Budapest
Budapest Hungariako hiriburua, hiri handiena eta herrialdeko administrazio, politika, industria zein merkataritza gune nagusia da[1]. Danubio ibaiak bainatzen dituen Buda eta Pest hiriguneek osaturik dago. Turismogune garrantzitsua da, bainuetxe, museo eta hainbat garaitako jauregi eta elizak dituena. 2010ean 1.733.685 biztanle zituen[2], Hungariako biztanleri osoaren %17.
Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zeltek eraiki zuten Ak-Ink (euskaraz, Ur ugaria) izeneko gunea, K. a. 1 urtea baino lehen. Ondoren erromatarrek konkistatu zuten, Aquinqum izena jarri zioten eta Behe Panonia probintziako hiri garrantzitsuena bilakatu zen. Besteak beste, erromatarrek errepideak, bainuetxeak, anfiteatroak eta berokuntzaz hornitutako etxeak eraiki zituzten.
IX. mendearen amaieran hungariarrek konkistatu zuten eta Hungariako Erresuma sortu berriaren hiriburu izendatu zuten 1361ean, Buda izenez. Béla IV.a Hungariakoak bere jauregia hiriaren gainaldean eraiki zuen.
Errenazimendu garaian (XV eta XVI. mendeak) Italiako artearen eragin nabarmena jaso zuen. Hungariako erresuma ahultzen joan zen, nekazarien matxinadak bultzatuta; aldi berean, Otomandar Inperioa indartzen ari zen eta 1541ean otomandarrek Hungaria gehiena konkistatzea lortu zuten.
1681ean Europako herrialde kristauetako armadek otomandarren aurkako ofentsiba egin zuten Hungarian. 1699rako otomandarrak Hungariatik kanporatu zituzten eta Hungaria Austriako Inperioaren barnean sartu zen. Bateratze horren ondorioz, nazionalismoa indartu egin zen eta 1848an austriarren aurkako matxinada bat egin zuten, Hungariak bere independentzia aldarrika zezan. Altxamenduak porrot egin zuen eta Austriaren erantzuna bortitza izan zen.
1867an Austriako inperioak Hungaria maila bereko kidetzat onartu zuen eta Austria-Hungariako inperioa sortu zen. Budapest, Vienarekin batera, inperioko hiriburu bihurtu zen. 1873an elkartu ziren Danubioren bi aldeak (Óbuda, Buda eta Pest), ofizialki Budapest izena hartuz.
XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerraren ondoren Austria-Hungariako inperioa deuseztatu egin zen eta Hungariak independentzia aldarrikatu zuen (Budapest bere hiriburu hartuta). Trianoneko Itunak (1920) Hungariari lurrak kendu zizkion eta hungariar etniako 3 milioi biztanle baino gehiago Hungariatik kanpo kokatu zituzten.
Bigarren Mundu Gerran britainiar eta iparramerikarren bonbardaketak jasan behar izan zituen, bereziki 1944ko abenduaren 24tik 1945eko otsailaren 13ra (Budapesteko bataila). Gerra garaian zituen 250.000 juduetatik %20-%40a hil zuten naziek edo armada hungariarrak (Nyilaskeresztes Párt edo Gurutze Gezidunaren Armada) eta beste 38.000 zibil hil ziren.
1949an komunistek hartu zuten boterea eta Budako gaztelua bezalako eraikinak aurreko erregimenaren aztarna zirela erabaki zuten. Horregatik, eraikin horiek itxita egon ziren komunismoaren garaian eta barrualdeko aretoak suntsitu egin zituzten.
1956an, Hungariako Iraultzaren gune garrantzitsuena izan zen. Urriaren 23ko altxamenduen ondoren, SESBak Vartsoviako Ituneko tropak bidali zituen matxinada gelditzeko eta 3.000 hildako baino gehiago eragin zituzten.
1960tik aurrera Bloke sobietarreko herrialdeen artean aurreratuena izan zen. 1987an Budako Gaztelua eta Danubioren ertzak Munduko Ondare izendatu zituen UNESCOk. Komunismoa erori zenetik berrikuntza nabarmenak izan ditu, besteak beste, aldi komunistako irudiak kaleetatik kendu eta oroimenaren parke batean jarri dituzte.
Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() ![]() | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 18.1 | 19.7 | 25.4 | 30.2 | 34.0 | 39.5 | 40.7 | 39.4 | 35.2 | 30.8 | 22.6 | 19.3 | 40.7 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 1.2 | 4.5 | 10.2 | 16.3 | 21.4 | 24.4 | 26.5 | 26.0 | 22.1 | 16.1 | 8.1 | 3.1 | 15.0 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | -1.6 | 1.1 | 5.6 | 11.1 | 15.9 | 19.0 | 20.8 | 20.2 | 16.4 | 11.0 | 4.8 | 0.4 | 10.4 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | -4.0 | -1.7 | 1.7 | 6.3 | 10.8 | 13.9 | 15.4 | 14.9 | 11.5 | 6.7 | 2.1 | -1.8 | 6.3 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -25.6 | -23.4 | -15.1 | -4.6 | -1.6 | 3.0 | 5.9 | 5.0 | -3.1 | -9.5 | -16.4 | -20.8 | -25.6 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 38.5 | 36.7 | 37.4 | 47.2 | 64.5 | 69.8 | 50.4 | 49.5 | 42.7 | 46.9 | 59.9 | 49.3 | 592.8 |
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) | 7 | 6 | 6 | 6 | 8 | 8 | 7 | 6 | 5 | 5 | 7 | 7 | 78 |
Eguzki orduak | 55 | 84 | 137 | 182 | 230 | 248 | 274 | 255 | 197 | 156 | 67 | 48 | 1933 |
Iturria: http://www.met.hu Hungariako Meteorologia Zerbitzua |
Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hungariako industriagunerik handiena ez ezik, ekialdeko Europako garrantzitsuenetakoa ere bada. Bertako industrietan (burdingintza, metalurgia, doikuntza mekanika, industria kimikoa, ehunak, papera) 655.000 mila langilek dihardute. Errepide eta burdinbide lotune garrantzitsua da.
Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hiria Budapest Ferenc Liszt nazioarteko aireportuak zerbitzatzen du. Aireportua Ekialdeko Europako aireporturik garrantzitsuenetarikoa da eta Budapest erdigunetik 16 km-ra dago.
Hiri garraio publikoari dagokionez, Budapestek metro-sarea du 4 lineekin. Horretaz gain, aldiriko trenak, tranbia, trolebusak, autobusak, txalupa zerbitzua eta bizikleta publiko sarea dago. Garraio sarea, BKK udal enpresa publikoak kudeatzen du. Enpresaren helburuetako bat, 2030rako garraio publiko eta pribatuaren arteko erlazioa %80-%20 izatea da.
Herrialdeko errepide nagusiak Budapesten lotzen dira, hala nola, burdinbide sarea. Ibai-portua ere badu hiriak Pest barrutian, bai zamarako,[3] bai bidaiarientzat.[4]
Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Budapest, gehi Danubioren ertzak, Budako gazteluaren auzoa eta Andrássy hiribidea1![]() | |
Mota | Kulturala |
Irizpideak | ii, iv |
Erreferentzia | 400 |
Kokalekua | ![]() |
Eskualdea2 | Europa eta Ipar Amerika |
Izen ematea | 1987 (XI. bilkura) |
Luzapen urtea | 2002 |
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena |
- Budako gaztelua
- Hungariako Legebiltzarra
- Kateen zubia
- Magyar Állami Operaház, musika aretoa.
- Andrássy etorbidea
Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Herri eta hiri senidetuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Budapest ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:
|
|
Budapestar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Franz Liszt (1811-1886) musikagilea.
- György Lukács (1885-1971) filosofo marxista.
- Gyula Andrássy (1823-1890) politikaria.
- Theodor Herzl (1860-1904) politikari judua.
- Harry Houdini (1874-1926) ilusionista.
- John von Neumann (1903-1957) fisikari eta matematikalaria.
- Attila József (1905-1937) poeta.
Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014-01-23 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Budapest 2012. Encyclopædia Britannica Online. 2012ko abenduaren 27an begiratua.
- ↑ Ungarn 2010, Zentrales Statistikbüro Ungarns Magyarorszàg számokban 2010 Ksh.hu
- ↑ Budapest Freeport. danubeports.info 6 May 2011 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014ko maiatzak 21) Noiz kontsultatua: 2014ko maiatzak 20.
- ↑ Budapest cruise terminal. cruise-profi.com 2014 Noiz kontsultatua: 2014ko maiatzak 20.
- ↑ (Gaztelaniaz) Portal web del Ayuntamiento de Madrid. Noiz kontsultatua: 2018-08-09.
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Budapesteko Udalaren webgunea (Hungarieraz)(Ingelesez)(Alemanez)(Frantsesez)
- Budapesteko Turismo Bulegoa (Hungarieraz)(Ingelesez)(Alemanez)(Gaztelaniaz)(Italieraz)(Frantsesez)
|