Lankide:Endikamonje/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

James Joyce (1882 – 1941) Dublinen, Irlandan, jaio zen, erdi-mailako klaseko familia batean. Ikasle aparta izan zen, eta 1902 urtean Dublingo University College unibertsitatean graduatu zen. Hurren, Parisera joan zen medikuntza ikastera, baina denbora laburrean utzi egin zuen. Haren familiak eskatuta, Irlandara bueltatu zen, ama hiltzen ari baitzen minbiziak jota. Amak hala erregutu arren, Joyce eta bere anaia Stanislaus-ek konfesioa egiteari edo jaunartzea egiteari uko egin zioten, fedegabeak baitziren. Era berean, ama koman sartu zenean ere, ez ziren belauniko jarri errezatzeko.[1] Bere liburuak argitaratzen saiatu ondoren, bai eta (arrakastarik gabe) egunkari propioa sortzen saiatu ondoren ere, Joycek irakasle, abeslari eta kritikari moduan egin zuen lan.[1]

Joyce 1904. urtean saiatu zen lehenengo nobela, Stephen Hero, idazten.[1] Urte bereko ekainean Nora Barnacle ikusi zuen Nassau Street kaletik paseatzen.[1] Ekainaren 16ean hasi ziren elkarrekin ibiltzen, Ulises nobela gertatzen den egun berean.[1] Joyce eta Nora berehala maitemindu ziren bata besteaz, eta biek Irlandari eta Elizari buruz partekatzen zituzten kritikek harremana sakondu zuten.[1] Hala, Joycek eta Norak Europa kontinentalera ihes egin zuten ezkontzeko. Hasiera batean Zürichen geratu ziren, baina gero Triestera (garai hartan Austro-Hungariako Inperioaren parte) joan ziren. Bertan hamar urtez bizi ziren, eta denbora horretan Joyce ingeleseko irakaslea izan zen. Ondoren, 1905eko martxoan, Triesteko Berlitz Eskolara lekualdatu zuten, Austriako espioitza-giroa oso mehatxagarria baitzen.[1] Norak seme-alabak izan zituen: George 1905ean eta Lucia 1907an. Joycek bitartean fikzioa idazten zuen, eta bere lehenengo saiakera eta istorioak «Stephen Daedalus» goitizenarekin sinatu zituen. Istorio labur horiek Dublindarrak (1914) bilduma osatu zuten. Liburu horrek zortzi urte behar izan zituen argitaratua izan arte, haren inguruan eztabaida baitzegoen.[1] Dublindarrak argitaratu arte itxaroten zuen bitartean, Joycek Irlandan 1904ean hasi eta 1907an utzi zuen Stephen Hero nobelako gai nagusiak landu zituen. Eraldaketa horren bidez, Artistaren gaztetako portreta sortu zuen, 1916an argitaratu zena (Lehen Mundu Gerraren erdian Zürichera itzuli eta urtebete geroago).[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i Bowker, Gordon. (2012). James Joyce : a new biography. (1st American ed. argitaraldia) Farrar, Straus and Giroux ISBN 978-0-374-17872-7. PMC 759174980. (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).