Lankide:Irati Alberdi Orbegozo/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Asteek aurrera egin ahala, Blanche eta Stanleyren arteko hizka-mizkek handitzen jarraitzen dute. Blanchek Mitchengan uste handia duenez, Stellari esaten dio ez duela inorentzat arazo izan nahi eta harekin alde egin nahi duela. Bien arteko zita batean, Blanchek Mitchi aitortzen dio gizon gazte batekin, Allan Greyrekin, ezkondu zela behin. Geroago, gizon helduago batekin harreman sexualak izaten topatu zuen. Neskak harekin suminduta zegoela esatean, Greyk bere buruaz beste egin zuen. Gertakizunak hunkitu egiten du Mitch, eta Blancheri esaten dio elkarren beharra dutela.

Geroago, Stanleyk Blancheri buruz entzundako zurrumurruak kontatzen dizkio Stellari: irakasle lanpostutik kaleratua izan zela adin txikiko ikasle batekin harreman sexualak izateagatik, eta prostituzioagatik ezaguna zen hotel batean bizi zela. Mitchi ere zurrumurru horien berri eman diola jakitean, Stanleyren bihozgabekeria ikusita, Stella sutan jartzen da. Baina bat-batean eteten da liskarra Stella erditzen hasi eta ospitalera joan behar delako.

Blanche etxean bakarrik zain dagoela, Mitch iristen da eta Stanleyk kontatutako istorioak leporatzen dizkio. Hasieran neskak ukatu egiten du guztia, baina azkenean kontatutakoa egia dela onartzen du. Barkamena erregutzen dio, baina Mitchek, haserre eta atsekabetuta, ez du Blanche barkatzen.

Stella ospitalean erditzear dagoela, Stanley eta Blanche bakarrik geratzen dira apartamentuan. Blanche berriz ari da ametsetan, laguntza ekonomikoa emango dion eta New Orleansetik aterako duen aspaldiko ezkongai bat etorriko delakoan. Stanley ados dago Blancheren itxurakeriarekin, baina gero haren gezurrak, hipokresia eta jarrera mespretxatzen ditu, eta berarengana hurbiltzen da. Neskak, horren aurrean, apurtutako botila batekin jotzeko mehatxua egiten dio, baina ezin izaten du. Blanche lurrera erortzen da. Stanley emakumea konorterik gabe ohera eramaten ikusten da azkeneko aldiz.

Kowalskiren apartamentuko beste poker partida batean, Stella eta bere bizilaguna, Eunice, Blancheren gauzak jasotzen ari dira. Bitartean, Blanche katatoniko dago bainuontzian, krisi emozional bat jasan ostean. Stellari Stanleyren erasoa kontatu arren, hark ezin du bere ahizpak kontatutakoa sinetsi. Blanche ospitalera eramateko mediku eta emagin bat iristen direnean, azken horiei gogor egiten die neskak, eta lurrera erortzen da. Mitch bertan dago, eta ezin izaten dio negarrari eutsi. Medikuak Blancheri altxatzen laguntzean, Blanche borondatez joaten da berarekin, esanez: «edonor zarela ere… betidanik bizi izan naiz ezezagunen adeitasunaren menpean». Antzezlanaren amaieran, Stellak negar egiten du, eta Stanleyk emaztea kontsolatzen du. Poker partida ez da gelditzen.

Eszenatokiko ekoizpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Broadwayko jatorrizko ekoizpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carl Van Vechtenek ateratako Marlon Brandoren argazkia, Desio izeneko tranbia Broadwayko ekoizpenean (1948ko abenduaren 27a).

Broadwayko jatorrizko produkzioaren ekoizlea Irene Mayer Selznick izan zen. 1947ko azaroaren hasieran New Haven hiriko Shubert antzokian estreinatu zen, eta ondoren Walnut Street antzokian, Philadelphian, antzeztu zuten. Hori eta gero, 1947ko abenduaren 3an, Ethel Barrymore antzokira joan ziren. Selznickek, hasieran, Margaret Sullavan eta John Garfield nahi zituen eszenatokian, baina, azkenean, momentu hartan ia ezagutzen ez baziren ere, Jessica Tandyri eta Marlon Brandori esleitu zizkieten pertsonaia nagusien paperak. Estreinaldi gaueko aktoreen artean zeuden, baita ere, Kim Hunter (Stella interpretatzen) eta Karl Malden (Mitchen paperarekin). Tandy antzezlanerako aukeratua izan zen, Williamsek Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldean Portrait of a Madonna izeneko obran haren antzezpena ikusi ondoren. Bestalde, Brando gazteegia zen paperarentzat; nahi zutena baino gazteagoa. Horrek Kowalski, gizon zahar bihozgabe bat baino, gaztaroko ezjakintasunarekin justifikatu daitekeen nahigabeko bihozgabe bihurtuko zuen.