Lankide:Aneau

Wikipedia, Entziklopedia askea

Lorand Eötvös[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lorand Eötvös (1848ko uztailaren 27a-1919ko apirilaren 8a) ingenieriari, fisikari, matematikari eta politikari hungariarra izan zen. Grabitazioan eta gainazal-tentsioan egindako lanagatik gogoratzen da, baita bere izena daraman tortsio-balantzaren  asmakuntzagatik ere. Likidoen gainazaleko tenperaturaren araberako energia-aldaketen inguruko lege bat zor zaio. Berari esker antolatu ahal izan ziren “Eötvös Olinpiadak”, zeinak Nazioarteko Olinpiada Matematikoaren aintzindariak izan ziren.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1848an jaio zen Budan, Hungariako Iraultzaren urtean, hain justu. Agnes Rosty de Barkócz (1825-1913) eta  József Eötvös (1813-1871) zituen guraso. Bere ama, Agnes Rosty de Barkócz, jatorriz Vas konderrikoa zen Rosty de Barköckz familia noble ospetsuko kidea zen.  Bere aita, hots, József Eötvös, berriz,  idazle, poeta eta politikari hungariarra izan zen, zeinak paper garrantzitsua izan zuen XIX. mendeko hungariako bizitza intelektual eta politikoan. Iraultzatik sortutako gobernu independente berriko hezkuntza ministro izan zen. Bere osaba, Pál Rosty de Barkócz (1830-1874) zen, argazkilari eta abenturazalea.

Lorand Eötvósek Zuzenbidea ikasi zuen, 1865ean graduatu zelarik, baina segituan egin zuen fisikara jauzi. Atzerrian jarraitu zituen bere ikasketak, Heidelberg eta Königsberg-eko unibertsitateetan, zehazki. Doktoretza lortu ondoren unibertsitateko irakasle bihurtu zen  Budapesten eta paper garrantzitsua izan zuen Hungariako zientzian ia mende erdiz. Kapilaritatean burutu zuen lan berritzaileagatik izan zen lehen aldiz goraipatua internazionalki eta ondoren, bere metodo esperimental finduengatik zein eremu grabitatorioen azterketagatik.

1875ean Gizella Horváthekin (1853-1919), kroaziako Justizia ministroaren alabarekin, ezkondu zen eta hiru alaba izan zituzten: Jolan (1877-1879), Rolanda (1878-1952) eta  Helena(1880-1945).

1886tik bere heriotzara arte Budapesteko unibertsitatean irakaskuntzan ez ezik, ikerkuntzan ere aritu zen. 1850etik bere izena darama Budapesteko unibertsitateak, ordutik “Eötvös Loránd University” izena baitu bere omenez.

Unibertsitatez kanpo, Hezkuntza ministro izan zen eta baita Hungariako Zientzia akademikoa lehendakari ere.  Halaber, Hungariako Matematika eta Fisika Elkartearen sortzaile eta lehendakari izan zen. Mendizale sutsua zen.

1919ko apirilaren 8an hil zen 70 urte zituela Budapesten eta bertako Kerepesi hilerrian aurkitzen da bere gorpua.

Ekarpen zientifikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eötvösek fisika teorikoarekin lotutako lan anitz garatu zituen, eta ingeniari gisa, fisika aplikatuarekin lotutako gaietan zentratu zen bereziki.

Tortsio-balantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eötvösen tortsio-balantza, tortsio-pendulu gisa ere ezagutua, lurrazala osatzen duten elementuek duten dentsitate desberdinaren ondorioz eremu grabitatorioan gertatzen diren aldaketak zehaztasunez neurtzeko gai den tresna da, zeina aurretik existitzen zen tresna baten hobekuntza den.

Gailuak grabitatearen indarra neurtu ez ezik, grabitatearen aldaketak plano horizontalean duen norabidea ezagutzeko aukera ere ematen du, horrek lurrazaleko masen banaketa irregularra aurkitzeari bide ematen diolarik. Eötvösen bihurdura-balantza nazioartean geodesian eta geofisikan Lurraren propietate fisikoak aztertzeko erabiltzen den tresna garrantzitsua da. Meategien prospekziorako erabiltzen da eta baita hainbat mineralen bilaketarako, esaterako: petrolioa, ikatza eta beste mea batzuk. Balantza sekula patentatua ez izanagatik, bere zehaztasuna frogatu ostean, hainbat instrumentu mundu osora esportatu ziren, horrela Estatu Batuetako meatze-hobi aberasgarrienetariko batzuk aurkitu zirelarik.

Eötvösen pendulua masa inertzialaren eta masa grabitatorioaren arteko baliokidetasuna zehaztasunez frogatzeko erabili zen. Baliokidetasun hori geroago erabili zuen Albert Einsteinek erlatibitate orokorraren teoria azaldu zuenean.

Aipatu pendulua kalibratze aldera 1891ean hainbat neurketa burutu zirela Sag mendiaren inguruan; izan ere, mendi honek bereziki erregularra zen kono baten forma zuen eta hori lagungarria zen espero zen efektua kalkulatzeko.

Eötvös efektua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eötvös efektua gorputz batek Lurraren ekialderantz edo mendebalderantz egindako mugimenduaren ondorioz sortutako azelerazio zentrifugoaren aldaketak eragindako neurtutako grabitate-indarraren aldaketa da.

Objektu bat ekialderantz mugitzen denean, objektuaren abiadura angeluarra handitu egiten da (Lurraren errotazioari gehituz), eta, beraz, indar zentrifugoa ere handitu egiten da, hautematen den grabitate-indarraren murrizketa eraginez.

Eötvös araua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lege honek edozein tenperaturatan likido puru baten gainazaleko tentsioa aurreikusteko aukera ematen digu, bere dentsitatearen, masa molarraren eta tenperatura kritikoaren arabera. Puntu kritikoan nulua da gainazaleko tentsioa.