Traineru estropada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Estropada terminoaren beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Estropada (argipena)»
Trainiere Ur Joko 01.jpg

Traineru estropada —maiz, besterik gabe, estropada deitua— traineruen arteko lasterketa edo estropada da.

Arraunketa Euskal Herrian eta Kantauri osoan herri kirola da, traineruekin, batelekin nahiz trainerillekin egina. Estropadak egiteko, ontziok, hainbat txandatan banatuta, distantzia jakin batean elkarren arteko lasterketa bat egiten dute. Estropada irabazten duenak bandera bat jasotzen du saritzat, edota ligarako hainbeste puntu. Ia herri kirol guztiak bezala, estropadak ere garai bateko eguneroko lanean (kasu honetan arrantzan) oinarritzen dira.

Jatorria: antzinako arrantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iragan mendeetan arrantzak garrantzi handia izan du euskaldunen elikaduran. Euskal Herria basoek estaltzen zuten eta lur landuak gutxi zirenez, hemengo biztanleak itsasora atera ziren elikagai bila. Lehenik Ipar Atlantikora abiatu ziren, han bakailaoa eta balea arrantzatzen zituzten. Zetazeo hau agertzen den zenbait herritako armarriek honen garrantzia adierazten dute. XVI. mendean, Euskal Herriko biztanleriaren hazkundearekin batera, gaur egun tradiziozkoak diren espezieen arrantza hasi zen: atuna, hegaluzea, legatza, bisigua, antxoa eta sardina.

XIX. mendean euskal itsasbazterrean hiru ontzi mota erabiltzen ziren arrantzarako: legatza bezalako espezieentzat "kalera" deituriko batel handiak; antxoa eta sardinaren arrantzarako traineruak, eta kostaldeko espezieentzako batel txikiak. Arrantzarako erabiltzen zen trainerutik sortu ziren estropadak. Traineruak azkarra izan behar zuen arrain-sardara iritsi, sarea bota eta azkar biratuz arrainak harrapatzeko. Ondoren ahalik eta azkarren itzuli behar zen portura, besteek ekarritako arraina gehiegi izan eta enkanteko prezioa jaitsi baino lehen. Horregatik arrantzaleek eta arotzek ontzi arin eta azkarra egin zuten, egonkortasuna gutxiagotu arren.

Lehen lehiaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri kiroletan ohikoa den bezala, lehen estropadak desafio baten bidez sortu ziren: bi ontzitako arraunlariak aurka jartzen dira, dirua jokatzen dute eta puntu batera lehenengo iristen denak irabaziko du. Hala ere, norgehiagoka hau ohikoa zen apusturik gabe ere. Arrain-sardara azkar iritsi eta portura ahalik eta azkarren itzultzeko gogoak eragiten zuen.

Garai hartako bertso askotan aipatzen dira lehen lehiaketa hauek. XIX. mendeko egunkarietan ere agertzen dira arraunlariek luzatutako desafioen berriak. Desafio hauek egin beharreko distantzia adostu ondoren estropada jokatuz erabakitzen ziren.

Idatziz jasotako lehen desafioa Zarautz eta Getariako bi traineruren artean gertatu zen, 1761ko maiatzaren 2an. Estropada Mollarritik (Zarautz) Donostiako kairainoko distantzian jokatu zen, eta garaileak 100 ezkutuko saria lortu zuen. Ez dago jasota nork irabazi zuen.[erreferentzia behar]

Arautegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Traineru-estropadak 3 miliatako ibilbidean jokatzen dira (5.556 metro). Joan-etorri bakarrekoak (ziaboga bat) edo bi bi joan-etorrikoak (hiru ziaboga) izan daitezke.
  • Baliza bakoitzean kolore ezberdinak ipintzen dira nahasterik sor ez dadin.
  • Traineruak 12 metroko luzera eta 1,72 metroko zabalera izan behar ditu. Bere pisuak ezin du 200 kilo baino gutxiagokoa izan.
  • Traineru bakoitzak bere kalea du eta ezin du beste kale batean sartu arerioren bat oztopatzen badu. Bi traineruk edo beren arraunek ezin dute elkar ukitu.
  • Estropada hasi eta 20 segundo baino lehen arazo edo ezustekoren bat gertatzen bada, berriz hasiko da hasieratik.

Trainerua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaurko traineruen eskifaia hamahiru arraunlari eta patroi batez osatzen da. Patroia txopan jartzen da eta bere eginkizun nagusia norabidea ezartzea du. 1920 inguruan hasi ziren lehiaketarako traineruak eraikitzen, Donostian. Ordura arte arrantzontzi arruntak erabiltzen ziren estropadetarako, panelak eta babesgarriak kenduz zertxobait arinduta. 1916an Mutrikuko Bizente Olazabalek Getariako tripulazioarentzat lehen trainerua eraiki zuen. Enara izenez bataiatu zuten eta 400 kiloko pisua zuen.

XX. mendearen bukaera aldera arte ontzigileek diseinua hobetu zuten teknika eta esperientziari esker. Ontziaren hezurdura eraikitzeko haritza erabiltzen zen eta kanpo aldea iparraldeko pinuz estaltzen zen iltze galbanizatuekin. Gaur egun, lehiaketan ez da zurezko trainerurik erabiltzen. Material berriek eta arinagoek ordezkatu dute. Traineruaren prezioa ere nabarmen igo da, inflazio-maila baino gehiago. 1970ean 45.000 pezeta kostatzen bazen, gaur egun zenbait milioi (pezeta) ere bai.

Estropada ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plentziako Arkote Arraun Taldea 2007ko Kontxako Banderarako sailkapen egunean.

Traineru-estropadak Kantauri itsaso osoan zehar jokatzen badira ere, garrantzitsuenak Euskal Herrian jokatzen direnak dira. Gipuzkoan (Zarautz, Hondarribia, Pasaia, Orio, Zumaia...) eta Bizkaian (Nerbioi ibaia, Ondarroa, Santurtzi, Lekeitio, Bermeo...) jokatzen dira estropadak udan.

Kontxako Bandera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estropadarik itzaltsuena Donostiako Kontxako Bandera da. Arraunaren olinpiada izena ere eman izan dio jendeak. Edozein klubentzat gehiago balio du Kontxako Bandera lortzeak, urte osoan irabaz daitezkeen beste guztiek batera baino. Entzute izugarria du arraunaren munduan.

Kontxako Bandera irailaren lehen bi igandeetan ospatzen da, bi jardunalditan. Kanporaketa bidez hautatutako zortzi talde onenek parte hartzen dute. 3 miliako ibilbide klasikoan jokatzen da, baina ziaboga bakarrarekin. Estropada honek itsas zabalean haize, olatu eta korronteen aurka egiten ziren desafio zaharren tradizioa gordetzen du. Gehienetan irabazi duena Orioko trainerua izan da 31 banderarekin. 2008tik aurrera Emakumezkoen Kontxako Bandera ere jokatzen da, hauek distantzia erdia osatzen dutelarik.

Luis Karrilen estropada: Donostia - Ondarroa traineru desafioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mende bukaeran jokatu zen desafio bat izan zen, Euskal Herrian mito bilakatu dena. 1888ko azaroaren 25ean ondarrutarrek Pasai Donibanekoei irabazi zieten eta Bilboko egunkari batek 'Kantauriko garaitezinak' izendatu zituen ondarrutarrak. Donostiako señoritoek orduan herriko arrantzaleei burua berotu eta horiek erronka bota zieten ondarrutarrei. Zarauzko Otamendi ostatuan, artean errepidea handik igarotzen baitzen, elkartu ziren bi herrietako ordezkaritzak baldintzak adosteko. Estropada bederatzi miliatan jokatzea erabaki zuten (Lekeitiotik Donostiara). 25.000 pezeta jokatu zituzten, dirutza handia garai hartarako. Donostiako tripulazioa gidatzeko Luis Karril aukeratu zuten. Ikusmin handia piztu zuen lehia hark. Azkenean, Donostiak irabazi zuen 81 minutuko ibilbidea egin ondoren.

Ligak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri-kirol honek gaur egun ere bizirik dirau krisialdi batzuk izan baditu ere. 1994ean aurrera Ligak eratu ziren arraunketa modernizatzeko. 2002 arte Traineruen Euskal Liga izan zen (talde kantabriarrek ere parte hartzen zutelarik) eta 2003tik aurrera TKE Liga osatu zen, bertan galiziarrak ere aritzen dira. Arraun talde guztiak sisteman sartu dira, bigarren eta hirugarren mailak osatuz, Galizian Ipar-mendebaldeko Ligan eta Euskal Herrian eta Kantabrian KAE Ligan.

Berrikuntza teknologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ligako estropadak eta Kontxakoa telebistaz ematen dira. Traineruen barruan GPS aparatuak jartzen dira denborekin zalantzarik egon ez dadin. Laburbilduz, XXI. mendearekin batera estropaden mundua ere garai berrietara egokitu da ezinbestean.

Azken hamarkadetako emaitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizonezkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Kontxako Bandera Liga nagusia Espainiako Txapelketa
1990 Koxtape (P.Donibane) ez San Pedro
1991 San Pedro ez Koxtape (P.Donibane)
1992 Orio ez Arraun Lagunak (Donostia)
1993 San Pedro ez Orio
1994 San Pedro San Pedro San Pedro
1995 Donibaneko Arraunlariak Donibaneko Arraunlariak Orio
1996 Orio Orio Tirán
1997 Orio Orio Tirán
1998 Orio Orio Orio
1999 Koxtape (P.Donibane) Koxtape (P.Donibane) Orio
2000 Orio Koxtape (P.Donibane) Astillero
2001 Castro Urdiales Castro Urdiales Castro Urdiales
2002 Castro Urdiales Castro Urdiales Astillero
2003 Astillero Astillero Astillero
2004 Astillero Urdaibai Astillero
2005 Hondarribia Astillero Astillero
2006 Castro Urdiales Hondarribia Astillero
2007 Orio Urdaibai Urdaibai
2008 Castro Urdiales Urdaibai Astillero
2009 Kaiku Castro Urdiales Kaiku
2010 Urdaibai Urdaibai Kaiku
2011 Urdaibai Kaiku Kaiku
2012 Kaiku Kaiku Hondarribia
2013 Hondarribia Kaiku Kaiku
2014 Urdaibai Hondarribia Urdaibai
2015 Urdaibai Hondarribia Urdaibai
2016 Urdaibai Urdaibai Hondarribia
2017 Orio Urdaibai Urdaibai

Emakumezkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Kontxako Bandera Liga nagusia Euskadiko Txapelketa
2008 Galiziako selekzioa ez Hondarribia
2009 Rias Baixas (Galizia) Galiziako selekzioa Getaria-Tolosa
2010 Rias Baixas (Galizia) Galiziako selekzioa Getaria-Tolosa
2011 Rias Baixas (Galizia) Getaria-Tolosa Getaria-Tolosa
2012 Rias Baixas (Galizia) Zumaia Getaria-Tolosa
2013 Zumaia Zumaia Zumaia
2014 San Juan San Juan San Juan
2015 San Juan San Juan Zumaia
2016 San Juan San Juan San Juan
2017 San Juan San Juan Hibaika

Estropada handienen palmaresak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2017 denboraldiko datuak barne.

Gizonezkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estropada Garaipenak
Kontxako Bandera Orio (32), San Pedro (15), Donostia (14), Hondarribia (11), San Juan (10), Sestao (8), Getaria (5), Bermeo (5)...
Espainiako Txapelketa Orio (15), Astillero (8), Pedreña (8), Sestao (7), San Juan (6), Moaña (4), San Pedro (4); Santurtzi (4), Bermeo (4)...
Euskal Liga (1994-2002) Orio (3), San Juan (3), Castro Urdiales (2) eta San Pedro (1).
TKE Liga (2003- ) Urdaibai (6), Kaiku (3), Hondarribia (3), Astillero (2) eta Castro Urdiales (1).
Euskadiko Txapelketa San Pedro (7), Kaiku (7), Orio (6), Urdaibai (6), Hondarribia (4)...
Nerbioiko Sari Handia Orio (10), San Pedro (6), Kaiku (4)...
El Corte Ingles Bandera Kaiku (11), Orio (10), Santurtzi (4), San Pedro (4), Urdaibai (4) ...
Zarauzko Ikurrina Orio (11), San Pedro (5), Kaiku (5), Santurtzi (4)...

Emakumezkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estropada Garaipenak
Kontxako Bandera Galizia-Rias Baixas (5), San Juan (4) eta Zumaia (1).
Emakumezkoen Liga San Juan (4), Galizia-Rias Baixas (2), Zumaia (2) eta Getaria-Tolosa (1).
Euskadiko Txapelketa Getaria-Tolosa (4), Zumaia (2), San Juan (2), Hondarribia (1) eta Hibaika (1).
Zarauzko Ikurrina San Juan (4), Zumaia (2), Gipuzkoa sel. (1), Galizia sel. (1) eta Getaria-Tolosa (1).

Talde handienak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2017 denboraldiko datuak barne.

Gizonezkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldea Kontxako Bandera Espainiako Txapelketa Liga (Euskal + TKE) Guztira
Euskal Herria Orio 32 15 3 51
Euskal Herria San Pedro 15 4 1 20
Euskal Herria San Juan 10 6 3 19
Euskal Herria Sestao (Kaiku+Iberia) 8 7 3 18
Euskal Herria Donostia 14 2 0 16
Euskal Herria Hondarribia 11 2 3 16
Euskal Herria Bermeo (Urdaibai) 5 4 6 15
Kantabria Pedreña 4 8 0 12
Kantabria Astillero 2 8 2 12
Kantabria Castro Urdiales 4 1 3 8
Euskal Herria Santurtzi 3 4 0 7
Euskal Herria Getaria 5 0 0 5
Euskal Herria Zumaia 2 3 0 5
Galizia Moaña (Tirán+Meira) 0 4 0 4

Emakumezkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldea Kontxako Bandera Emakumezkoen Liga Euskadi/Galizia Txap. Guztira
Euskal Herria San Juan 4 4 2 10
Galizia Rias Baixas (Galizia) 5 2 1 8
Euskal Herria Zumaia 1 2 2 5
Euskal Herria Getaria-Tolosa 0 1 4 5
Euskal Herria Hondarribia 0 0 1 1
Euskal Herria Hibaika 0 0 1 1
Galizia Cabo da Cruz 0 0 1 1
Galizia Mecos 0 0 1 1

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]