Itzulpen ikasketak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Itzulpen ikasketa zientzia bat da, zeinak itzulpena eta interpretazioa sistematikoki aztertzen duen. Teoria, deskribapena eta aplikazioa biltzen ditu. Diziplina anitzeko bere izaera dela eta, Itzulpen Ikasketek esparru askotatik hartzen ditu kontzeptu eta prozedurak. Horien artean hurrengo hauek daude: literatura konparatua, informatika, historia, hizkuntzalaritza, filologia, filosofia, gizarte psikologia, semiotika eta terminologia. Itzulpen ikasketak terminoa James S. Holmes ikertzaile amerikarrak sortu zuen “The name and nature of translation studies” lanean. Lan huradisziplinaren oinarritzat jotzen da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historikoki, itzulpen ikasketak “normatiboak” ziren (hots, itzultzaileei nola itzuli behar zuten esaten zitzaien); itzulpengintzari buruzko eztabaida ez-normatiboak itzulpengintzakoak zirenik ere ez zen onartzen. Itzulpen ikasketetako historialariek itzulpengintzari buruzko mendebaldeko pentsamenduaren lehen pausoen berri ematen dutenean, adibidez, Zizeronen oharrak harzten dituzte abiapuntutzat, zeinetan bere oratoria trebatzeko grekotik latinerako itzulpenak erabiltzen zituela adierazten duen —San Jeronimok geroago ad sensum itzulpena izendatu zuen hura—. Egiptoko interpreteen inguruko historia deskribatzailea, zenbait mende lehenago Herodotoren eskutik emandakoa, ez da traduktologiaren partetzat hartzen (beharbada ez zielako itzultzaileei esaten nola itzuli behar duten). Txinan, itzultzeko moduari buruzko eztabaida, Zhouren dinastian, sutra budisten iztulpenarekin hasi zen.

Diziplina akademikoa lortzeko eskaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pedagogiaren arloan itzulpengintzari buruzko hainbat ikerketa egin ziren.Ikerketa horiek itzulpengintzak hizkuntzak ikasteko tresna gisa izan zezakeen erabileran oinarritu ziren. Literatura konparatiboaren barruan, 60ko hamarkadan, itzulpengintza tailerrak sustatu ziren Amerikako hainbat unibertsitatetan, hala nola Iowako eta Princetongo Unibertsitateetan. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan hizkuntzalaritzara zuzendutako ikasketa sistematikoak sortzen hasi ziren. 1958. urtean Jean Paul Vinayk eta Jean Darbelnetek frantsesaren eta ingelesaren arteko konparazio kontrastiboa egin zuten Quebecen. 1964an, Eugene Nidak Toward a Science of Translating argitaratu zuen, Bibliaren itzulpenetarako eskuliburu bat, Chomskyren gramatika sortzaileak eraginda. 1965ean, John “Ian” Catfordek itzulpengintzaren teoria bat mugarritu zuen hizkuntzalaritzaren ikuspegitik. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, Jiří Levý akademiko txekiarrek Anton Popovič eta František Miko akademiko esloveniarrekin batera, itzulpengintza literarioaren estilistiken inguruan ikerketak egin zituzten. Itzulpengintza literarioaren ikerketarako lehenengo pauso horiek James Holmesen artikuluan batu ziren, 1972. urtean Copenhagueko Hizkuntzalaritza Aplikatuaren Nazioarteko Hirugarren Batzarreab. “The Name and Nature of Translation Studies” artikuluan, Holmesek diziplina alderatu bat indartzeko beharra aipatu zuen eta alorreko sailkapen bat proposatu zuen. 1995. urtean, Gideon Touryk, Holmesen proposamenaren “mapa” bisuala aurkeztu zuen bere liburuan, “Descriptive Translation Studies and Beyond”.

Itzulpen ikasketen “boom-a”[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo urteetan zehar, itzulpen ikasketak garatzen joan ziren. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, oso ezberdinak ziren bi paradigma garatu ziren, baliokidetasunean oinarrituta, aurreko ikasketetatik aldentzen zirenak.

Alde batetik, “descriptive translation studies” edo itzulpen ikasketa deskribatzaileak (Touryren Descriptive Translation Studies and Beyond liburutik sortutako terminoa), diziplina enpiriko eta deskribatzailea sortzea du helburu; Holmesen maparen sail bat betetzeko asmoz. XX. mendearen hasieran, Errusiar Formalista batzuek produktu kulturalean metodologia zientifiko bat ezartzearen ideia sortu zuten, eta literatura konparatiboko hainbat ikertzaileri esker ideia hori berpiztu egin da. Aplikazio horren parte, Polisistemen Teoria izan zen (Even-Zohar 1990), non itzulitako literatura harrerako azpisistema edo xede-sistema literarioko azpisistema gisa ikusten den. Gideon Touryk itzulpengintza “xede-kulturako elementutzat” hartu behar dela aldarrikatzen du eta ideia horretan oinarritzen du bere teoria, ikerkuntza helburuetarako. “Manipulazio” eta “patronage” kontzeptuak ere itzulpen literarioen arabera garatu ziren.

Beste alde batetik, Europan, 1984an, itzulpengintzaren teorian paradigma-aldaketa bat gertatu zen. Urte hartan argitaratutako bi liburu alemanek Skopos Teoriari eman zioten hasiera: Katharina Reiß eta Hans Vermeer-en Grundlegung einer allgemeinen Translationstheorie (Itzulpengintzaren teoria orokorraren sorrera) eta Justa Holz-Mänttäriren Translatorisches Handeln (Ekintza Translatiboa). Teoria horrek lehentasuna ematen dio xedea den produktu itzuliari eta ez baliokidetasunari.

Pentsamendu-eskolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baliokidetza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzulpengintza-ikasketen eztabaida nagusiak baliokidetza hoberenak lortzeko metodoaren ingurukoak ziren 1950 eta 1960ko hamarkadeninguruan. “Baliokidetza” terminoak bi esanahi desberdin ditu korrontearen arabera. Tradizio errusiarrean “baliokidetza” bi forma linguistikoren arteko korrespondentzia edo zilegitutako termino teknikoen pareari dio erreferentzia (“baliokidetza” “ordezkaketa” terminoaren kontrakoa da). Beste aldetik, tradizio frantsesean Vinayk eta Darbelnetek, Ballyrengan oinarrituta beste kontzeptu bat garatu zuten: “baliokidetza” balio funtzionalaren berdintasunarekin lotzen da, eta gehienetan formen aldaketa dakar. Beranduago, 1970. urte inguruan, teorialari errusiarren “baliokidetza” terminoa zentzu zabalago batean definitu zuten: eraldaketa linguistikoetatik ondorioztatzen dena, alegia.

Aldi berean, Interpretive Theory of Translation lanak hitzez adierazten ez den zentzua ere sartu zuen itzulpengintza-ikasketetan, eta hitzen korrespondentzia eta esanahi baliokidetza bereizi zituen horrela. Gainera,hiztegietako hitzen definizioen nabarmendu zuen (hitz korrespondentzia) eta hitz horiek testuinguru zehatz batean duten esanahiaren (esanahi baliokidetza) arteko aldea nabarmendu zuten.

Baliokidetzaren inguruko eztabaidak zenbait konponbide-tipologia ekarri zituen berekin (“prozedura”, “teknika”, eta “estrategia” gisa ere ezagunak), hala nola Fedorovena (1953) eta Vinay eta Darbelnetena (1958). , Loh Dianyang bere Translation: Its Principles and Techniques laneanFedorovengan eta linguistika ingelesean oinarritu zen txinera eta ingelesaren arteko itzulpen konponbideen tipologia bat eskaintzeko.

Tradizio horretan baliokidetza lortzeko eztabaida gehienak preskriptiboak izan dira eta itzultzailearen trebatzearekin lotuak egon dira.

Itzulpengintza ikasketa deskriptiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzulpengintza ikasketa deskriptiboetan (terminoa Touryk definitu zuen Descriptive Translation Studies and Beyond lanean) disziplina enpiriko deskriptibo bat sortzea da helburua, eta Holmesen maparen zati bat betetzea horrela. Metodologia zientifikoa produktu kulturaletan ere aplika daitekeelako ideia formalista errusiarrek garatu izan dute XX. mendearen hasieratik, eta literatura konparatiboko hainbat ikertzailek ere landu izan dute. Gaur egun itzulpengintza literarioan aplikatu da. Aplikazioaren zati bat polisistemen teoria izan da (Even-Zohar 1990), zeinetan itzulitako literatura hartzailearen azpisistema edo xede literaturako sistema gisaikusia den. Gideon Touryk itzulpenak “xede-kulturaren egitatetzat” jo behar direla aldarrikatzen du. Literatur itzulpenaren arloan, bestalde, “manipulazio” eta “patronaje” kontzeptuak ere izan dira.

Skopos teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katharina Reiss eta Hans Vermeeren Foundation for a General Theory of Translation eta Justa Holz-Mänttäriren Translatorisches Handeln lanekin, itzulpengintzaren teoriaren inguruko paradigma aldaketa bat antzeman daiteke 1984. urtean Europan. Horietatik bietatik sortu zen Skopos teoria, zeinetan lehentasuna ematen zaion itzulpenaren bidez bete beharreko xedeari, eta ez terminoen baliokidetzari.

Kultur itzulpengintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kulturaren gaiak beste aurrerapauso bat ekarri zuen disziplina horrentzat. Susan Bassnett eta André Lefeveren Translation - History - Culture obraren bidez, beste arlo batzuetako ikasketa eta kontzeptuekiko erlazioa sortu zen: genero-ikasketak, kanibalismoa, post-kolonialismoa eta kultura-ikasketak, beste batzuen artean. Kultur itzulpengintza kontzeptua Homi Bhabhak Salman Rushideren The Location of Culture obraren inguruan egindako irakurketatik sortzen da. Kultur itzulpengintza kontzeptua kultura-ikasketetan erabili izan da, kultura jakin batean gertatutako transformazioa (linguistikoa zein bestelakoa) aditzera emateko. Kontzeptuak itzulpengintza linguistikoa erabiltzen du transformazio motak eta kulturen arteko hartu-emana aztertzeko erreminta gisa. “Hala ere, nahiz eta itzulpengintzak kulturak gehiago hurbiltzen dituen, beti egongo da kulturen arteko deformazioa”.

Ikasketa eremuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzulpengintzaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzulpengintzaren historia itzultzaileen historiaz arduratzen da talde profesional eta sozial gisa, bai eta itzulpenen historiaz ere, horiek adierazi ahal baitute kulturak nola hedatzen, elkarri eragiten eta hiltzen diren. Itzulpengintzaren historiaren oinarri batzuk Lieven D'hulstek eta Pymek ezarri zituzten.

Hona hemen itzulpengintzaren teoriaren antologia historikoen zenbait biltzaile: Robinson (2002), Mendebaldeko teoriak Nietzschera arte bildu zituena; D’hulst (1990), 1748. urtetik 1847. urtera arteko teoria frantsesak bildu zituena; Santoyo (1987), Espaniako tradizioa bildu zuena; Edward Balcerzan (1977), 1440-1974 arteko esperientzia Poloniarra bildu zuena; Cheung (2006), tradizio txinatarra bildu zuena.

Itzulpengintzaren soziologiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzulpengintzaren soziologiak itzultzaileak nortzuk diren, haien lan-moduak zeintzuk diren (lantokian eginiko ikerketak) eta itzulpen datuek hizkuntzen arteko ideia mugimenduei buruz zer esan ahal duten ikertzen du.

Itzulpengintzaren ikasketa postkolonialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketa postkolonialek metropolien eta antzinako kolonien arteko itzulpenei begiratzen diete. Horiek guztiz zalantzan jartzen dute itzulpenak kultura eta hizkuntza erabat desberdinen artean gertatzen direlako ustea.

Genero ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genero ikasketek itzultzaileen generoari, horiek itzultzen dituzten testuen genero nolakotasunari, generoak eraginidako itzulpen prozesuei eta itzulpena deskribatzeko erabilitako genero metaforei begiratzen diete. Ikasketa aitzindariak Luise von Flotowek, Sherry Simonek eta Keith Harveyk egin zituzten. Sexu bereko mehatxuzko formak ezabatzeko ahaleginak garrantzia hartzen du, besteak beste, Berpizkundeko pentsalariak (testuinguru kristaukoak) antzinako idazleak itzultzen saiatzen zirenean.

Etika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etikaren eremuan, Antoine Bermanek eta Lawrence Venutik argitaratutako saiakerak oso eztabaidatuak izan dira. Bi egile horiek alderdi batzuetan desberdinak dira, baina ideia batean ados daude: itzultzean, enfasia jarri behar da jatorrizko eta helburuzko hizkuntza eta kultura desberdintasunetan. Biek “Kultura diferentziek [...] alteritatea [...] gorde dezakete”la diote. Duela gutxiko ikasketetan, adituek Emmanuel Levinasen etikaren eta subjektibitatearen inguruko lan filosofikoa aplikatu dute. Haren argitalpenak modu desberdinetan ulertu direnez, hainbat ondorio atera dituzte erantzukizun etikoaren kontzeptuaren inguruan. Batzuen ustez, itzulpenaren ideia berez etikoki zalantzagarria izan liteke; beste batzuek, aldiz, idazlearen edo testuaren eta itzultzailearen arteko erlazioa pertsonalagotzat hartzen dute, prozesu pareko eta elkarrenganako bat sortuz. Aldi berean, itzultzailearen erantzukizunaren ezagutza orokorra handiagotu da. Gero eta itzultzaile eta interprete gehiago ikusten dira partaide aktibo gisa gatazka geopolitikoetan. Horrek zalantzan jartzen du nola ekin dezaketen beren identitate edo iritzitik independente den etika batez. Horrek ondorio honetara eramaten gaitu: itzulpengintza eta interpretazioa ezin da bakarrik hizkuntza transferentzia huts gisa ikusi, baina baita jarduera sozial eta politiko gisa ere. Denak bat datoz aldarrikatzen dutenean praktika kode etiko baten beharra dagoela, ziurgabetasuna murrizteko eta profesionaltasuna hobetzeko oinarriak ezartzeko, beste esparru batzuetan egin den bezala (medikuntza militarreko etika edo legezko etika, adibidez). Hala ere, esparru horretan etikaren kontzeptu argi bat ez dagoenez oraindik, horrelako kode baten itxuraren inguruko iritziak oso aldakorrak dira.

Ikus-entzunezko itzulpengintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus-entzunezko itzulpengintza soinuzko eta ikusmenezko baliabideak erabiltzen dituzten produktuez arduratzen da: zinemaz, telebistaz, bideo-jokoez, operaz eta antzeko zuzeneko ekitaldiez. Alor horiek mezuak kanal semiotiko ezberdinen bitartez transmitizen dituzte, hau da, ez bakarrik ahoz edo idatziz, baita irudi eta soinu bidez ere. Hala, produktu itzuliei polisemiko deritze, eta hori da itzulpengintzaren alor honen bereizgarria. Ikus-entzunezko itzulpengintzaren baitako modalitate ezberdinen artean azpidazketa, bikoizketa, off ahotsa eta opera eta antzerkirako gainidazketa daude.

Alor honen beste azpiataltzat jo izan da ikus-entzunezko produktuetarako sarbide edo eskuragarritasuna. Horri dagokionez, itsuentzako edota ikusmen-urritasuna dutenentzako soinu-deskribapena eta gorrentzako edota entzumen-urritasuna dutenentzako azpitituluak dira elementu garrantzitsuenak. Ikus-entzunezko forma eta itzulpen-teknika ezberdinek baldintzak eta mugak sortzen dituzte alor horren produktuen itzulpengintzan. Ikus-entzunezko itzulpengintzan diharduten ikertzaile asko European Association for Studies in Screen Translation (ESIST) deritzon antolakundean batu ziren.

Itzulpengintza ez profesionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzulpen ez-profesionalek eginiko lanak gehienetan Internetekin lotura izaten du. Teknologiaren demokratizazioa eta Interneten zabalkundea dela-eta, gorakada nabarmena izan du alor honek. Itzulpen-boluntarioen iniziatibak mundu osoan zehar sortu dira eta mota askotako produktuekin jarduten dute. Ez da formakuntzarik eskatzen boluntario aritzeko baina itzultzaile formatuak ere boluntario aritzen dira maiz, Translators without Borders-en (Mugarik gabeko Itzultzaileak) kasuan bezala. Gaian arituak direnek, termino ezberdinez ezagutzen dute alor hori.

O’Haganek erabiltzailez sorturiko itzulpenginza (user-generated translation), fan-itzulpena eta komunitate-itzulpena erabili izan ditu. Fernández-Costales eta Jiménez-Crespok itzulpen kolaboratiboa nahiago dute, eta Pérez-Gonzálezek azpidazketa amateurra. Pymek adierazi zuen itzulpengintza profesionalaren eta ez-profesionalaren arteko alde nagusia irabazi ekonomikoa dela eta, horregatik, itzulpengintza boluntarioa beharko lukeela haren izenak.

Ingelesari dagokionez, gisa honetako itzulpenak egiten dituzten organismoetako batzuk Fansubbing, Fandubbing, ROM hacking edo Fan translation of video games eta Scanlation dira. Itzulpen boluntarioan diharduten proiektu handiek Crowdsourcing deritzona darabilte, konpania eta erakundeek kontrolaturikoak. Adibidez, Facebookek 2008tik crowdsourcinga erabili du haren erabiltzaileek sare soziala itzultzeko, eta TED taldeak boluntarioz osaturiko proiektua du bere gain, hitzaldiak azpidazteko. Euskaraz ere badago itzulpengintza boluntarioaren barruko proiekturik. Filmak edozeinek azpidazteko aukera ematen du azpitituluak.com web-orriak, baita haiek partekatu eta deskargatzeko aukera ere.

Etorkizunera begira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzulpen ikasketak itzulpengintza eskolekin eta unibertsitate mailako ikastaroekin batera garatu ziren. 1995ean 60 herrialdetan egin zen ikerketa baten emaitzek adierazi zuten unibertsitate mailan itzulpengintza edo interpretazio ikastaroak eskaintzen zituzten organismoak 250 zirela. 2013an datu-base berberak 501 erakunde zenbatu zituen itzultzaileak trebatzeko. Hori dela eta, itzulpengintza konferentziek, itzulpengintza aldizkariek eta itzulpengintzarekin lotutako argitalpenek gora egin dute. Itzulpengintzak eskuratutako ikusgarritasunari esker itzulpen ikasketenelkarte nazional eta internazionalak garatu dira. 2016ko irailean elkarte horietako hamarrek International Network of Translation and Interpreting Studies Association (INTIS) sortu zuten. Paradigmen hazkundea arazo iturritzat jotzen da disziplinaren barruan. 1999an, hurreratze ez esentzialistaren eta enpirikoaren arteko aldeazeztabaidatu zen Vic Forum on Training Translators and Interpreters: New Directions for the Millennium foroan. Eztabaidatzaileak, Rosemary Arrojoeta Andrew Chesterman, bi hurbilpen moduetan komuna izan litekeen oinarri baten bila aritu ziren esplizituki. Disziplinartekotasunari esker, paradigma berriak sortu dira, izan ere teoria gehienak beste disziplinetan oinarrituta jaio ziren, hala nola, hizkuntzalaritza, literatura konparatua, kultur ikasketak, filosofia, soziologia edo historiografia. Era berean, horrek itzulpen ikasketak bere horretan zatitzea ekarri du. Bigarren arazo iturria teoriaren eta praktikaren arteko aldea da. Aurretik egindako ikerketen preskriptibismoak deskriptibismoari eta teorizazioari lekua utzi dien heinean, profesionalek ez diete ikerketei aplikaziorik ikusten. Aldi berean, unibertsitateko ikerketak inportantzia eskasa ematen dio itzulpen praktikari. Itzulpen ikasketak ezagutzak zabaltzeko joera erakutsi du, eta joera horrek aurrera egitea espero da. Litekeena da hemendik aurrera honako arlo hauetara hedatzea itzulpen ikasketak: egokitze ikasketak, hizkuntzabarruko itzulpena, sistema semiotikoen arteko itzulpena (adibidez, irudiak testuetara eta musikara) eta itzulpena interpretazio guztien eta ulermenaren forma gisa, Roman Jakobsonen lanean azaldu bezala.