Itzulpen ikasketen mapa

Wikipedia, Entziklopedia askea

James S. Holmesen Itzulpen Ikasketen mapa deritzo James S. Holmes itzultzaile eta itzulpen teorialariak 1972an Itzulpen Ikasketak disziplinako jakintza arloak ordenatzeko eta sailkatzeko egin zuen proposamenari.

XX. mendearen bigarren erditik aurrera, itzulpen praktikaren hazkundea egon zen. Horren ondorioz, itzulpenarekin lotutako teorizazio eta hausnarketa ugari sortu ziren, eta Itzulpen Ikasketak edo Itzulpen Teoria jakintzagai oso eta beste arloetatik independentea izateko lehen pausoak eman ziren. Jakintzagaiaren definizioan nabarmena izan zen James S. Holmesen ekarpena. 1972an, Holmesek The name and nature of translation studies izeneko hitzaldi bat eman zuen Hizkuntza Aplikatuaren Hirugarren Biltzarrean (Kopenhage). Hitzaldi hartan “itzulpen ikasketak” terminoa lehenengo aldiz erabili zuen eta izen bereko disziplinaren oinarritzat hartzen da hitzaldi hori.

Proposamen horretan, Holmesek itzulpen ikasketen barruan azpiatal batzuk bereizi zituen; geroago, 1995an, Gideon Touryk bere Descriptive Translation Studies – And Beyond lanean azpiatal horiek zuhaitz edo mapa bisual batean adieraziko zituen.

Hasteko, itzulpen ikasketak bi ataletan bereizten ditu Holmesek: puruak eta aplikatuak.

Itzulpen ikasketa puruak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketa puruen barruan bi atal daude: deskriptiboak eta teorikoak.

Itzulpen ikasketa deskriptiboak (descriptive translation studies)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Holmesek itzulpen ikasketa horiek lehenesten ditu, bere ustez fenomeno enpirikoetatik hurbilen dagoen disziplina delako. Hiru adar deskriptibo daude:

  • Produktuari begirako IID (product-oriented DTS). Ikasketa horietan, itzulpen zehatzak aztertu eta konparatzen dira. Lehenengo corpus txikiak aztertu behar dira (denborarekin corpusak handitu beharko lirateke). Bi hizkuntzaren artean egin daitezkeen konbinazio guztien konparaketa egin beharko litzateke, Holmesen arabera, eta azkenik, hizkuntza guztiekin egin daitezkeenak.
  • Funtziori begirako IID (function-oriented DTS). Ikasketa horiek itzulpenak hartzailearen testuinguru sozialean zein eragin duen begiratzean dautza. Aztergaia testuingurua da, ez testua aztertzeko modua. Adar honetan galdera hauek sartuko lirateke: Nork idatzi zuen? Noiz? Zergatik? Zein funtzio zeukan itzulpen honek?
  • Prozesuari begirako IID (process-oriented DTS). Ikasketa horiek itzultzaileak itzuli ahala bere garunean gertatzen diren prozesu mentalak eta neuronalak aztertzen dituzte.

Itzulpen ikasketa teorikoak (theoretical translation studies)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzulpenaren fenomenoa bere osotasunean azaltzen duten teoriak dira, eta itzulpen fenomenoak esplikatu eta aurreikusiko litezketen printzipio orokorrak formulatzea dute helburu, Nahiz eta Holmesek onartzen duen desideratum bat dela (sekula lortuko ez dela). Itzulpen ikasketa teorikoen barruan teoria orokorrak edo partzialak bereizten ditu Holmesek.

  • Teoria orokorrak (general translation theory). Helburu nagusia da itzulpengintzan eta bere eremuan gertatzen diren fenomeno guztiak azaltzeko eta aurreikusteko teoria oso eta inklusibo bat sortzea.
  • Teoria partzialak (partial translation theory). Sei teoria partzial bereizten dira, mugatzen dituen eremuaren arabera.
  1. Bitartekoak mugatutako teoria partzialak (medium-restricted PTT). Batetik, gizakiak egiten dituen itzulpenak aztertzen dira (idatzizko eta ahozko itzulpenak); bestetik, makinek egindakoak; eta, azkenik, gizakiak makinen laguntzaz egindakoak.
  2. Eremuak mugatutako teoria partzialak (area-restricted PTT). Itzulpenean parte hartzen duten hizkuntzen araberako teoriak eta kulturen araberako teoriak bereizten ditu Holmesek.
  3. Mailak mugatutako teoria partzialak (rank-restricted PTT). Itzulpen unitatearen mailaren araberako proposamen teorikoak dira: hitz multzo mailakoak, testu mailakoak…
  4. Testu motak mugatutako teoria partzialak (text-type-restricted PTT). Testu motaren araberako teoriak: testu zientifikoak, administratiboak…
  5. Denborak mugatutako teoria partzialak (time-restricted PTT). Denbora tarte zehatz batean egindako itzulpenen teorizazioa.
  6. Arazoek mugatutako teoria partzialak (problem-restricted PTT). Arazo zehatz batzuen aurrean itzultzaileek emandako erantzunen teorizazioa: nola itzuli metaforak, izen propioak…

Itzulpen ikasketa aplikatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau motatako aztergaiak dira:

  • Trebakuntza (translation training). Bi egoera bereizten dira: itzultzaileak itzultzen trebatzeko egiten diren itzulpenak, batetik, eta hiztun arruntek hizkuntza bat ikasteko prozesuan hizkuntzaren inguruko gaitasun berriak bereganatzeko egiten dituzten itzulpenak, bestetik.
  • Tresnak (translation aids). Itzultzean erabiltzen diren gramatikak eta baliabide lexikografikoak (hiztegiak).
  • Kritika (translation criticism). Itzulpen bat ebaluatzeko edo epaitzeko erabaki beharreko irizpideak.
  • Politika (translation policy). Itzulpengintza erakundeen aldetik sustatzeko diseinatzen diren lan edo politika guztien azterketa da.

Gideon Touryk mapa honen bitartez adierazi zuen grafikoki Holmesen proposamena:

Holmesen mapa (Gideon Touryren adierazmoldea)


Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Holmes, J.S. (1972). “The Name and Nature of Translation Studies”, in James Holmes (1988) Translated Papers on Literary Translation and Translation Studies, Amsterdam: Rodopi, 6780.
  • Toury, G. (1995). Descriptive Translation Studies and Beyond. Amsterdam: John Benjamins Translation Library.