Gudu hura zinez gogorra izan zen. Izan ere, Iwo Jima garrantzi estrategiko handiko kokagunea zen aliatuentzat, han zeuden hiru aerodromoetatik Japonia bonbardatzeko beharrezko sostengua bidali baitzitekeen. Japoiarrentzat, berriz, kokagunearen estrategikotasunaz gain, irlak garrantzi sinboliko nabarmena zuen, gerran lehen aldiz, benetako lur japoniarra jokoan baitzegoen. Irlaren defentsa Japoniako Armada Inperialaren esku zegoen, gudarien buruzagia Kuribayashi jenerala zelarik. Japoniarrek, era esanguratsuki trinko batean antolatu zuten irlaren defentsa, posizio indartuak, bunker handiak, artileria ezkutatua eta 18 km baino gehagoko tunel sare bat erabiliz. Suribachi mendia bereziki indarturiko kokagune bat izan zen, handik estatubatuarrek burutuko zuten lehorreratze guztia kontrolatzen ahal baitzen. estatubatuarrak lehorreratu zirelarik, japoniarrek sutsuki borrokatu zuten. Borrokaren krudetasunean, hasierako 21.000 japoniarretatik, 20.000 pasatxo hil ziren, besteak beste, ez errenditzeko agindu espresua jaso baitzuten. Guduaren amaieran, estatubatuarrek 216 preso besterik ez zuten egin.
Iwo Jimako gudua bereziki ezaguna egin zuen Joe Rosenthalek ateratako argazkiak, non hainbat marine ageri diren, Suribachi mendiaren tontorrean AEBetako bandera altxatzen.