Lankide:AneLeireEHU/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Espainiako Konstituzioaren 10. artikulua, Espainiako 1978ko Konstituzioaren atal dogmatikoan dago kokatuta. Zehazki, I.Tituluaren lehen artikulua da, oinarrizko eskubide eta eginbeharrei buruz hitz egiten duena.

10. artikulua:

  1. Gizakiaren duintasuna, hari datxezkion eskubide bortxaezinak, nortasunaren garapen askea, legearekiko eta gainerakoen eskubideekiko begirunea politika- ordenaren eta gizarte-bakearen oinarri dira.
  2. Konstituzioak onartzen dituen oinarrizko eskubide eta askatasunei buruzko arauak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eta Espainiak berretsi dituen nazioarteko itun eta hitzarmenen arabera interpretatuko dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsonaren duintasuna eta hari datxezkion eskubideak, ordena politikoaren eta gizarte-bakearen oinarri gisa, ez dira espresuki aitortzen Espainako konstituzio historiko askotan; hala ere, egia da 1812ko Konstituzioan aurrekari bat topa daitekeela. Izan ere, Konstituzioaren 4. artikuluaren arabera, "Nazioa behartuta dago lege jakintsu eta bidezkoen bidez kontserbatu eta babestera hura osatzen duten gizabanako guztien askatasun zibila, jabetza eta gainerako eskubide legitimoak". Beste aurrekari argiago bat, balio juridiko txikia badu ere, 1873ko Lehen Errepublikaren Konstituzio Federalaren Proiektuan aurki dezakeguna da. Izan ere, Proiektu honen Atariko Tituluan hainbat eskubide jasotzen dira, pertsona orori aitortzen zaizkionak, eta horien artean dago bizitzaren duintasunerako eskubidea.

Diktadura frankistan ere, pertsonaren duintasunari buruzko aipamenak aurkitu ahal genituen zenbait Oinarrizko Legeetan (Espainiarren Foruko 1. artikulua eta Estatuko Lege Organikoko 3. artikulua).

Konstituzioan aitortutako Eskubide eta askatasunak interpretatzeko nazioarteko tratatu eta akordioen edukia erabiltzeari dagokionez (artikulu honen bigarren paragrafoan jasoa), Espainiako Bigarren Errepublikaren 1931ko Konstituzioan aurreikusitakoa da konstituzionalismo historikoaren aurrekari bakarra, zehazki, 7. artikuluan, honako hau ezartzen baitu: "Espainiako Estatuak men egingo die nazioarteko zuzenbidearen arau unibertsalei, eta bere eskubide positiboan txertatuko ditu".

Gizakiaren duintasunaren aitorpen arrazionala, Bigarren Mundu Gerraren ondoren gertatzen da batez ere, eta, hain zuzen ere, giza eskubideei buruzko nazioarteko testuetan jasotzen da lehen aldiz, ondoren konstituzio desberdinetara hedatzeko. Nazio Batuen Batzar Orokorrak 1948ko abenduaren 10ean onartu eta aldarrikatutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala ezinbesteko oinarria izan zen pertsona guztiak beren duintasunaren arabera bizi ahal izango diren mundu bat sortzeko.

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Konstituzioaren 10. artikuluaren azterketari dagokionez; lehen atalean, pertsonaren duintasuna berezko balio gisa aipatzen da, gizabanako bakoitzak bere bizitza modu kontzientean eta arduratsuan zuzentzeko duen eskubidea barne hartzen duena, gainerakoengandik zor den errespetua jasoz (53/1985 KAE, 3. oinarri juridikoa). Duintasuna "minimum" zauriezin gisa aurkezten da, eta ordenamendu juridiko orok bermatu behar du, eta aldaezina da pertsonaren egoera edozein dela ere, eta hura babesteko funtsezko eskubideen multzoa osatzen du.

10.1 artikulua, ezinbestez, 1.1 artikuluaren bigarren zatiari lotu behar zaio, hau da, Konstituzioan aipatzen diren zuzenbidearen balio nagusiei: askatasuna, justizia, berdintasuna eta politika-aniztasuna babesten ditu, bere zuzenbide-antolamenduaren balio nagusitzat harturik. Lotura horren arrazoia garbia da: ez dago gizakiren duintasunik askatasun, justizia, berdintasun eta politika-aniztasunik gabe.

Giza duintasunaren funtsezko ezaugarriak, laburbilduta, hauek dira: beste izaki batzuen aurrean duen nagusitasun kualitatiboa, haren mailarik gabeko unibertsaltasuna, zuzenbide positiboan daukan oinarria, eta hil arte ukaezina eta xedaezina izatea.

10. artikuluak, esan bezala, duintasunari lotutako alderdiak jorratzen ditu, hala nola, ordena politikorako eta bake sozialerako funtsezkoak diren nortasunaren garapen askea eta eskubide bortxaezinak. Mugak ezartzen ditu eskubide horiek baliatzerakoan, eta legea eta besteen eskubideak errespetatzen dituela azpimarratzen du.

Hala ere, 10.2 artikuluaren bidez, ez zaie konstituzio-mailarik ematen Nazioarteko Tratatuetako eskubideei, Konstituzioan jasota ez badaude. Konstituzio Auzitegiak, 36/1991 KAEn, argitzen du xedapen horrek lotzen dituela oinarrizko eskubide nazionalak Espainiak parte hartzen duen nazioarteko itunekin, autonomia konstituzionalik eman gabe, baina Konstituzioaren interpretazioa bideratzen duela itun horien arabera. Beste era batera esanda, nazioarteko itunak konstituzionaltasun-kanon autonomo bihurtzen ez badira ere, eragina dute 10.2 artikuluaren arabera oinarrizko eskubideen interpretazioan.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

A-1978-31229 Constitución Española. (1978, Diciembre 29). BOE.es. Retrieved December 15, 2023, from https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-1978-31229