Interpretazio sozial
Interpretazio soziala interpretazio mota bat da, alde batetik herrialde jakin bateko hizkuntza ofiziala ez dakien jendearen (etorkinak, errefuxiatuak, turistak eta herrialde batzuetan bertako biztanle indigenak) eta herrialde horretako zerbitzu publikoetan (osasungintzan, irakaskuntzan, zerbitzu sozialetan eta justizia administrazioan…) lan egiten duen jendearen artean egiten dena. Hau da, hizkuntza bat partekatzen ez duten pertsonen eta organismo edo entitate publikoen artean egiten den interpretazioa. Interpretazio mota honek halako herrialde bateko hizkuntza hitz egiten ez duen jendeak kalitatezko zerbitzu publikoak jasotzea ahalbidetzen du; bai eta, aldi berean, zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten profesionalek beraien betebeharrak, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea eta ongi betetzea ere.
Azken urteetako immigrazio tasa handiak orain arte landu gabe zeuden zerbitzu askoren beharra bultzatu du, eta zerbitzu horien artean aurkitu dezakegu interpretazio soziala. Horregatik, interpretazio soziala da gaur egun erabiltzen den interpretazio modalitate garrantzitsuenetako bat. Interpretazio sozialak garrantzia hartzen du herrialde bat hasten denean bertako hizkuntza hitz egiten ez duten etorkin kantitate handiak jasotzen .
Historia eta egungo testuingurua herrialde desberdinetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Interpretazioa duela urte askotik existitzen den arren, duela urte gutxira arte ez da zerbitzu publikoetan lanbide bezala aitortu. Interpretazio sozialaren kasuan, gainera, ustez prestigio handiagoa duten interpretazioaren beste modalitate batzuk (adibidez konferentzia-interpretazioa) baino beranduago etorri zen profesionalizazio hori. 1960 eta 1970eko hamarkadetako inmigrazio tasa handiak eta horrek sortzen zituen beharrek eraginda, hainbat herrialde interpretazio sozialaren profesionalizazioa onartzen hasi ziren. Gauzak horrela, Australia izan zen interpreteentzako akreditazio-nazional sistema bat sortu zuen lehen herrialdea. Ondoren, 1990eko hamarkadan, Erresuma Batuan Registered Public Service Interpreter (Zerbitzu Publikoetako Interpreteen Erregistro Nazionala) sortu zen.
1995.urtea inflexio puntu bat izan zen lanbide honentzat Europan, urte horretan zerbitzu publikoetako interpretazioari buruzko batzar bat egin zen Estrasburgon. Batzar horren ondorioz, Babelea izeneko elkartea sortu zen hurrengo urtean zerbitzu publikoetako interpretazioaren profesionalizazioa lortzeko helburuarekin. Baina batez ere arazo ekonomikoak zirela eta, elkarte horrek ez zuen etorkizun oparorik izan.
Hala ere, 1997.urtean Toronton egin zen red Critical Link kongresuak arrakasta handiagoa izan zuen. Kongresu horrek ere aurreko urtean Toronton egin zen batzarraren antzeko helburuak zituen. Bertan, batzar desberdinak antolatu ziren, eta besteak beste lanbidearen kode deontologikoa edo interpretazioaren kalitateari buruzko gaiak landu zituzten. Horrela interpretazioa mugatzea lortu zuten. Kongresu horiek gaur egunera arte aurrerapausoak ematen joan dira. Hona hemen interpretazio sozialak hainbat herrialde desberdinetan izan duen bilakaera.
Australia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Australia interpretazio sozialaren aitzindaritzat jo dezakegu, herrialde hau da interprete sozialen formakuntza lan gehien egin duena eta gaur egun oraindik egiten duena. Bigarren Mundu Gerraren ondoren agertu zen interpretazio sozialaren beharra ingelesez hitz egiten ez zuten etorkin ugari bertara joan ondoren. 1970eko hamarkadan Australiako gobernuko politikan aldaketa bat egon zen, eta eleaniztasunera eta kultura aniztasuneranzko joera nabarmena hartu zuten. 1973an Etorkinen Departamentuak TIS (Telefono bidezko Interpretazio Zerbitzua) jarri zuen martxan, etorkinen arretarako telefono bidezko harrera zerbitzua. Horren ondoren NSW (Osasun Sistemako Interpretazio Zerbitzua) sortu zen, eta 1997an NAATI (Itzultzaile eta Interpreteentzako Akdreditazio Nazionala).
Kanada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzekotasun handiak ditu Australiako ezaugarri politiko, sozial eta linguistikoekin, baina Kanadako interpretazio sozialaren garapena probintzia mailako ekimenengatik da ezaguna. Ekimen horiek auzitegi eta osasun munduan interpretazio zerbitzuak garatzea izan dute helburu hizkuntza indigenak hitz egiten zituzten biztanleen betebeharrak asetzeko helburuarekin.
Kanadan nabarmentzekoak izan dira osasun eta lege eremuetan sortutako interpretazio zerbitzuak eta osasunean garatutako interpreteen proiektua. Bertan, interprete sozialaren definizioa, bere lana eta formakuntza ikastaroei buruzko informazioa ematen da.
Suedia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Interpretazio sozialaren garapenaren adibide garbia eta interpreteen formakuntzarako eskaintzen aitzindaria da. Interprete sozialentzako formakuntza akademiko bat dago Estokolmoko Unibertsitateko Itzulpengintza eta Interpretazioa graduaren barruan. Herrialde honetan Australian baino lehenago sortu zen interpreteentzako akreditazio sistema, 1976an hain zuzen ere.
Estatu Batuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estatu Batuetan etorkinen osasun-arreta 1964ko Giza Eskubideen Legearekin batera hasi zen. Baina bestelako erakundeak izan ziren interpretazio sozialari bultzada eman ziotenak. Adibidez MMIA (Massachussetseko Medikuen Interprete Elkartea) eta Kaliforniako Osasun arloko Interpreteen Elkartea sortu ziren. Elkarte horiek interpretazio sozialaren profesionalizazioa bultzatu zuten 1996an Medikuntza Interpretazio Praktikaren irizpideekin.
Erresuma Batua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat ekimenen artean, 1994ko Zerbitzu Publikoetako Interpreteen Erregistroaren sorrera da nabarmenena. Bertan, eremu legal eta osasun eremuan espezializatutako Linguistika Institutuaren eskutik akreditatutako interpreteen zerrenda bat dago.
Espainia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainian, oraindik, interpretazio sozialak inolako errekonozimendurik ez duen arren, agerikoa da behar-beharrezkoa dela bertan bizi den etorkin kopuru handiagatik. Espainian ez da interprete sozialaren perfila aitortzen, eta orokorrean, ez dago akreditaziorik eta ezta profesionalizazio mekanismorik ere. Espainian, besteak beste, interpretazioaren eta bitartekaritza kulturalaren arteko mugak lausoak dira.
Interpretazio sozialaren ezaugarri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Interpretazio sozialak interpretazioaren beste modalitateekin (konferentzietako interpretazioa, kongresuetako interpretazioa edo nazioarteko erakundeetan egiten den interpretazioa) alderatuta hainbat ezaugarri desberdin ditu. Interpretazio soziala gizartearen barnekoa dela esaten da, hau da, gizartea osatzen duten kideen artean ematen da, eta bertan, parte hartzaileek ez dute delegazio edo bestelako erakundeen izenean hitz egiten. Bestalde, konferentzietako interpretazioetan ez bezala, interpretazio sozialean erabiltzen diren hizkuntzak ez dira Europako hizkuntza nagusiak izaten. Interpretazio sozialean, askotan, ikastetxeetan irakasten ez diren hizkuntza gutxitu eta dialektoak erabiltzen dira.
Gainera, etorkinen kasuan, interpreteak oso kontuan eduki behar izaten ditu herrialdeen arteko desberdintasun kulturalak. Horrelako kasuetan, interpretearen enpatia izateko gaitasuna ere oso garrantzitsua da, sarri deserrotutako edo beraien jaioterrietatik indarrez kanporatutako taldeekin lan egin behar izaten dutelako.
Turismoari lotutako interpretazio sozialari dagokionean ere, garrantzitsua da interpretearen lana, azken batean berak egindako lanaren esku dagoelako herrialdearen irudi ona mantentzea. Kasu horietan interpreteak ia enbaxadore baten papera betetzen du, eta bere lanak herrialdeko ekonomiaren sektore garrantzitsuenetako baten eragina izango du.
Interpretazio soziala elkarrizketen antzeko egoeretan ematen da. Horregatik, interakzio bat interpretatu beharra egoten da diskurtso edo bakarrizketa bat interpretatu beharrean. Hori dela eta, interpreteak hainbat arazori aurre egin beharra izaten du, eta bere lana elkarrizketako partaideen arteko harremanean laguntzea izaten da. Harreman hori elkarrizketak aurrera egin ahala aldatu eta sendotu egiten da.
Interpretazio soziala egiteko hainbat teknika desberdin erabili daitezke, hala ere ia kasu gehienetan loturazko interpretazioaren bidez egiten da. Egoera horietan ematen den komunikazio egoeraren ondorioz erabiltzen da teknika hori gehienbat, normalean elkarrizketa antzekoak izaten direlako, esaldi laburrekin. Esaldi laburrak interpretatzen direnez, kasu gehienetan ez da apunteak hartzea beharrezkoa izaten. Baina loturazko interpretazioaz gain, ikusizko interpretazioa ere nahiko ohikoa da. Bertan, idatzizko dokumentu bat ahoz irakurtzen da elkarrizketako beste parte hartzaileak ulertu ahal izateko. Azken urteetan interpretazio sozialerako beste bi interpretazio modalitate gehitu dira: telefono bidezko interpretazioa eta bideokonferentzia bidezko interpretazioa.
- Telefono bidezko interpretazioa: Telefono bidez egiten da, eta ahozko hizkuntzatik kanpo geratzen den informazioa galtzea da bere arazo nagusietako bat.
- Bideokonferentzia bidezko interpretazioa: Aurrekoarekin alderatuta abantaila bat dauka. Modalitate honetan interpretea ikusi ahal izaten da, eta beraz, ahozko hizkuntzatik kanpo geratzen den informazioa ez da galtzen.
Interpretazio sozialaren erabilera eremuak (alor desberdinak)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Interpretazio soziala hainbat eremu desberdinetan erabiltzen da, baina beste guztien gainetik hiru eremu nabarmentzen dira:
- Hezkuntza: Duela urte batzuk, etorkinen kopurua handitzearekin batera, eskolaratuak izan behar zuten haur eta gazteen kopurua handitu egin zen, eta horren ondorioz haur, guraso eta ikastetxearen artean hainbat komunikazio arazo zeudela ohartu ziren. Horren ondorioz bitartekari kulturalaren figura sortu zen, interpretazio lana egiteaz gain kulturalki egon daitezken oztopo eta gatazkak gainditzen laguntzeko. Baina kasu askotan bitartekari eta interpretearen lana ez da bereizten eta guztiei deitzen zaie itzultzaile. Hezkuntza arloan bi fase bereizi daitezke. Lehen fasean haur eta guraso etorkinei ikastetxeari eta sistema berriari buruzko informazioa ematen zaie. Bigarren fasean, ebaluaketa-boletinak jasotzen dituztenean, eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen direnean, familiei gure kultura, usadio eta hezkuntza antolaketari buruzko azalpenak eman behar izaten zaizkie. Horregatik, bi kulturen arteko zubi-lana egiterakoan interpretazio soziala baino urrunago joaten dela esaten da, eta ondorioz ez da erraza non amaitzen den interprete sozialaren lana eta non hasten den bitartekariaren lana zehaztea. Interprete sozial profesionalen prestakuntza eta funtzio sozialak oraindik arautzeko daude, eta kasu askotan interprete sozialaren eta bitartekari kulturalaren figura nahastu egiten ditugu. Gaur egun hainbat herrialde desberdinetatik etorritako etorkinak ditugu, eta “nahaste linguistiko” bat sortu dela esaten da, eta horren aurrean harrera sistema bat bultzatu dute. Bertan, haurrari tutore bat izendatzen zaio eta murgiltze programa bat sortzen da. Kasu horietako askotan, interpreteek hizkuntza-konbinazio exotikoak menperatzen ez dituztenez, bitartekari kulturalak kontratatzen dira. Oso zaila da hizkuntza exotikoak interpretatzeko gai diren pertsona profesionalak aurkitzea. Kontratazioa lan merkatuak arautzen du, baina Justizian gertatzen ez den bezala, hizkuntza aniztasunak bultzatzen du kontratazioak modu horretara egitea.
- GKEak: Gobernuz Kanpoko Erakundeetan erabiltzen da gehien. ACCEM y ACNUR dira esanguratsuenak, Nazio Batuen Erakundearen errefuxiatuentzako agentziak. Beraien web orrialdeetan apuntatutako boluntario zerbitzuen bidez hautatzen dituzte interpreteak. Itzultzaile eta Interpreteen Zerbitzuaren (SETI) lana ere azpimarratzekoa da. Zerbitzu hori Espainiar Estatuko Errefuxiatu, Iheslari eta Etorkinen Defentsarako Batzordearen parte da. Ibilbide luzeko batzordea da, eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak, elkarte desberdinak, polizia-etxeak, ospitaleak… interpretez hornitzen ditu.
- Elkarteak: Espainian, adibidez, etorkinen hainbat elkarte daude. Horien artean AIDA (Asociación de Ayuda al Inmigrante Africano), el Centro Hispano-Rumano de Madrid edo Casa África dira nabarmenenak . Baita, Madrilgo Erkidegoaren Atzerritartasun eta Migrazioarentzako Bulegoak borondatezko Interpreteentzako Laguntza-Proiektu (PAI) bat dauka berehalako laguntza behar duten etorkinentzat.
- Abegi-zentroak: Espainian CEAIN da garrantzitsuena. Bere orrialdean etorkinentzako informazio baliagarri asko dago, baita jendeak beharrezkoak izan ditzaken dokumentuen eredu eta boluntarioen atala.
- Osasuna: Orokorrean, etorkin batek bertako hizkuntza menderatzen ez duenean, lagun edo aberrikideren batek laguntzen dio medikuaren kontsultara. Baina lagun edo aberrikiderik ez duten etorkinek arazoak izaten dituzte medikuarekin komunikatzerakoan.
Interpretazio sozialean ematen diren arazoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elkarrizketan parte hartzen duten kideen artean ez dira bakarrik kulturarekin lotutako desberdintasunak egoten, normalean gaitasun eta estatus desberdintasun handiak egoten dira. Zerbitzu publikoetako elkarrizketetan agerikoa bada desberdintasuna (adibidez mediku-gaixoa, epaile-testigu/inputatua), elkarrizketako kideen arteko kultura eta hizkuntza desberdintasunak agertzen direnean desberdintasunak handitu egiten dira. Askotan, zerbitzu publikoetan lan egiten duenak osasuna, askatasuna, etxebizitza edo asilo politikoa bermatzeko boterea du, eta hori oso garrantzitsua izango da etorkinarentzat, eragin handia izango duelako bere bizitzan.
Normalean, komunikazioaren mugak familietako kideek beraiek gainditzen dituzte, eta Interpretazioaren beharra duten erkidego askotan interpretazioa borondatezkoa izatearen ondorioz, interpretazioa lan ez profesionaltzat jotzeko joera egoten da. Alde batetik, borondatezko pertsona horiek egoteak momentuko arazoak konpontzea eragin dezake, baina beste alde batetik interpretazio sozialaren profesionalizazioari larriki eragozten dio. Arazo horri irtenbidea ematen saiatu ziren lehen herrialdeak etorkin asko jasotzen zituztenak izan ziren, besteak beste Australia, Kanada, Suedia, Estatu Batuak eta Erresuma Batua.
Interpretearen eragileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Momentuko egoerak asko baldintzatzen du interpretaziorako erabilitako teknika. Elkarrizketan parte hartzen duten kideen gertutasun fisikoak interpretazioa askoz ere interpertsonalagoa izatea eragiten du. Egoera honetan interpretea ikusgai dago, eta ez dauka beste kasu batzuetan bezala kabina batek eskaintzen duen babes psikologikoa. Askotan, elkarrizketako tentsioen testigu izaten da, eta batzuetan bera ere tentsio horren parte eta biktima izaten da, eta horrek hainbat ezbai sor diezaioke interpreteari. Oso zaila izaten da interpretearentzat ikusezintasuna mantentzea, fisikoki oso presente dagoelako eta uneoro elkarrizketako gaizki-ulertuak konpontzen aritzen delako.
Kasu batzuetan interpreteak egoera zailei aurre egin behar izaten dio, batez ere elkarrizketako partaideek interpreteari berez hartu behar ez duen papera hartu arazi nahi izaten diotelako. Ohikoa izaten da interpreteari ez dagozkion hainbat lan eginaraztea, hala nola, informazioa bilatzea edo etorkinak adierazitakoari buruzko iritzia ematea. Ohikoa izaten da baita ere poliziek dokumentaziorik gabeko etorkinen deklarazioetan interpreteari ea egia esaten ari den edo ez galdetzea, edo etorkinaren hizkeraren azentuari erreparatuz nongo jatorria duen egiaztatzea eskatzea. Bestalde, etorkinak ere bere aldekoak izan daitezkeen erantzunak ematea eskatu diezaioke interpreteari.
Interprete sozial bezala jarduten duen jende asko desabantaila egoeran aurkitzen da, beraiek ere gizarte talde gutxituen parte izan ohi direlako askotan. Horregatik, sarritan, Administrazioak ia automatikoki beraien talde etnikoaren defendatzailetzat hartzen ditu, eta talde etniko horietako jendeak beraien aliatutzat.
Egoera larrian (ospitalizatuta, atxilotuta edo delituren baten biktima) eta denbora luzez bere inguruko jendearekin komunikatu ezin izan duen jende askok, interpretea komunikazioa errazteko pertsona izateaz gain emozionalki lagunduko dion pertsonatzat hartzen dute. Horrek interpreteari berez daukan botere eta erantzukizun handiagoa ematen dio eta bere jardunean eragina izan dezake.
Interprete sozialaren garrantzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kasu askotan, interprete soziala eta bitartekari kulturalaren lanak nahastu egiten dira, bi lanbideek hainbat ezaugarri berdin dituztelako. Baina badago desberdintasun argi bat bi lanbideen artean. Bitartekaritza kulturalak ez ditu bakarrik hizkuntzaren mugak gainditzen, elkarrizketako kideen arteko desberdintasun kulturalak gainditzen ere laguntzen du elkar ulertzeko helburuarekin. Interpreteak bakarrik hizkuntzari lotutako komunikazio arazoak gainditzen lagundu behar du. Egia da interpretazio sozialaren kasuan ez dela erraza bereizketa hori egitea, baina garrantzitsua da interpreteak bakarrik berari dagokion lana egitea eta soilik muturreko kasuren batean ematea azalpen kulturalak, beti ere bitartekaritzaren eremuan erori gabe.
Azken urteetan gerrek eta etengabeko nazioarteko turismoak eraginda, herrialdeen arteko mugimenduak ugaritu egin dira. Horrek interprete sozialaren papera sekula baino garrantzitsuagoa izatea eragiten du. Kasu bitxia da, baina nahiz eta interpretazio soziala interpretazioaren munduko adar zaharrena eta beharrezkoena izan, ez du errekonozimendu publikorik eta unibertsitate eta interpreteen formakuntzarako ikastetxeetan ez dira interpretazio sozialaz gogoratzen beraien ikasketa-planak egiterakoan.