Landare eraldatzaile
Landare eraldatzaile landare aloktonoen naturalizazio prozesuaren maila bat da, ekosistema baten hedapenari dagokionez, ekosistema horren eremu garrantzitsu bateko izaeran, egoeran edo forman aldaketak eragiten dituzten landare inbaditzaileak dira. Beraz, ekosistemetan inpaktu nabarmena duten landareak dira.
Ekosistema naturalei eta erdi-naturalei soilik aplikatzen zaien termino ekologikoa da.
Landare eraldatzaileak kanpotik etorritako landareen kolonizazioaren azken fasea dira. Izan ere, bertakoa ez den espezie batek lurralde batera iritsitakoan eraldatzailea izan baino lehen hiru etapa igarotzen ditu:
- Sarrera. Toki berri batera heltzen diren landare guztiak ez dira erraz zabaltzen eta haien agertzea kasuala izan daiteke, hau da, populazio iraunkorrak sor daitezke, baina populazio horiek ez dute denbora luzean irauten.
- Naturalizazioa edo bertakotzea. Populazio horiek, bere kabuz (gizakiaren laguntzarik gabe), hainbat belaunaldiz mantentzen badira, landare horiek bertakotu edo naturalizatu direla esaten da.
- Inbasioa. Bertakotutako landare guztiek ez dute inbasiorik sortzen. Inbaditzaileak izateko ale berriek kopuru handitan eta hasierako landare parentaletatik nolabaiteko distantziara landare naturalizatuak sortu behar dituzte, sarritan, gainera. Kolonizatutako eremu berriak asko direnean eta ekosistemak eraldatzen direnean, inbasioaren fase gorena gertatzen da, eta landare inbaditzaileak eremu horien eraldatzaile suertatzen dira.
Gaur egun, ziurtasun handiz esan daiteke klima-aldaketak jatorrizko komunitateak eraldatuko dituela. Ondorioz, ekosistemen funtzionamendua aldatu egingo da, eta horrek inbasio biologikoen arriskua handituko du.[1]
Landare eraldatzaileak Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian, besteak beste, zerrendako landare exotiko hauek heldu dira landare eraldatzaile izatera:
- Buddleja davidii
- Carpobrotus edulis
- Conyza canadensis,
- Fallopia japonica
- Helianthus tuberosus
- Oenothera glazioviana
- Paspalum dilatatum
- Robinia pseudoacacia
- Spartina alterniflora
- Cortaderia selloana
Inbasio biologikoak saihesteko gomendioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landare inbaditzaileak sartzeko bide ugari dago, baina horietako batzuk ixteko moduak badira[2]:
- Hobe espezie exotikoak ez erostea.
- Eskualde batean arrotzak diren espezieak ez askatzea.
- Bidaietatik izaki bizidunik ez ekartzea.
- Lorategian bertako espezieak landatzea eta hori baino lehen aholkua eskatzea. Espezie autoktonoak paisaian integratzen dira, merkeagoak dira, eta, inguruko klimara eta lurzorura egokiturik daudelako, iraunkorragoak dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Capdevila-Argüelles, Laura. (2011). Cambio climático y especies exóticas invasoras en España. Diagnóstico preliminar y bases de conocimiento sobre impacto y vulnerabilidad. Documento de síntesis.. Madrid: Ministerio de Medio Ambiente y Medio Rural y Marino..
- ↑ (Gaztelaniaz) Oskoz, J.. (2022). Código de conducta. Prevención de la introducción y dispersión de flora y fauna exótica invasora: agentes ambientales. LIFE INVASAQUA © ISBN 978-84-313-3753-7..
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- EAEko flora aloktono inbaditzailearen diagnosia. Bilbo: Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza. Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila. Eusko Jaurlaritza, 16-17 or.
- GEIB (2006) TOP 20: Las 20 especies exóticas invasoras más dañinas presentes en España. GEIB, Serie Técnica N.2. Pp.: 116.
- Lista actualizada de especies exóticas con un alto riesgo potencial de invasión de las aguas continentales ibéricas. Francisco J. Oliva Paterna et al. LIFE INVASAQUA (2020). ISBN: 978-84-123500-3-6
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Grupo Especialista en Invasiones Biológicas
- Global Invasive Species Programme (GISP)
- Global invasive species database
- IBERMIS. Iberiar Penintsulako uretako espezie inbaditzaileen plataforma
- Espezie exotikoak turistak ala inbaditzaileak? Ingurumen hezkuntzarako baliabidea.