Klimaseniorinnen Schweiz elkarteak Suitzaren aurkako afera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Klimaseniorinnen Schweiz elkarteak Suitzaren aurkako afera
MotaEpai
auzitegi prozedura
Argitaratze-data2024ko apirilaren 9a
HerrialdeaSuitza
Plaintiff (en) ItzuliAssociation of Swiss seniors for climate protection (en) Itzuli
Inputatua
AuzitegiaEuropako Giza Eskubideen Auzitegia
KlimaSeniorinnen taldekide batzuk 2023ko apirilan.
Elkarteko partaideak manifestazio batean, 2019an.

Klimaseniorinnen Schweiz elkarteak eta beste batzuk Suitzaren aurkako afera. 2024ko apirilaren 9an Suitzako Adineko Emakumeak Klima Babestearen Alde elkarteak (Verein KlimaSeniorinnen Schweiz) aurkeztutako eskaera baten ondoren Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hartu zuen erabakia izan zen. Erabakia Suitzaren aurka izan zen, gobernua ez zela behar beste egiten ari klima larrialdiaren aurkako neurriak hartzeko orduan. Une berean beste bi kasu (Duarte Agostinho eta beste batzuk Portugalen aurka eta Carême eta beste batzuk Frantziaren aurka) ezetsi egin zituen Auzitegiak, arazo formalengatik.

Epaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epaian zera esaten zen: Suitzako gobernua ez zela behar beste egiten ari klima larrialdiaren aurkako neurriak hartzeko orduan, nahiz eta, Giza Eskubideen Konbentzioak jasotakoa kontuan hartuta, hori egiteko «obligazioa» izan ebatsi zuen. Estrasburgoren epaiak, horrenbestez, estu hartu zuen Suitza, eta Europako beste herrialdeek auzi horretan hartutako politikei ere eragin diezaieke, auzitegiak jurisprudentzia ezartzen baitu.[1][2]

Ia aho batez hartu zuen erabakia auzitegiak, hamazazpi magistratuetatik hamaseik Suitzari kritika egitearen alde egin baizuten. Iruditzen zaie Giza Eskubideen Konbentzioaren 8. artikulua urratzen zuela Suitzak. «Konbentzioko 8. artikuluak hau du jasoa: estatu agintariek modu eraginkor batean babestea klima aldaketak bizitzan, osasunean, ongizatean eta bizi kalitatean dakartzan ondorio larri kaltegarrietatik». Auzitegiak uste du Suitzak ez zituela bere «betebeharrak» bete, eta «hutsune larriak» zeudela auziari dagokion legedia ezartzeko prozesuan.[1]

Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2.000 emakumezkok baino gehiagok osatzen dute Suitzako Gobernua auzitara eraman duen taldea —horien batez besteko adina 73 urte da—, eta iruditzen zaie klima larrialdiaren aurkako politikak sustatzen ez dituenez beren osasuna eta eskubideak arriskuan jartzen ari dela gobernua. Auziak sei urteko bidea egin zuen Suitzan, harik eta herrialdeko instantzia gorenera, Auzitegi Federalera, iritsi zen arte. Han galdu ondoren, kasua Estrasburgora eraman zuen KlimaSeniorinnen taldeak —euskaraz, Adineko Emakumeak Klima Babestearen Alde—.[1]

Garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaime Doreste, Ecologistas en Acción taldeko abokatua eta zuzenbide klimatikoan aditua: “Beste behin ere, gure adinekoen belaunaldiak planeta bizigarri batean, baita auzibidean ere, etorkizun iraunkorra defendatzeko bidea erakusten digu” esan zuen. “Ikuspegi juridikotik, lorpen eta aurrerapen nabarmena da Giza Eskubideen Europako Auzitegiak honako hau berresten duena:” Konbentzioaren 8. artikuluak Estatuko agintariek klima-aldaketak bizitzan, osasunean, ongizatean eta bizi-kalitatean dituen ondorio kaltegarri larrien aurrean babes eraginkorra izateko eskubidea biltzen du “, bai eta estatuek horri buruz dituzten betebehar positiboak ere”. Irene Rubiera, elkarte bereko abokatuaren hitzetan: “Mundu osoko gizarte zibil antolatuaren estrategia luze baten amaiera da garaipen juridiko hau, larrialdi klimatikoa auzitegietara eramateko estrategiarena, eta inflexio-puntu bat izango da mundu osoko zuzenbide klimatikoan.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]