Lankide:Elías Querejeta Zine Eskola/Elías Querejeta Zine Eskola

Wikipedia, Entziklopedia askea

Elías Querejeta Zine Eskola zinemaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko nazioarteko zentro bat da, pentsamendua, praktika esperimentala eta berrikuntza pedagogikoa eskaintzen dituena.

Eskola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua eta finantzatua, Elias Querejeta Zine Eskola 2017[1] urtean jaioa da begiratu integrala duten eta errealitate zinematografiko berriak (laboralak, kontzeptualak, kreatiboak, profesionalak) sortzeko gai diren zinemagileak sustatzeko asmoarekin.

EQZE gauzatzen da bere kontzeptualizazioa eragiten ari diren hiru eragileen ezagutza arloetatik abiatuta. Hiru erakundeok dira: Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia eta Tabakalerako kultur proiektua. Eskolak Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan du egoitza, erakunde horiek dauden eraikin berean.

Eskolaren garapenean inplikaturik dauden erakundeak ez dira irakas-mundukoak, erakunde zinematografikoak baizik. Horretatik dator sustatzen ari diren eskola ere proiektu zinematografikoa izatea funtsean: proiektu pedagogikoaren forma duen proiektu zinematografikoa. Horregatik, EQZEk ez da eskaintza formatibo anitzen bilduma bat, baizik eta proiektu pedagogiko bakarra, graduondoko hiru programa biltzen dituena: Artxiboa[2], Komisariotza[3] eta Sorkuntza[4].

EQZEk zinemaren bisio unitarioa du, non irudiak proiektatzeko ofizioa eta irudiak erregistratzekoa ez dauden oso urrun; hastapenetan bezalaxe, alegia, hasierako kamera haiek ere irudiak jaso eta eman egiten baitzituzten. Eskolaren bisioaren metafora ederra da kameraren unitate hori: zinemaren hiru sasoiak batera bildu nahi ditugu, antzinako zinema ofizioen kategoriak, generoak, diziplinak eta partzelazioak ezabatu. Zinemaren zabalera handitu nahi dugu gainera, beste jakintza eta arteekiko loturak eginez.

Pedagogía[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carlos Muguiro[5], Joxean Fernández (Euskadiko Filmategia), Maialen Beloki (Donostia Zinemaldia) eta Victor Iriarteren (Tabakalera) zuzendaritza akademikopean, zinemagileen formazioa etengabe hausnartu eta kuestionatu behar dela esaten da EQZEn. Eskola bera da horren lekukoa; oinarrian duen espiritu kritikoak proiektu pedagogiko irekia eta etengabe eraikitzen ari dena irudikatzen baitu. Sinesten dugu bilaketa teoriko, emozional, esperimental eta praktikoaren arte konplexu eta iraunkorrean murgilduta egongo den eskola batean. 

Proiektu formatiboa, izan ere, etorkizunean zinema sortu, ikertu eta kudeatuko dutenengana zuzendua dago. Bere hiru ibilbideak murgiltze ereduko graduondokoak dira, non irakaskuntza, praktika esperimentala, ibilaldi profesionalak eta proiektu pertsonalen garapena etengabe uztartzen eta konbinatzen diren. Proiektu pedagogikoaren funtsezko elementuetariko bat oztopo horizontalen haustura da (erakunde zinematografikoaren barruan nahiz kanpoa daudenena), herritarrak ere, saio irekien bitartez, Eskolaren beraren eztabaida formatibo eta sortzailean inplikatzea bildatuko baitugu. 

EQZE esperientzia kolektiboa ahalbidetzen saiatzen da (komunitate akademikoarena eta gizartearena), baina baita bidaia indibidual bat ere, ikasle bakoitzak bere buruari eskainiko dizkion ibilbide indibidualizatuen bidez. Eskola bakarra, baina ikasle adina irakasbide. 

Ikerkuntza eta praktika esperimentala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EQZEren metodologia pedagogikoan ikerketa, filmen bibentzia suharra eta praktika esperimentala uztartzen dira; eta ezabatu egiten dira kategoria bertikalak, profesional eta amateurren artekoak, eta kategoria horizontalak, zinemaren eta gainerako diziplina sortzaileen artekoak.

Gure eredu pedagogikoaren ezaugarri nagusietako bat da ez banatzea pentsamendu eta praktika zinematografikoa

Praktika profesionalek aro akademiko osoa ukitzen dute (nahikoa da eskailera maila bakan batzuk igo edo jaistea, Filmategiaren, Tabakaleraren edo Zinemaldiaren lantoki errealean murgiltzeko), amauteurtasunaren eta profesionaltasunaren arteko iraganbidea edo kuriositatearen eta esperientziaren artekoa esku-eskura baitago.

Artxiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artxiboa graduondokoan formazio teorikoa eta praktikoa eskainiko da ondare zinematografikoa eta ikusentzunezkoa identifikatzeko, sailkatzeko, zaharberritzeko eta babesteko.

Graduondoko ikasketa honetan formazio teorikoa eta praktikoa emango zaie ikasleei ondare zinematografikoa eta ikusentzunezkoa identifikatzeko, sailkatzeko, zaharberritzeko eta babesteko. Zinemak ondare material eta immaterial gisa sortzen dituen dilema teoriko, tekniko eta etikoen aurrean jarriko dira ikasleak ikastaroan zehar. Irudi eta hotsen identifikazioa euskarri fotokimiko, magnetiko eta digitaletan lantzeaz gainera, sortutako fondoak kudeatzeko eta bilduma berriak sortzeko bitartekoetan trebatzen dira ikasleak espezialitate honetan. Bestalde, materialak ikuskatzeko eta zaharberritzeko protokoloak eta prozedurak ikasten dira espezialitatean, bitarteko mekanikoak eta digitalak erabiliz eta, beraz, laborategiko praktika erreala eginez.

Ikasketak hauek Euskadiko Filmategiaren lanekin lotuta egiten dira eta horrek ikasleei aukera ematen die FIAF erakundeak (International Federation of Film Archives) homologatutako artxibo zinematografiko bat bertatik bizitzeko.

Artxiboa Saileko koordinatzailea: Clara Sánchez-Dehesa.

Komisariotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komisariotza graduondoko ikasketetan formakuntza emango da zinema edo ikusentzunezko arteak xede dituzten era guztietako programen kontzeptualizazio, garapen, kudeaketa eta hedapenean.

Alde batetik, ikastaroak ofizio honen berezitasuna definitu nahi du, etorkizunerako proiekzio handiko lanbidea baita, baina oraindik epistemologia propio baten ezagutza behar duena. Espezialitate honen bitartez, kuradoretza zinematografikoari buruzko emari teoriko zabala jasoko dute ikasleek-neurri batean arte plastikoen kuradoriatik jasoa dena- eta programazioan dauden tradizio eta eskola desberdinetako ekarpenak bereganatuko dituzte. Partaide bakoitzaren irizpide eta begiratu berezia lantzeaz gainera, zinema proiektuak garatzeko lanabesak emango zaizkie ikasleei, kutxa beltzean nahiz zurian eta ideia fasetik exekuzio fasera bitartean aritzeko tresnak. Espezialitateak, gainera, zaintzailearen ikerlana, lan kritikoa, saiakera eta akademia lana bultzatzen du. Gure ustetan, ez dago kuradore lanik ikerketa lanik gabe, mundu akademikoan gara daitekeen bezain zorrotza eta sakona, baina kasu honetan ez da testu zientifiko batean gauzatzen, eta proiektu publiko batean baizik (erakusketa, katalogoa, programa, jaialdia…).

Ikasketa hauen ezaugarri nagusietako bat da lana sortzen duten erakundeekiko etengabeko harremanean egiten dela, lanbide eta irakaskuntza ildoak estu-estu lotuta, erakundeok eraikin berean ari baitira eta kuradoretza proiektu aski desberdinak baitituzte, esaterako Tabakalerarena edota Donostia Zinemaldiarena.

Komisariotza Saileko koordinatzailea: María Palacios Cruz.

Sorkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorkuntzaren espezialitateak berariazko xedetzat ditu filmak eta ikusentzunezko obra artistikoak errealizatzeko interesa dutenen formakuntza teoriko eta metodologikoa eta jardun praktikoa.

Espezialitatearen funtsa da obra bat ideatzeko, sortzeko eta burutzeko prozesurako beharrezkoak diren alderdiak irakastea eta zinemagilearen ahots propioa bilatzea. Zinemaren formazio teoriko ez estandarizatu bat eskaintzen du eta hausnarketa eta pentsamendu sortzailerako giro aberasgarri batean parte hartzeko aukera ematen du; halaber, proiektu pertsonal bat garatuko du partaide bakoitzak, tutoreen sistema pertsonalizatu baten bitartez, ikasleen afinitateak eta proiektuaren beharrak kontuan hartuta. Horrela, espezialitate honetan, ikasleak aurre egingo die ideatze prozesuei (subjektibitatea), lan metodologiei (sistematizazioa), esperimentazioari (lanketa formal espezifikoa) eta proiektua kontzeptualizatzeari eta gauzatzeari.

Sorkuntza Saileko koordinatzailea: Laida Lertxundi.

Irakasleak[6][aldatu | aldatu iturburu kodea]

EHiru espezializazio alorretan prestigio aitortua duten eta nazioarteko profil nabarmenaren jabe diren profesionalek osatzen dute irakasle taldea. Bestalde, Filmategia, Zinemaldia eta Tabakalerako profesional batzuek ere irakas-jardueran esku hartzen dute, gure eskola erakunde horien eguneroko esperientziaren transmisio-gune gisa ulertzen baitugu. Hauxe da parte hartuko dutenen lagin bat. Besteak beste hauek dira EQZEren irakasleak: Adrian Martin, Beatrice Gibson, Carlo Chatrian, Celine Ruivo, Cristina Álvarez, Dan Kidner, Erika Balsom, Esther Urlus, Filipa Ramos, Garbiñe Ortega, Harkaitz Cano, Koldo Almandoz, Manuel Asín, Matías Piñeiro, Mona Jiménez, Oliver Laxe, Paulino Viota, Reto Kromer eta Takashi Makino.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txantiloi:Listaref [[Kategoria:Zinema]]

  1. (Gaztelaniaz) «Elías Querejeta Zine-Eskola abrirá sus puertas en octubre» El Diario Vasco 2017-07-11 (Noiz kontsultatua: 2018-06-28).
  2. «Artxiboa - Elías Querejeta Zine Eskola» www.zine-eskola.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-28).
  3. «Komisariotza - Elías Querejeta Zine Eskola» www.zine-eskola.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-28).
  4. «Sorkuntza - Elías Querejeta Zine Eskola» www.zine-eskola.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-28).
  5. (Gaztelaniaz) «Entrevista Carlos Muguiro. Versión ampliada de Caimán CdC nº68 (119) - Caiman Ediciones» www.caimanediciones.es (Noiz kontsultatua: 2018-06-28).
  6. «Irakasleak - Elías Querejeta Zine Eskola» www.zine-eskola.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-28).