Ibilgetu ukiezin
Ibilgetu ukiezinak edo Aktibo ukiezinak diru ez diren aktiboak dira, itxura edo gorputz fisikorik gabeak, baina ekonomikoki balioesteko modukoak; hor sartzen dira, halaber, ibilgetu horien hornitzaileei kontura emandako aurrerakinak. Hizkuntza kontablean ukiezin terminoa zentzu mugatu batean erabiltzen da. Entitatearen jarduera nagusienetan erabiltzen dira (ekoizpenean, kudeaketa komertzial edo kudeaketa administratiboan) edo hirugarrenei kontratatuak dira. Baita ere, beraien zerbitzu kapazitatea ez da agortzen ez kontsumitzen epe laburrean eta erabiltzen diren bitartean ez dira beste ondasunetan eraldatzen eta ez daude salmentarako zuzenean bideratuak.
Aipatutako elementu ukiezinez gain, badira izaera horrekin balantzean kontabilizatu beharreko beste batzuk ere, kontabilitatearen kontzeptu-esparruan emandako irizpideak eta erresgistratzeko eta balioesteko arauetan zehaztutako baldintzak betetzen badituzte betiere. Besteak beste, eskubide komertzialak, jabetza intelektuala edo lizentziak. Horiek erregistratzeko, kontu bat irekiko da azpitalde honetan eta kontu horren mugimentua, ibilgetu gainerako segidan azaltzen denaren antzekoa izango da.
Azpitalde honetako kontuak gainerako kontuentzat segidan azaltzen denaren antzekoa izangoa da.
Ibilgetu ukiezinaren elementuen egiaztagarritasuna konplexua denez, ohikoa da elementu horien kontabilitatea dirua zuritzeko erabiltzea, enpresak erostean elementu horien balioa puztuz.
Ibilgetu ukiezinaren kontuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek 20. taldean aurkitzen ditugu eta gehien erabiltzen direnak ondorengo hauek dira, euren kodearekin:
- 200. Ikerketa: Arlo zientifiko eta teknikoetan ezagutza berriak eta ulermen handiagoa eskuratu nahian egiten den bilakuntza original eta planifikatua da. Enpresak testu honetako erregistratzeko eta balioesteko arauetan ezarritakoen arabera aktibatutako ikerketa-gastu guztiak hartzen ditu.
- 201. Garapena: Ikerketa edo bestelako ezagutza zientifikoaren bitartez erdietsitako lorpenak konkretuki aplikatzea, material, produktu, metodo, prozesu edo sistema berri edo funtsean hobetuak ekoizteko plan edo diseinu bati, harik eta ekoizpen komertziala hasteko prest egon arte.
- 202. Kontsesio administratiboak: Estatuak edo bestelako Administrazio Publikoek ematen dituzten ikerketa- edo ustiapeneko-eskubideak lortzeko egindako gastuak, edo kontzesio transmitigarrien eskuratze-prezioa.
- 203. Jabetza industriala: Jabetza industrialaren adierazpen ororen jabetzagatik edo erabiltzeko eskubideagatik edo erabiltzeko kontzesioagatik ordaindutako zenbatekoa, kontratuan hitzartutakoaren arabera, enpresa eskuratzaileak inbentariatu beharrekoa denean. Kontzeptu honetan sartzen dira, besteak beste, asmakuntza-patenteak, baliagarritasun publikoko modeloak babesteko ziurtagiriak eta sarrera-patenteak. Kontu honetan sartuko dira, garapenean egindako gastuak, enpresak garapen horren ondorioz landutako proiektuen emaitzak positiboak direnean eta, behar diren legezko betebeharrak beteta, aldiko dagokion Erregistroan inskribatzen direnean.
- 204. Merkataritza fondoa: Negozio-konbinazioaren kostua, eskuratze-datan, handiagoa denean eskuratutako aktibo identifikagarriei onartutako pasiboak kenduz ateratzen den balioa baino, gehiagoko diferentzia hori merkataritza-fondoa izango da. Beraz, merkataritza-fondoa kontabilizatu ahal izateko, kostu bidez eskuratua izan behar du, eta, gainera, banaka identifikatu eta aprte kontabilizatu ezin izan diren aktiboetatik etorkizunean lortuko diren irabazi ekonomikoei dagokiena izan behar du.
- 205. Traspasatze-eskubideak: Lehenago egindako kontratu baten bidez lokal bat errentan hartuta daukanak, errentamendu-eskubidea beste bati pasatzen dionean, errentari berriak transmititzailearen eskubide eta betebeharren subrogatzeko errentamendu-eskubideengatik ordainten duen zenbatekoa.
- 206. Aplikazio informatikoa: Programa informatikoen, hirugarrenei erositakoen nahiz enpresan bertan landutakoen, jabetza edo haiek erabiltzeko eskubideen zenbatekoa. Web guneak egiteko gastuak ere hemen sartzen dira.
- 209. Ibilgetze ukiezinetarako aurrerakinak: Ibilgetu ukiezineko elementuen hornitzaileei eta bestelako saltzaileei, etorkizuneko hornikuntzen edo lanen kontura, normalean eskudirutan, emandako zenbatekoak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea](Euskaraz) Aldazabal Etxeberria, M. Edurne; Ipiñazar Petralanda, Izaskun; Saitua Iribar, Ainhoa (2010, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua), Kontabilitate plan orokorra, 229-231. orrialdeak.