Lan merkatua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Lan merkatua enplegu emaileen (lan eskaintzaile edo enplegu emaileak) eta soldatapeko lanaren bila ari diren pertsonen arteko harreman multzoak dira. Lan merkatuak beste motetatko merkatuengandik bereizten dituen ezaugarriak ditu (finantza, higiezin eta lehengaien merkatuak, etab); nagusiki lan eskubideak eta horiek sistematikoki bermatzeko beharra.

Ekoizpen prozesuak pertsonak behar ditu, lehengaiak eraldatuz produktuak sortzeko, manufaktura nahiz zerbitzuak izan.

Ekoizpen prozesuko pertsonok lanesku edo lan indarra izena hartzen dute, beren zerbitzuak, hau da, lan fisikoa edo intelektuala, prezio baten truke, edo soldata baten ordainean, eskaintzen dutelako. Lan indarra ekoizpen jardueran egin beharreko zereginak burutzen dituzten pertsonek osatzen dute. Lana, beraz, pertsona horiek ondasunak eta zerbitzuak lortzeko burutzen duten jarduera da.

Lan merkatua enpresen lan eskariek eta langileen lan eskaintzek osatzen dute. Merkatu hau berezia da, beste merkatuak ez bezalakoa, ikusiko ditugun kausa batzuengatik.

Lehenengo eta behin, lan merkatuan lan indarra ematen da soldataren truke.

Soldatak langilea bizitzeko eta ugaltzeko lain eman behar du, baita langilearen ondorengoak aurrera ateratzeko beste ere, pertsonek, makinez bestera, biziko badira, baliabideak behar baitituzte ondasunak eta zerbitzuak kontsumitzeko. Makinek, aldiz, nahikoa dute mantentze gastuekin eta amortizazio kuotekin, erabiliaren erabiliaz higatzen direnean ordezkatzeko. Beraz, soldata ez da lanaren ordainketa hutsa, horrez gainera langileek bizitzeko eta ugaltzeko duten errenta ere bai baita.

Ezaugarrien artean lan merkatua ez dela homogeneoa ere aipatu behar da. Aitzitik, gero eta segmentatuago dago, hala sektore ekoizleetan nola lanbide kategorietan, enpresa motetan, kontratu motetan... Hortaz, ez dago merkatu bakar bat, batzukbaizik, batzuetan esparru itxietan banatzen direnak. Adibide gisa, horra hor lan kualifikatuak, ez kualifikatuak, finkoak, aldi baterakoak etab. Horiek ikusita, ondorioztatu behar da kontratazio baldintzak ere segmentuaren arabera aldatzen direla eta, horregatik, oztopoak egoten direla langileen artean trukeak egiteko.

Bestalde, pertsona guztiak ez dira gai zeinahi lan egiteko. Baldintza sozialek, hezkuntzazkoek, kulturazkoek, fisikoek, araudiek etab. jende askori ez diote merkatuan sartzen uzten. Murrizketa horietaz gainera, gogoan izan behar dugu merkatuak ez dituela lanen bat egiten duten pertsona guztiak barruan hartzen, lanagatik soldata jasotzen dutenak baizik. Horrela, lan merkaturik landa geratzen dira, ongizatea eta aberastasuna handitzen laguntzen duten arren, merkaturatzen ez diren jarduera guztiak, esate baterako, ordaindu gabeko etxeko lanak. Egoera horretatik dator lan ugalgarriaren eta merkatu lanaren arteko banaketa, ondoren labur argitzen da.

Lan motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan ugalkorrak bere baitan biltzen ditu familia baten premiak asetzera bideraturiko ondasunak eta zerbitzuak sortzeko jarduerak.

Soldata baten truke egiten ez denez, ez da merkatuan sartzen. Alabaina, garrantzi kuantitatiboa du, eta balio kualitatiboaren aldetik funtsezkoa gertatzen da pertsona gehienen bizi maila bermatzeko. Etxe barruan egiten diren ordaindu gabeko lanak dira, etxeko lanak (elikadura, garbiketa, osasuna, babesa...) eta zainketak (umeak, gaixoak, adinekoak zaintzea). Horiek guztiak ordainduz gero, lan merkatuan sartzen dira, etxeko laguntzaileen eta abarren kasuan bezala. Lan ugalkorrari ?etxeko lan? ere deitzen zaio, eta ez da kontuan hartzen lan merkatuko estatistiketan, esan dugun bezala, merkaturatzen ez delako.

Merkatuko lanak dirua lortzeko egiten diren jarduerak biltzen ditu bere baitan.

Merkatua behar du, eta eskuarki onarturiko ordaintzeko bideak eskatzen ditu, adibidez, diruz ordaintzea. Soldatako lana eta autonomoa dira nagusiak.

Lan autonomoa egiten duen langileak bere lan prozesua kontrolatzen du, beraizanik erabiltzen dituen ekoizpen bideen jabea (ikus Ekoizpena). Gainera, ondasun edo zerbitzu kopuru txiki baten ekoizpenean espezializatzen da, batzuetan bakar batean, merkatuan diru truke saltzeko.

Gainerakoan, historian izan diren beste lan klase batzuk ere aipatu behar dira, garrantzitsuenak autoiraupen lana eta bortxazkoa izan dira.

  • Autoiraupen lana: denboran irauteko bizi maila lortzea xede bakarra duena.
  • Bortxazko lana: pertsona bati beste batentzat edo talde batentzat bortxaz lan eragitea. Esklabtasuna da adibiderik ezagunena, baina gehiago ere badira.

Lan merkatuari buruzko ikuspegi teorikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

kuspegi desberdinak eta elkarren kontrakoak daude lan merkatuaren funtzionamenduari buruz. Batzuk azalduko ditugu, neoklasikoa, keynesianoa eta marxista, langabezia bezalako gertaera kritikoaren gainean dituzten ikuspegiak aztertzeko asmoz.

Teoria neoklasikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teoria neoklasikoari jarraiki, lan merkatua kasu berezi bat da, lana bera baita oinarrizko input-a (ekoizpen faktorea). Halatan, oinarrizko beste input-ekin batera (lurra eta kapitala) parte hartzen du ekoizpen prozesu guztietan; bestela esanda, ondasun bat izanik, beste ondasunen antzera eskatzen da, beste ondasun batzuk eta zerbitzuak ekoizteko.

Hala ere, lan merkatuaren lehia perfektua beste edozein merkatutakoa bezalakoa da.

Lan merkatua enpresen lan eskariek eta langileen lan eskaintzek osatzen dute.

Enpresek laneskua eskuratu nahi dute beren ekoizpen prozesuetako ekoizpen faktore izan dadin; langileek lana saldu nahi dute diruarekin beste ondasun batzuk lortzeko.

Beraz, pertsona horiek egunero ordu batzuk soldata baten truke eskaintzeko moduan egon behar dute. Merkatu guztietan bezala, lan merkatua prezio jakin batekiko (soldata) orekara ailegatzen da, eskainitako kopurua eta eskatutakoa berdinak direnean (ikus Merkatua).

Neoklasikoen abiaburua da eskaintzak bere eskaria sortzen duela (Say-ren legea); horrenbestez, merkantzia guztiek eta lan guztiak zeinek eskatu aurkituko dutenez, enplegu betea egongo da. Langabeziarik baldin badago, borondatezkoa edo noizean behingoa izango da, lan egin nahi duen orok lana aurkituko duenez gero.Lan eskaintzari hiru aldagaik gutxienez eragiten diote: ? Orduko jasotzen den soldata; zenbat eta soldata handiago lan egiteko gertuago.

Pertsonak soldatatik kanpo dituen diru sarrerak; zenbat eta handiagoak izan hainbat eta txikiago izango da lana saltzeko premia.

Pertsonak aisian eta kontsumoan dituen lehentasunak, ordu gehiago edo gutxiago lan egitearen aldeko jarrera baldintzen dute-eta. Azpimarratu behar da neoklasikoen ikuspegitik lanak ez duela pertsonaren inongo alderik asebetetzen; ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko diru iturri hutsa da.

Neoklasikoen iritziz, azken bi aldagaiok emanda daude eta ez dira epe laburrean aldatzen.

Aldagai hauek baldintzaturik, diotenez, langileak bere eskaintza edo plana egiten du, eta erabakitzen du eskaintzen dioten soldataren arabera zenbat lan saldu nahi duen. Uste dutenez, oro har, soldata zenbat eta handiago hainbat eta lan ordu gehiago betetzeko prest dago langilea. Horregatik, soldata igo ahala, lan eskaintza ere gora joaten da.

Lan eskaria da enpresak soldata maila bakoitzeko kontratatzeko prest dauden langileen kopurua. Enpresek, ahalik eta mozkinik handienak antzeman nahi dituztelarik, epe laburrean teknologia maila eta instalazioak edo ekipoak aldatu ezin dituztenez,erabaki behar dute zenbat langile kontratuko dituzten ordaindu beharreko soldata jakin batek baldintzaturik. Logika horri jarraituz, zenbat eta soldata merkeagoak hainbat eta langile gehiago kontratatzeko prest egongo dira. Gainera, lanaren produktibitateari eta ekoizturiko ondasunen eta zerbitzuen prezioari ere begiratuko die.

Beraz, produktibitate handiak ahalbidetu dezake soldata hobea. Esate baterako, autoen ekoizpen prozesuan sartutako berrikuntza teknologiko batek ekoizkortasuna handitzen badu, modurik egongo da langileen soldata errebindikazioak onartzeko, baina autoen prezioen igoera eragin gabe.Lehia perfektuko merkatua (ikus Merkatua). Lanaren guztizko eskariak, hau da, enpresek eskatutako lan kopuru guztiak baturik, eta guztizko eskaintzak, hots, langileek egindako lan eskaintza guztiak baturik, osatzen dute. Cartesiar koordenatu batez adierazten da grafikoki: abzisetan lanaren kopurua jartzen da eta ordenatuetan soldata. Teoria neoklasikoaren irudiko, soldata beste aldagai bat da, ez eskaintzaileek ez eskatzaileek eragin ezin diotena.

Orekazko soldata bat izango da, eskaria eta eskaintza bat direnean. Kontrakoa gertatzen bada, ondasunen merkatuan bezala, gehiegizko eskaintzak eta eskariak egongo dira, hurrenez hurren, eskaintzak eskariak baino gehiago direnean eta eskariak eskaintzak baino gehiago direnean.

Teoria neoklasikoaren ustean, merkatua aske badabil eta prezioak (soldatak) malguak badira, merkatuak berak ezabatuko ditu gehiegizko eskariak eta eskaintzak, inork (sektore publikoak) esku hartu gabe.

Horrela, bada, eredu honetan ez dago langabeziarik, ezen langabezia soldaten zurruntasunak eragiten du.


Teoria honek aldezten du berezko langabezia tasa bat dagoela, merkatuen berezko mugikortasunaren ondoriozko langabeziak, beste lan bat aurkitzeko behar den denborak eta adoregabetu marjinalen taldeek sortzen dutena. Tasa hori eta lan merkatuaren oreka aldi berean gerta daitezke, soldata errealen gaineko tirabirarik sortu gabe, soldatak orekadunak dira eta.

Lan merkatuko desorekak lehia perfektuko baldintzak gertatzen ez direnean edo prezioen bilakaeraren gaineko aurreikuspenak okerrak direnean jazoko dira. Horregatik, soldata errealetan ahalik eta malgutasunik handiena eta lehia perfektuko baldintzak bermatuz, merkatuak berak joko du oreka egoerara eta, horrela, langabezia txikitzera.

Teoriak honek kritika ugari jaso ditu bere abiapuntuko hipotesiengatik. Izan ere, merkatua jotzen du berezko osagai bakartzat, eta ez merkatuan parte hartzen duten instituzioak eta erakundeak, kaltegarriakdirelakoan. Bestalde, merkatuaren hutsegiteak ez ditu kontuan hartzen. Nolanahi ere, autore neoklasikoek kritikek proposaturiko ideia batzuk bereganatu dituzte, baina ereduaren oinarriari eutsiz.

Lan eskaintza eta eskaria baldintzatzen dituzten aldagaien planteamendua da gehien kritikatu direnetariko bat, langileek eskainitako lanaren kopuruak ez baitu enpresarioen lan eskaria baldintzatzen, ezta langileek eskatzen dituzten prezioek (soldatek) soilik ere; aitzitik, enpresarioek mozkinak erdiesteko dituzten asmoek edo aurreikuspenek baldintzen dute lan eskaria.

Bestalde, enpresarien eskariak ere langileen eskaintza baldintzatzen du, lan eskaintza toki batean une jakin batean dagoen biztanleria aktiboak baldintzatzen baitu.

Horren ondorioz, eskaria eta eskaintza aldagai desberdinek baldintzatzen dituztenez, bietariko batean gertatzen den aldaketak ez dio automatikoki besteari aldaketarik eragiten.

Keynesiar teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Keynesiar teoriak, aurrekoak bezala sistema kapitalista onartu arren, errealitatetik ateratzen duen ondorioa da merkatua ez dela guztiz gai ekoizpen baliabide dendenak erabiltzeko. Hartara, ez dago arrazoirik, izan litezkeen ekonomiaren orekazko egoeretan ere, enplegua bete-betekoa izango litzatekeela aldez aurretik pentsatzeko.

Keynesiarrek, merkatua ez dela perfektua eta guztiz eraginkorra, hutsegiteak era badituela onartu ondoren, beharrezkoa ikusten dute merkatutik kanpo esku hartzea (esku hartze exogenoa), baita sektore publikoak ekonomian ere, hutsegiteak zuzendu eta enplegu betetik ahalik eta hurbilen egongo den orekara heltzeagatik.

Keynesiarrek enpleguari buruz duten teoriak dioenez, lan eskaintza baldintzatzen duten faktore batzuek epe labur batean galarazten dute soldatak enplegu mailen aldaketengatik malgutzea. Erlazio falta hori dela-eta, teoriak ondasun eta zerbitzuen merkatuan bilatzen ditu langabeziaren kausak eta izan dezakeen konponbidea.

Uste dute enpresen aurreikuspenek baldintzatzen dutela lan eskaria, hau da, merkatuan zenbat ondasun eta zerbitzu saltzea aurreikusten duten gogoan hartuta jokatzen dutela.

Eskaria ondasun eta zerbitzuen eskaintza baino txikiagoa denean, langabezia agertzen da, enpresek langile gutxiago kontratatzen baitute. Gainera, Keynesen iritziz, errenta batzuk ez dira gastatzen aurrezten baizik, neoklasikoek jarraitutako Sayren legearen kontra. Horrekin batera, desadostasun faltak gerta daitezke aurrezki eta inbertsioak egiteko hartzen diren erabakien artean, baita benetako eskariaren eta ekonomiak ekoizteko duen ahalmenaren artean ere. Beraz, orekara heltzen denean, enplegu betearen errenta mailatik behera izango da.

Horiek horrela, langabezia inork bilatu gabe agertzen da. Orduan, eskari agregatua sustatu behar da, langabezia eskari agregatuak berak eragin baitu behera egitean. Hortaz, Keynesek eta keynesianoek eskari agregatuaren osagaiak dinamizatzea proposatzen dute langabeziari aurre egiteko: inbertsioa, kontsumoa eta gastu publikoa Handik ondorioztatzen dute benetako soldatak ez direla jaitsi behar, aitzitik, igo egin behar direla, jaitsiz gero, kontsumitzaileen errentak ere behera egiten duenez, eskari agregatuak beheranzko joera hartzen baitu.Egile postkeynesiano batzuek aldaketa teknologikoak langabezian duen eragina kontuan hartu dute, konturaturik aldaketa teknologikoak lanaren produktibitateari eragiten diola. Produktibitatea horrela handitzen denean, ekoizpena eta langabezia handituko dira. Horren ondorioz, eskari agregatua handitu beharko da langabeziak gora ez egiteko. Zernahi gisaz, Mendebaldeak mozkinak, langabezia eta segurtasunik gabeko enplegua aukeratu ditu, teknologiak eragindako produktibitatea handitu denean.

Langabeziaren gaineko teoria marxista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langabeziaren gaineko teoria marxistak faktore estrukturalak aztertu ondoren, sistema kapitalista bera egiten du langabeziaren sortzaile. Marxisten iritziz, enplegu mailak mozkinei loturik daudelarik, merkatuek eta politika ekonomikoek garrantzi handiagoa ematen diete mozkinei enplegu beteari baino. Kapitalismoan, oro har, inbertsioak baldintzatzen du enplegua, eta itxaroten den mozkinen tasak baldintzatzen du inbertsioa. Horrela, soldatak kontrolatu behar dira mozkinen tasa behera ez etortzeko.

Langabezia da soldatak kontrolatzeko tresnetariko bat, zeren, nahiz eta eskari agregatuari kalte egin, lanaren kostuak gutxitu eta langileen esplotazioa handitzeko bidea ematen baitu. Horregatik, sistema kapitalistak berezkoa du langabezia, langile klasearen negoziatzeko ahalmena ahulduz, klasea bera bananduz eta gehiago esplotatuz, kapitala dutenei mozkin gehiago ateratzeko komeni zaie-eta.

Kontratuak eta soldatak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, batez ere lan kontratuak arautzen ditu lan merkatuko harremanak.

Lan kontratua, oroz gain, dirua agintearen truke emateko akordio bat da. Kontratuak zenbait muga jartzen dio lan indarra erabiltzeari, tokian tokiko araudiek eta negoziazioek ezarritakoari jarraituz. Adibidez, enplegatzaileak ezin du langilea behartu mezatara joaten, ez eta lanari lotu gabeko kirol bat egiten ere. Kontratuak langileen betebeharrak ere jasotzen ditu, ordutegia, garaiz iristea, lantokian egotea...

Lanaldi osoko kontratua: egun, espainiar estatuan, adibidez, asteko legezko lanaldia 40 ordukoa da. Lanaldi hori ?lanaldi osoa? da, eta horretarako izenpeturiko kontratua ?lanaldi osoko kontratua?. 40 ordutik beherako lanaldia ezartzen duten kontratuak ?lanaldi partzialeko kontratuak? dira.

Soldata: enpresek pertsonen lan egiteko gaitasuna alokatzeko ordaintzen duten prezioa da. Langileek jasotzen dutena da, baina ez langileek zuzenean hartzen duten soldata bakarrik (soldata garbia); horrez gainera, soldatak, enpresek egiten dituzten atxikipenak ere biltzen ditu, hau da, zuzeneko zergak ordaintzeko direnak (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga) eta langileek Gizarte Segurantzari ordaintzen dizkiotenak. Beraz, soldata gordina enpresak ordaintzen duen guztia da, parte bat langileei zuzenean, beste parte bat, Espainiaren kasuan, Ogasun eta Gizarte Segurantzako Ministerioari.

Lan merkatuaren gaur egungo ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orain arte ikusi duguna gogoan badugu, ohartuko gara lan merkatua berezia dela eta modu desberdinez funtzionatzen duten beste merkatu batzuek osatzen dutela. Haren ezaugarri batzuk ulertuz gero, hobeto jabetuko gara haren funtzionamenduaz.

Hasteko, ezaugarrietariko bat azpimarratuko dugu, lan segmentazioa hain zuzen, lan merkatuko desberdintasunek eragindakoa.

Arrazoi desberdinek segmentatzen dute merkatua, eta merkatu profesionalak egotea da garrantzitsuenetariko bat. Merkatu profesionaletan sartzeko aurretik prestakuntza jakin bat behar denez, mugaturik daude barruan sortzen diren lanpostuez jabetzeko aukerak. Jatorriz, eskulangintzaren mugak ziren, pertsona jakin batzuei baizik ez baitzitzaien prestakuntza ematen. Gaur egungo mugak, ordea, Unibertsitateko goi mailako karrerek ezartzen dituzte (Zuzenbideak, Medikuntzak, Ekonomiak etab.), ematen duten titulua lanbide batzuetan jarduteko ezinbestekoa denez geroztik.

Beste eragile batzuek ere segmentatzen dute lan merkatua, eta barruko nahiz kanpoko (edo bigarren mailako) merkatuak sortu. Barruko merkatuaren kasuan, langileek lanpostu egonkorrak dituzte, barne sustapeneko eskubidea dute eta, batzuetan, plaza hutsak langileen senideek edo lagunek betetzen dituzte. Kanpoko merkatuan, ordea, aldi baterako lanak, ezegonkortasunak, kontratua amaitu ondoren kaleratua izateko arriskuak agintzen dute, eta, horregatik, txarragoak dira, besteak beste, soldatak eta gizarte babesak.

Lan malgutasunaren arazoa, bada, bigarren mailako merkatuei loturik dago, enpresarioen interesen kariaz oroz gain. Malgutasunaz baliatu nahi dute langileen kopurua nahiz lan orduena hala ekoizpenaren beharrari, nola merkatuan produktuak dituen aldaketei, egokitzeko, adibidez, langile kaleratzeak merkeago eginez. Lan malgutasuna bigarren mailako merkatua ari da bultzatzen eta, beraz, iraupenari dagokionez, kontratuen iragankortasuna. Espainiar Estatuan, XX. mendearen amaieran, soldatapeko langileria osoaren heren batek aldi baterako kontratua du.

Segmentazioaren beste ezaugarri bat lan bereizkeria da. Langile talde batzuek eragozpen handiagoak dituzte lanpostu egonkorrak nahiz aldi baterakoak lortzeko. Gainera, aurkitzen dutenean ere, sarriago, segurtasunik gabekoa izaten da (aldi baterakoa, ezegonkorra, gizarte babes urrikoa...).

Bereizkeriaren kausa enpresek lanpostu batzuk betetzerakoan dituzten irizpideetan bilatu behar dugu, batez ere lanpostu teknikoei bagagozkie. Sarritan, talde batzuen aurkako aurreiritziek gidatzen dituzte aukeraketak, eta emakumeak, langile klaseko gazteak, etorkinak, gutxiengo etnikoak etab.. zaten dira galtzaile. Azkenik, beste kalte batzuen artean, gutxiago kobratuko dute lan beragatik eta ez dute enpresan aurrera egiteko aukerarik izango.

Ezaugarri horiekin batera langabeziaren arazoa dator. 1970eko hamarkadaz geroztik gero eta orokorrago bilakatu da, halako moduan non gure artean Europako Batasunaren batez bestekoa eta Ekonomia Lankidetza eta Garapeneko Erakundearena (ELGE) baino bi digitu gehiago izatera heldu baita (ikus Nazioarteko Merkataritza).

Langabezia masiboa mende amaierako arazo sozialik larrienetariko bat da. Haren ondorioei begiratzen badiegu, aipatu behar dugu lan merkatua malgutzeko politikak gogortu direla eta enpresarioek presioa handitu dutela gobernuek lan merkatua arauetatik aska dezaten (desarauketa), alegia, lan baldintzak erregulatzen dituzten arauak gutxitzeko, horrela ustiaketak gora egin dezan.

Gaur egungo langabezia ez da egoerak eragina bakarrik. Egoerak eragindako langabeziaren kasuan langileak enplegu berri bat bilatzen ari dira, eta aurkitu egingo dute lanpostu hutsen eta langabetuen arteko informazioa eta prestakuntza hobetzen bada.

Baina egungo kasuan, egiturak eragindako langabezia gero eta handiagoa da. Egiturazko langabezia dagoenean, langabetuen prestakuntza, trebetasunak eta kokapena ez datoz bat enplegu eskaintzarekin, sarritan, teknologiagatik edo inportazioengatik gainbeheran dagoen industria baterako prestatuta daudelako. Horrelako langileen arazoa konplexuagoa denez, administrazioaren esku hartze eraginkorra eskatzen du.

Lan merkatua malgutzeko eta desarautzeko prozesuari loturik, langabezia masiboaren gorakadarekin batera, lan merkatuko bitartekari asko agertu dira. Bi enpresa mota daude. Enpresa batzuek mozkinik ateratzeko asmorik gabe dihardute lanpostuabilatzen dutenen eta enpresen arteko bitartekari lanean. Normalean publikoak dira, INEM eta EGAILAN bezalakoak. Beste batzuk aldi baterako laneko enpresak dira, merkatuan mozkina ateratzeko parte hartzen dutenak; langileak aldi baterako kontratatzen dituzte beste enpresa batzuetan lan egiteko.

Biztanleria lan estatistiketan nola sailkatzen den[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo eta behin gogoan izan behar dugu horrelako estatistikek soldatako lanaren ekonomia bakarrik hartzen dutela kontuan. Ekonomia horretan, biztanle gehienek beren lana alokatzaileei eskainiz lortzen duten diruaz, inoiz jeneroez, beren beharrizan gehienak asetzen dituzte, nahiz eta beharrizanen beste parte bat lan ugarkor autonomoaz asebete behar duten. Baina soldatako lana halako moduan orokortu da, non, maiz, lan guztia bailitzan hartzen den, ahazturik merkatuz besteko jarduera batzuk ere lan direla. Ondoren ikusiko dugunez, huts hori estatistika gehienek egiten dute.

Estatistika ofizialetan, lurralde bateko guztizko biztanleria osatzeko ekonomia jardueraren aldetik aktiboa den biztanleria (normalean ?biztanleria aktibo?) eta biztanleria ez aktiboa batzen dira.Biztanleria aktiboa neurtzeko modu desberdinak daude. Gure inguruan, Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN/INE) egiten duen Biztanleria Aktiboaren Galdeketa (BAG/EPA) eta Euskal Estatistika Erakundearen (EUSTAT) Biztanleriaren Jardueraren arabera Sailkatzeko Galdeketa (BJA) daude.

EPAren lagina 62.000 etxebizitzetan egindakoak dira. Hiru hilabetetik behin egiten da, 1976az geroztik. Ondoko egoera hauetan dauden pertsonen kopurua kalkulatzen du: langileak, langabetuak eta pertsona ez aktiboak.

Biztanleria Aktiboaren Galdeketarentzat, ekonomia jardueraren aldetik aktiboa den biztanleria baldintza batzuk betetzen dituzten 16 urtetik gorako pertsonek osatzen dute: lan egiten dutenak edo langabezian dabiltzanak, langabetutzat harturik lan egiteko prest daudenak edo ondasun eta zerbitzuen ekoizpen prozesuan parte hartzeko gestioak egiten ari direnak. Hortaz, biztanleria landunaren (kobratzen dutenak, eliz jendea barne) eta langabetuen (lan ordaindu baten bila dabiltzanak) batuketa da.Ekonomia jardueraren ikuspegitik ez aktiboa den biztanleria lanean edo langabezian ez dabiltzan 16 urtetik gorako pertsona guztiek osatzen dute. Kategoria hauek ditu: lan ugalkorrez arduratzen direnak, hau da, ordaindu gabeko etxeko lanez (normalean, etxekoandreak), ikasleak, erretiratuak eta pentsiodunak, soldatarik gabeko gizarte lanak edo ongintzakoak egiten dituztenak, ezgaituak, presoak eta bestelako egoera berezietakoak.

Kontzeptu honek biltzen dituen kategoria oso zabal batzuk ez dira langabeziakotzat jotzen, uste izanez kategoria horietako pertsonak ez dabiltzala enplegu bila. Baina litekeena da, neurri handi batean, enplegu bila ez ibiltzeko arrazoia etsipena izatea, lanik ez dutela aurkituko uste sendoarekin bizi badira.Biztanleria landuna osatzen duten 16 urtetik gorako pertsonek elkarrizketaren aurreko astean soldatako lanen bat egin behar izan dute edo beren kontura lan egin.


Beraz, aste horretan ordubetez gutxienez soldata, enpresa onura edo familia irabazia lorturik nolabaiteko jarduera burutu dutenak dira landunak Biztanleria Aktiboaren Galdeketarentzat. Halaber, landunak dira lanik egin ez arren, lantokian egon gabe, lanari sendo loturik daudena pertsonak, lanean ez ibiltzeko arrazoia desagertu orduko (gaixotasuna, lan utzialdia etab.) lanera itzultzeko direnez.

Biztanleria Aktiboaren Galdeketak, bada, astero ordubete lan egiten duen langilea landuntzat hartzen duenez, beharrezkoa da ?azpienplegu? kontzeptuaz ere baliatzea, lan egiteko beste aukera batzuk izanez gero ordu gehiago lan egingo luketen pertsonen egoera definitzeko. Halatan, besterik ezean lanaldi partzialean ari den pertsona azpienpleguan dabilela esan beharko da.

Biztanleria langabetua osatzen duten 16 urtetik gorako pertsonak elkarrizketaren aurreko astean lanik gabe egon dira, baina beharrezkoa da aurreko hilean lan bila ibiliak izatea edo elkarrizketaren egunetik hasi eta aste biko epean lan egiteko prest egotea. Kasu egin behar diogu elkarrizketa batean pertsona guztiek egia esaten ez dutelako usteari; beraz, datuek ez dute %100eko fidagarritasuna.

Legez aitortu gabeko enplegua edo ezkutuko enplegua izaten da gezurrezko erantzunen eragile garrantzitsu bat. Ezkutuko enplegua gertatzen da enpresek langileak legezko araudiei jarraitu gabe kontratatzen dituztenean, orduan abantailaz jokatzen baitute merkatuan, kostu batzuei aurre egin gabe: zergei, kotizazio sozialei...Ezkutuko enpleguak ezkutuko ekonomia sortzen du, eta hori oztopoa da lurralde bateko langabezia zehaztasunez kalkulatzeko.

Dena dela, uste denez, EPAren datuek badute espainiar Estatuko langabeziaren egoera ezagutzeko fidagarritasunik.

Enplegu Institutu Nazionalak (INEM) ematen dituen langabeziako datuak ere hor daude, baina enplegu bila dabiltzala INEMeko zerrendetan izena emandako pertsonak zenbatzen dituzte soilik. Langabezia saria kobratzen edo INEMen eskutik prestakuntza hartzen ibili ezik, zerrenda horietan izena ematea derrigorrezkoa ez denez, argi dago horiek datu partzialak direla.

Langabezia kalkulatzeko moduok izen bana dute: hurrenez hurren, langabezia estatistikoa eta langabezia erregistratua.

Langabezia estatistikoa galdeketen bidez kalkulatzen da, elkarrizketetan emandako erantzunetan oinarriturik, INEk EPAren kasuan eta EUSTATek BJArekin (ikusi beherago) egiten duten bezala.

Langabezia erregistratua enplegu erakunde batean izena emandako pertsonen errolda bat da, INEMen kasuan bezala.

Lan merkatuaren gaineko datu estatistikoen analisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balio estatistikoak edo tasak: lurralde bateko landun pertsonen edo langabetuen gaineko datuak eskueran izanez gero, beste toki batekoekin erkatu nahi baditugu, bi modu ditugu: ? Kopuruak erkatzea: adibidez, langabetuak milako edo milioikoetan (balio absolutuak).

Biztanleria aktiboaren gaineko proportzioak erkatzea.

Balio absolutuez egindako konparazioak ez dira oso baliagarriak, estatuen biztanlerien arteko desberdintasunak oso handiak izaten direnez. Adibide bat emanez: Indiako eta Belgikako langabetuen kopuruak erkatzea alfer lana da, estatu bakoitzaren guztizko biztanleriari kontu egiten ez badiogu. Horrexegatik erabiltzen dira jardueradunen eta langabezia tasak, egoera horietan dagoen biztanleriaren portzentajea adierazi beharrez.Definizio hauen arabaera, langabezia tasa ez du langabetu kopuruaren bilakaerak soilik baldintzatzen, aldiz, biztanleria aktiboaren bilakaerak ere baldintzatzen du.

Izan ere, lanen kopurua jaisten denean, pertsona askok alde egiten dute lan merkatutik eta, orduan, ez dira aktibotzat jotzen, zeren, adorerik gabe, ez baitute epe laburrean enplegurik bilatzen. Horrela, biztanleria ez aktibo bihurtzen dira. Egoera horri ?langile adoregabeena? deritza eta, ikusi dugunez, biztanleria aktiboari eta, hortik, langabezia tasari eragiten dio.

1999 urteaz geroztik Europako Batasuneko enplegua eta langabezia neurtzeko sistemak bateratu dira, Lan Indarraren gaineko Galdeketa (European Labour Force Survey) delakoaren bidez estatu kide guztien galdeketak homologatu dituzte eta.

Ereferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]