Edukira joan

José Francisco Arroyo

Wikipedia, Entziklopedia askea
José Francisco Arroyo
Bizitza
JaiotzaOiartzun1818ko urtarrilaren 14a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaPorto1886ko irailaren 20a (68 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakportugesa
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea

José Francisco Arroyo (Oiartzun, 1818ko urtarrilaren 14a - Porto, 1886ko irailaren 20a) (Bataio agirian Jose Francisco Arroyo Rezola) José Francisco Arroio izenez ere ezaguna, klarinete jotzailea, konpositorea, orkestra zuzendaria eta enpresari arrakastatsua izan zen. Porto hiriko São João Antzerki Nazionaleko lehen zuzendaria, Bianca de Mauleon (1846) eta Francesca Ventivoglio (1849) operak konposatu zituen.[1]

Oiartzunen jaio zen eta João Marcelo Arroyo musikariaren semea izan zen. (Semearen bataio agirian Juan Manuel Marcelo Carrasco Arroyo bezala azaltzen da). Aita Kordobakoa zen, eta Porto hirian hil zen 1844ko uztailaren 23an, 52 urte zituela. Jaio zenean, familia Irungo ingurune aristokratiko eta intelektualean integratuta zegoen. José Francisco umea zenean joan ziren Portugalera bizitzera. Ama, berriz, Josefa Ignacia Errezola Audela, oiartzuarra.

Porton hasi zuen bere karrera, errejimendu militar bateko bandan musikari gisa. Meritu handiko klarinete jotzailea izanik, Oporto hiriko São João Antzoki Nazionaleko orkestran jardun zuen. Klarineteaz harago, txirula ere jotzen zuen. Aitaren orientazioak gorabehera, bere bost seme-alabek musikarako aparteko dotazioa izan zuten, eta jarduera horretan guztiak nabarmendu ziren: José Diogo Arroyo, Kimikako doktoregoa, unibertsitateko irakaslea eta pianista aparta izan zen; António José Arroyo, lanbidez ingeniaria, diputatua eta irakaskuntza teknikoko ikuskatzailea, arte-kritikaria, abeslari lirikoa eta merezimenduzko piano-jotzailea izan zen; Rita Hilária, musika-interprete ospetsua; João Marcelino Arroyo,[2] legelaria, politikaria eta musikaria; eta Josefa Beatriz, erliebeetako abeslari lirikoa.[3]

1849tik aurrera, Portoko Udaltzaingoaren Musika Banda zuzendu zuen. 1858 eta 1859 artean Teatro das Variedades, antzokiko zuzendari artistikoa izan zen, José Maria Braz Martinsekin. Arrakasta handia izan zuen antzerki lirikoan. João António Ribas hil zenean, Portoko musikari garrantzitsuenetako batzuek (bere koinatua Hipolito Medina Ribas txirularia, barne) gonbidatu zuten, União Musical (artean Portugaleko elkarte profesional garrantzitsuena) zuzendaritzan bere lekua hartzeko. 1846an, Francisco Eduardo da Costarekin, Montepío Filarmonico Portuense sortu zuen bazkideetako bat izan zen.

1862tik aurrera, musikari profesionalaren jarduerarekin nahigabetuta, merkataritza eta enpresa-jardueran aritu zen, Portoko sozietatean garrantzi handia lortuz. Musika utzi eta Portoko Santo Antonio kalean merkataritza-etxe garrantzitsu batean finkatu zen, Portoko burgesiaren artean, garaiko intelektual eta merkatari garrantzitsuenetako bat zela berretsiz. Musikariaren lanbideak eragindako desengainuak seme-alabei beren bidea jarraitzea debekatzera eraman zuen. Bernardo Valentim Moreira de Sák, lagun hurkoa eta bere oinordekoa zenak, zera esan zuen berari buruz:

"Bere lanbideari gorroto zion musikaria zen, baina pertsona argia eta sentibera".

Hainbat generotako lanak konposatu zituen. Nabarmentzekoak dira Bianca de Mauleon (1846) eta Francesca Ventivoglio (1849) operak eta Portugalgo Maria II.a erreginari eskainitako Cantata bat (1852). Bandarako musika ere ekoitzi zuen, Marcha fúnebre konposizioa nabarmenduz, Carlos Alberto de la Sardenha erregeari eskainia (1849).

  • Marcha fúnebre, bandarako (1849)[1]
  • Himno Triunfal, banda militarrerako, São João antzokia, Porto (1851)
  • Himno Triunfal (aurrekoa bera), Litographia lisbonense de Canongia & C, argitaratua, egileak baimendu gabeko kantu eta pianorako bertsio batean (1851)
  • Cantata [Maria II-ri eskainia], São João antzokia, Oporto (1852)[1]
  • Himno para la aclamación del rey D. Luiz, banda militarrerako (1861)
  • Himno a los Artistas Portuenses, soprano, abesbatza eta pianorako (data zehatzik gabe)
  • La Prima Lettera, op. 17, soprano eta pianorako

Musika instrumentala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • «Txirula egiteko hamabi estudio, konposatuak eta eskainiak, testigantza txiki gisa (laguntasun-botoa, begirune eta errespetua, Parado Jaunari, Irakasle ospetsu eta instrumentu honen apaintzailea; J. L. Arroyo», A. S. de Castrok argitaratua.
  • Rapsódia Sinfónica, orkestrarako
  • Bandarako piezak

Pianorako musika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Esquisses, op. 1

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c (Gaztelaniaz) DETERMINAR, SIN. «Efeméride. El musicólogo José Francisco Arroyo nace el 14 de enero de 1818» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-21).
  2. (Gaztelaniaz) João Arroio. 2023-09-20 (Noiz kontsultatua: 2023-09-21).
  3. (Portugesez) Fernandes, Cristina. (2008-12-12). «"Amor de Perdição" resgatada do silêncio» PÚBLICO (Noiz kontsultatua: 2023-09-21).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]