hauen mekanismoan oinarritutako teknologia berritua erabiltzen dute.

Lurrun-errotak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industria Iraultzaren ondorioz, errotetan lurrun-makinak erabiltzen hasi ziren. Lurrunaren indarra energia mekaniko bihurtuz, ehotze prozesua azkartzen zen.

Funtzionamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Campo de Criptanako haize-errotak.

Erroten funtzionamendua oinarrizko printzipio fisiko batzuetan oinarritzen da. Energia iturri natural batean baliatzen da (haizea, ura, animalien indarra edo eskulana) eta hori mugimendu mekaniko bihurtzen du. Mekanismo sinple batzuen bidez burutzen da prozesu hori.

Lehenengo energia biltzen da, horretarako, energia iturri natural horietaz baliatuz, ura edo haizea bildu edota indarra erabiltzen da. Energia horrek mugimendu bat sortzen du eta engranaje eta ardatz deituriko gurpilen bidez mugimendu hori errotarrietara bideratzen da.

Bi errotarri egon ohi dira, estatikoa eta birakaria. Errotarriak mugitzen hastean hauen arteko marruskadarekin alea txikitzen da irina edo antzeko produktuak sortuz.

Denboran zehar erroten funtzionamendua aldatuz joan da eta bilakaera nabarmena izan du. Mekanismo hauek konplexuago bihurtzen joan dira, lanaren efizientzia handituz. Horrela, erroten erabilera tradizionala murriztu egin zen.

Gaur egun, teknologia berriak erabiltzen dira errotetan[4]. Horrela, haize-turbinak edota hidroelektrizitate zentralak erroten mekanismoetan oinarrituta daude eta horiek erabiltzen dituzte energia sortzeko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]