Lankide:Eiasegi/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bertsioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

PlayStation kontsolaren aldaera desberdinak merkaturatu izan dira. Bertsio berriak argitaratzearekin batera, atzeko aldeko kanpo-konektoreen kopurua nabarmen gutxituz joan da. Lehen bertsioa 1994an merkaturatu zen Japonian. S-Video (separate video) bideo analogikorako konektorea duen modelo bakarra izan da, hurrengo bertsioetan kendu egin zuten. Ataka paraleloen kopurua murriztuz joan da eta azken bertsioan serieko ataka bat besterik ez zuten utzi.

Herrialdeen arabera, bertsio desberdinak merkaturatu izan dira. Modelo originala SCPH-100x izan zen eta ondoren beste asko agertu ziren, azkena 1999ko maiatzean, SCPH-900x seriekoa. Horren ondotik plazaratu zen PS One bertsioa. Modeloaren zenbakiaren azken digituak eskualdea adierazten du: Japonian SCPH-1000, AEBn SCPH-1001 eta Europan SCPH-1002. Hona hemen fabrikatu izan diren PlayStation bertsio batzuk:

  • PlayStation originala (SCPH-1000, 1994ko abendua): Grisa zen, tamainaz handi samarra eta formaz laukizuzena. Bi kontrol-aginte konektatzeko atakak zituen, bi memoria-txartel txertatzeko zirrikituak, serieko ataka bat, ataka paralelo bat, "Audio/Video" irteera analogikoa eta irrati-frekuentziako modulatzaileetarako zirrikitua. Lehen bertsio horri PS0 ere deitu izan zaio, baina ez da nahastu behar Nintendorako egindako PlayStation X prototipoarekin.
  • Net Yaroze (DTL-H300x, 1996ko ekaina): Japonian merkaturatu zen lehen aldiz. Net Yaroze-k Japonieraz "Elkarrekin egin dezagun" esan nahi du[1]. Beltza zen eta bertsio originala baino garestiagoa. Garapenerako kit batekin zetorren, hau da, hainbat tresna eta jarraibiderekin, erabiltzaileari PlayStation-erako jokoak eta aplikazioak programatzeko aukera emateko. Garatutako bideo-jokoak beste erabiltzaile batzuekin partekatzea posiblea zen Sonyk kudeatutako foro baten bidez.
  • PS One (2000ko uztaila): Funtsean SCPH-900x serieko PlayStation-aren hardware bera zuen. Bertsio originala baino txikiagoa zen. 2000. urteko amaierarako bideokontsola salduena bihurtu zen, beste markako kontsola guztien salmentak gaindituz, baita 2000. urtean merkaturatu zen PlayStation 2 kontsolarenak ere. 2002an, PS One kontsolarako 5 hazbeteko (130 mm-ko) LCD pantaila bat merkaturatu zuen.[2] 2004an utzi zioten LCD pantaila ekoizteari, Japoniatik kanpoko merkatuetan PlayStation-aren ospea jaisten hasi zenean. 2006ko martxorako, PS One kontsolaren fabrikazioa eten zenerako, 28,15 milioi unitate inguru saldu zirela kalkulatzen da. [3][4][5]
  • PlayStation Classic (2018ko iraila). PlayStation originaleko jokoak emulatzen dituen bideokontsola da, hura baino %45 txikiagoa.[6] Bideo-jokoen Tokyo Game Show azokan aurkeztu zen, PlayStation originalaren 24. urteurrenean.[7] Aurrez instalatutako 20 joko zituen: Tekken 3 (1996), Final Fantasy VII, Jumping Flash!, Syphon Filter (1999) eta beste batzuk; jokoek PCSX kode irekiko emulatzailearekin funtzionatzen zuten.[8] Kontsola bi aginterekin saltzen zen (kontrolerako barra analogikorik gabeak), HDMIarekin eta A motako USBarekin.[9] Hardware aldetik honako ezaugarriak zituen: MediaTek MT8167a Quad A35 txipa lau prozesatze-nukleo zentralekin, 1,5 GHz eta grafikoak prozesatzeko Power VR GE8300. 16 gb-ko flash biltegiratzea eMMC batean eta 1 gb-ko SDRAM DDR3 biltegiratzea.[10] Kritika negatiboak jaso zituen, Nintendoren NES Classic Edition eta Super NES Classic Edition bertsioekin konparatua izan zenean.[11] Halakoak esan ziren: jokoen liburutegia eskasa zela, erabiltzailearen interfazeaez zela ona, emulazioaren kalitatea baxua zela, joko batzuetarako PAL sistema erabiltzen zela, etabg. Kontsolaren diseinua goraipatua izan zen, baina garestia zen eta salmentetan ez zuen arrakastarik izan.[12]

Jokoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

PlayStation-erako 7.918 joko inguru merkaturatu dira mundu-mailan: 4.944 Japonian, 1.639 Europan eta 1.335 Ipar Amerikan. Gehien saldu den jokoa Gran Turismo (1997) da, 10,85 milioi ale inguru.[13]

Mota askotako bideo-jokoak garatu dira PlayStationerako, aukera oso zabala da, mota guztietako jokalariak erakartzeko. Lehen PlayStationa merkaturatu zenean, bi joko zeuden eskuragarri: Jumping Flash! (1995) eta Ridge Racer.[14] 3D grafikoak kudeatzeko gaitasuna zuen lehen jokoa Jumping Flash! izan zen.[15] Hona hemen oso goraipatuak izan diren joko batzuk: Final Fantasy VII (1997), Crash Bandicoot (1996), Spyro the Dragon (1998), Metal Gear Solid (1998) eta Tekken. Guztiak frankizia bihurtu ziren. Final Fantasy VII jokoari esker, rol-jokoen gorakada izan zen Japoniatik kanpo. Inoiz egin den bideo-jokorik onenetako bat dela eta eragin handienetarikoa sortu duela esan ohi da.[16][17]

PlayStationek lehen eguberrietako denboraldia prestatu zuenerako, Psygnosis bideo-jokoen garapenerako enpresa britainiarrak katalogoaren %70 inguru ekoitzia zuen;[18] 1996an garatu zuen Wipeout lasterketa-jokoa oso txalotua izan zen zuen techno soinu-bandagatik eta Britainiako underground musikaren komunitatea ezagutarazten lagundu zuen.[19] Bideo-jokoen garapenean aritu zen beste enpresa britainiar bat Eidos Interactive izan zen. 1996an Tomb Raider akziozko eta abenturazko jokoa argitaratu zuen, eta neurri handi batean joko hari eta Lara Croft bere protagonista nagusiarekin esker, PlayStation kontsolak izugarrizko arrakasta lortu zuen urte hartan. Jokoarekin, aurrekaririk gabeko promozio mediatikoa lortu zuten.[20] Film ezagunetan oinarritutako bideo-jokoek ere arrakasta handia izan zuten. Horren adibidea da, Argonaut Games bideo-jokoen garatzaile britainiarrak Harry Potter eta Sorgin Harria filmean oinarrituz 2001. urtean argitaratutako jokoa; zortzi milioi kopia inguru saldu ziren.[21] Bideo-jokoen garatzaileak buru-belarri aritu ziren kontsolako jokoen diseinuan, baita PlayStation 2 merkaturatu ondoren ere.

Hasiera batean, PlayStationerako jokoak kartoizko kutxa luzeetan paketatzen ziren AEBn, 3DO eta Sega Saturn kontsoletarako joko ez-japoniarrak bezala. Gerora ordea, CDetarako erabili ohi diren plastikozko kutxak erabiltzen hasi zen Sony, bideo-joko japoniarretarako erabiltzen ziren berberak. Formatu berriak espazio gutxiago hartzen zuen eta hori abantaila handia zen, PlayStation-erako joko asko merkaturatzen ari baitziren. Gainera, inkestek erakutsi zuten kontsumitzaile gehienek nahiago zutela plastikozko kutxen formatu berria.

Jokoen katalogoko joko bakoitzak bere zenbaki propioa du. Ordena kronologikoaren arabera ordenatzen ziren eta herrialdearen arabera bertsio desberdinetan banatzen bazen, Europako hizkuntza desberdinetarako egokitzeko adibidez, aldaera bakoitzak bere kodea zuen. Identifikazio-zenbakiak kategoriatan sailkatzen dira, jokoaren jatorriaren eta banaketarako eskualdearen arabera, softwarearen kodeketa aldatzen delako.

  • SCES (Sony Computer Europe Software, Sony Computer OS Software); SCUS (Sony Computer/Licensed All Regions), MultiSelector (PAL/NTSC) sisteman Sonyk banatutako jokoak.
  • SLES (Sony Licensed Europe Software, Sony Licensed OS Software); SLUS (Sony Computer/Licensed United States), Europarako PAL sisteman eta AEBrako NTSC-U sisteman lizentzia zuten jokoak.
  • SCPS (Sony Computer PlayStation Software); SLPS (Sony Licensed PlayStation Software); SLPM (Sony Licensed PlayStation Miscellaneous), NTSC-J sisteman, Japonian.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Calem, Robert. (1997). «Console Lets Buyers Build a Better Mortal Kombat» web.archive.org (Technology Cybertimes) (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).
  2. (Ingelesez) Becker, David. (2002). «Sony offers LCD for PSOne» web.archive.org (cnet.com) (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).
  3. (Ingelesez) Sinclair, Brendan. (2006). «Sony stops making original PS. With the PS3 launch looming, Japanese electronics giant shuts down production of the console that brought it to the industry in the first place.» GameSpot (gamespot.com) (Noiz kontsultatua: 2024-02-15).
  4. «Sony Computer Entertainment Europe - Virtual Press Office» web.archive.org 2007-09-19 (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).
  5. (Ingelesez) «PlayStation® Cumulative Production Shipments of Hardware | CORPORATE INFORMATION | Sony Computer Entertainment Inc.» web.archive.org (csei.co.jp) 2011-07-22 (Noiz kontsultatua: 2024-02-15).
  6. «Sony unveils PlayStation Classic console with 20 games» web.archive.org 2020-08-09 (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  7. «Sony announces PlayStation Classic mini console | Games | The Guardian» web.archive.org 2018-09-19 (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  8. «PlayStation Classic Plays Fine, But It’s A Bare-Bones Experience» web.archive.org 2020-01-11 (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  9. «PlayStation Classic Will Support Smartphone AC USB Adaptors, Will Not Support Other PS Peripherals - IGN» web.archive.org 2020-02-27 (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  10. «PlayStation Classic teardown: what's inside Sony's new micro-console? • Eurogamer.net» web.archive.org 2020-08-06 (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  11. «PlayStation Classic Review - IGN» web.archive.org 2021-08-20 (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  12. Txantiloi:Es-PE Redacción EC. (2019-02-19). «PlayStation Classic | Cuatro razones que marcaron su fracaso» El Comercio ISSN 1605-3052. (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  13. «GRAN TURISMOTM SERIES SHIPMENT EXCEEDS 50 MILLION UNITS WORDLWIDE | PlayStation.com (Asia) | Hong Kong» web.archive.org 2008-05-26 (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).
  14. (Ingelesez) Leadbetter, Richard. (1994). «20 years of PlayStation: the Ridge Racer revolution. Digital Foundry revisits the PS1 game-changer - and talks with its developer.» ghostarchive.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-15).
  15. (Ingelesez) Fahey, Bob. (2007). «Jumping Flash (1995)» web.archive.org (Eurogamer.net) (Noiz kontsultatua: 2024-02-15).
  16. (Ingelesez) Vachon, Justin. (2019). «Top 100 Video Games of All Time» web.archive.org (ign.com) (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).
  17. (Ingelesez) Kraus, Alex. (2006). «'Dirge of Cerberus' defies expectations, for better and worse» web.archive.org (usatoday.com) (Noiz kontsultatua: 2024-02-16).
  18. (Ingelesez) Stafford, Patrick. (2017). «From Lemmings to Wipeout: how Ian Hetherington incubated gaming success» web.archive.org (Polygon.com) (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).
  19. (Ingelesez) Yin-Poole, Wesley. (2015). «WipEout: The rise and fall of Sony Studio Liverpool» web.archive.org (eurogamer.net) (Noiz kontsultatua: 2024-02-16).
  20. GameTrailers Archive. (2016). Tomb Raider Retrospective - Part 1. Youtube (Noiz kontsultatua: 2024-02-16).
  21. (Ingelesez) Hilliard, Kyle. (2016). «Replay – Harry Potter And The Sorcerer's Stone» web.archive.org (gameinformer.com) (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).