Lankide:Etxabeguren16/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

INDARRAREN KONTZEPTUA EUSKAL ANTROPOLOGIAN[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indarraren kontzeptua euskal antropologian garrantzi handiko ikerketa-objektua izan da. Horrela, jarraian kontzeptu honen inguruan azpimarratutako ideietatik ibiliko gara.

Sandra Ott: Indarra kontzeptu teorikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenik, Sandra Ottek, euskal kulturaz egindako ikerketan indarra kontzeptu teoriko bilakatzen du, eta euskal kulturan duen garrantzia azpimarratzen duen lehenetarikoa da. “Indarra: algunas reflexiones sobre un concepto vasco” (1993)[1] artikuluan azaltzen du “indarra” zer den eta zergatik duen esanahia antropologiarentzako. Esanahi hau aurkitzeko eta euskal gizartean sortzen dituen harremanak ulertzeko kontzeptuaren esanahi semantikotik haratago begiratu behar dela defendatzen du. Bide honetan, Ottek indarra kontzeptua aztertzen du.

Alde batetik, indarraren kontzeptua interpretatzen ahalegintzen da eta bere esanahi anitzak azpimarratzen ditu: erresistentzia fisikoa, boterea, autoritatea, eragina, oparotasuna, energia, eraginkortasuna… Horrela, indarra batzuetan gauzen edo izaki bizidunen berezko ezaugarri gisa agertzen da, beste batzuetan harreman baten ezaugarri da, eta besteetan mundu naturalaren baitan dagoen indarra. Bestetik, indarra boterearekin eta berdintasunarekin lotuta dagoela ikusten du. Eta azkenik, indarra batzuetan legitimitatearekin, kontrolarekin eta sozializatutako jokabidearekin ere lotuta dagoela erakusten du.

Teresa Del Valle: Indarraren garrantzi sinbolikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teresa Del Vallek[2] bere ikerketan indarraren garrantzi sinbolikoa aztertzen du, azken hau ezaugarri kultural moduan ulerturik, zeinak pertsonen, tokien, ekintzen eta gauzen arteko balorazio ezberdinak sortzen dituen, eta boterearen definizio kulturalean eragiten duen.

Del Vallek azaltzen digu indarra euskal kulturako ohiko esperientzia dela, bai lanean, bai aisialdian. Indar fisikoa bi sexuetan baloratzen da, eta are gehiago lanak indar fisikoa behar duen tokietan. Modu honetan, nekazal eta arrantza munduan, emakumeak indarra darabil etengabe. Lan hauetan emakumeak indarraren jabe direla onartzen da. Hala ere, gizonarekin erlazionatzean eta, batez ere, ekintzan (estropadetan, harri-jasotzaileetan, eta lehia hauetan) hartzen du indarrak bere adierazpen kultural handiena. Honek guztiak oinarria nekazal eta arrantza munduko lanean du; baina lan horietan aukeratu diren formak soilik gizonezkoek haien indarra proiektatzen dutenak izan dira. Lehia horietan guztietan, emakumeak ikusle moduan hartzen du parte soilik, demostrazioaren garapenari babesa emanez bere presentziarekin. Horrela, kulturalki gizonaren indarra ekintzaren bitartez adierazten den bitartean, emakumearen indarra egotean, mantentzean eta laguntzean adierazten da. Emakumeari egiten duen lanarekin lotutako indar fisikoa ere onartzen zaio, baina hau ez da erritualizatzen lehiaren bitartez, eta ez da hartzen prestigio indibidualaren elementu moduan.

Modu honetan, indarrak boterea eskaintzen duen mekanismo kultural moduan funtzionatzen du. Zentzu honetan, indarra - batez ere, gauzak eraldatzeko gaitasunaren lotutako indarra - loturik dago egoera guztietan boterearekin. Indarra bere osotasunean adierazten den egoera guztiak gizonekin lotutako esparruetan ematen dira, lanarekin, jokoekin, zein jaiekin lotutako egoeretan, hau da, esparru publikoan. Esparru honetan gizonak bere indarrarekin protagonista moduan jokatzen du, elementu eraldatzaile eta sortzaile moduan. Emakumeari boterea errekonozitzen zaio soilik erantzukizunarekin lotutako rolak bere gain hartzen dituenean, batez ere, etxearen mantentzearekin eta egoera mingarrietan eskainitako laguntzarekin lotutakoetan.

Olatz González: Indarra euska pilotaren testuinguruan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olatz Gonzálezek[3], bere aldetik, pilota jokoan aztertzen du indarraren nozioa eta bertan ideia interesgarri asko topatzen ditu, gure testuingurura ekar ditzakegunak. Hasteko, pilotan aurkariaren kontra joateko ezaugarri edo botere garrantzitsuenak indarra eta azkartasuna direla erakusten du. Bi botere hauek, ordea, ez dira modu orekatuan agertzen pilotari batean, ondorioz, pilotari bakoitza indartsu edo azkar izateagatik definitzen da. Atzelarien ezaugarriak izan ohi dira erresistentzia eta indarra; aurrelarienak, berriz, azkartasuna eta abilezia. Pilotari bikain bat definituko lukete bi ezaugarri hauen jabetzak: “azeria bezain azkarra eta lehoia bezain indartsua”. Hala ere, arraroa da pilotari bakarrak ezaugarri hauek guztiak izatea, horregatik batzuk lehoiak izaten dira (indartsuak) eta besteak azeriak (azkarrak eta abilak).

Dena den, abileziak eta indarrak ez dute leku bera euskal iruditerian. Abilezia eta indarra ez dira modu berean baloratzen. Bigarrenarekin alderatuz, hau da, indarrarekin, lehena ez da hain arma purua. Azeriak beti susmopean daude. Indarra, ordea, zintzoa, gardena eta jatorra kontsideratzen da. Ez dago ezer ilunik indarraren atzean, erabat argia da.

Pilotari izateko, noski, indar fisikoa beharrezkoa da, baita sufritzeko gaitasuna, baina oinarrizko ezaugarri honek ez dauka hainbeste lotura praktikarekin, baizik eta maskulinitatearen iruditeriarekin; izan ere, indar hau mirestutako maskulinitate batekin lotzen da.

Pilotak gaur egun arte, gimnasioko entrenamendua txertatu den arte, mota askotako  gorputzak erakutsi izan ditu. Baina iruditerian pilotariari beti egotzi zaio gorputz maskulino sendo bat, ikonografian antzeman daitekeena. Hau da, euskal iruditeria beteta dago pilotari sendotasunez jotzen dioten gorputz maskulino indartsuekin. Irudi hauek, gainera, oso esanguratsuak dira indarraren esanahi errealera gerturatzen gaituztelako, indar fisikotik haratago doan esanahira. Pilotari indarrarekin jotzen dioten gorputz hauek ez digute indar fisikoaz hitz egiten, baizik eta nobleziaz. Eta Gonzálezek argitzen digu hor bilatu behar ditugula protagonismo kulturaletan emakumeen bazterketa dakarten mekanismoak; noblezia eta indarra gorputz maskulino hegemonikoan trinkotzen dituzten mekanismoak, “kontenplazio” objektu bihurtuz.

Ondorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beraz, boterearen kontzeptu kulturala indarraren kontzeptuarekin oso lotuta dagoela esan dezakegu. Are gehiago, indarrari egiten zaion erreferentzia konstanteak gizonen espazio eta ekintzak indartzen dituzte, eta maila sinboliko zein errealean gizonen menderakuntza mantentzen laguntzen dute.

ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Ott, Sandra. (1993). Indarra: algunas reflexiones sobre un concepto vasco. Alianza Editorial, 252-279 or..
  2. Valle, Teresa del, dir. Apalategi Begiristain, Joxemartin, ed.. (1985). Mujer vasca : imagen y realidad. Anthropos ISBN 84-85887-59-X. PMC 801918720. (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  3. González-Abrisketa, Olatz. (2013-01-01). «Cuerpos desplazados. Género, deporte, y protagonismo cultural en la plaza vasca» AIBR, Revista de Antropología Iberoamericana 08 (01): 83–110.  doi:10.11156/aibr.080104. ISSN 1695-9752. (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).