Lankide:Juneartaraz/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Altzairu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altzairua, burdinaz eta karbonoz osatutako aleazioa da. Oro har, altzairu aleazioetan, karbonoaren pisua % 2,1 baino txikiagoa izaten da, eta balio arruntenak % 0,2 eta % 0,3 inguruan daude. Karbonoaren masa % 2tik gorakoa bada, burdinurtu deritzen aleazio hauskorrak lortzen dira, forjatu ezin direnez moldeatze bidez lantzen direnak.

Adiera zabalagoan, bi osagai horiez gain, beste zenbait osagai izan ditzakeen aleazioa da altzairua. Hori dela eta, altzairu bereziak defini daitezke, besteak beste, altzairu herdoilgaitza. Aleazioetan erabiltzen diren beste elementu batzuk dira manganesoa, kromoa, banadioa eta tungstenoa.

Ez dira altzairua eta burdina nahasi behar. Burdinaren eta altzairuaren arteko desberdintasun nagusia karbonoaren ehunekoa da; altzairua, burdinaz eta karbonoz % 0,008 eta % 2,11 arteko portzentajean dago osatuta. Ehuneko horretatik aurrera, burdinarekin egindako beste aleazioak ez dira altzairutzat hartzen. Altzairuak burdinaren ezaugarri metalikoak mantentzen ditu, baina karbonoa eta beste elementu metaliko zein ez-metaliko batzuk gehitzeak haren propietate fisiko-kimikoak hobetzen ditu.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pizkundea baino arinago altzairua metodo ez oso eraginkorren bidez egiten bazen ere, horren erabilera askoz arruntago bihurtu zen ekoizpen metodo egokiagoak asmatu zirenean, XVII. mendean. Bessemer prozesua asmatu zenean, XIX. mendearen erdialdean, altzairua modu masiboan ekoitzitako material merkea izatera heldu zen. Prozesuak geroago izan zituen hobekuntzei esker, ekoizpen-kostua are gehiago jaitsi zen, eta kalitatea handitu egin zen.

Egun, altzairua munduko materialik arruntenetakoa da, urtero 1.400 milioi tona kubiko (2010) ekoizten baitira. Osagai nagusietakoa da eraikin, azpiegitura, tresna, itsasontzi, automobil, makina zein armetan.

Propietate fisiko-kimikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaila da altzairuaren propietate fisiko eta mekanikoak ezartzea, altzairuaren osaeraren doikuntzekin eta hainbat tratamendu termiko, kimiko edo mekanikorekin ezaugarri egokiak dituzten konbinazioak lor baitaitezke aplikazio askotarako, baina propietate orokor batzuk aipa daitezke:

  • Batez besteko dentsitatea 7850 kg/m³ da.
  • Tenperaturaren arabera, altzairua uzkurtu, dilatatu edo urtu egin daiteke.
  • Altzairuaren urtze-puntua aleazio-motaren eta aleazioan parte hartzen duten elementuen ehunekoen araberakoa da. Altzairuak, maiz, 1375 °C inguruko fusio-tenperaturak izaten ditu eta, oro har, fusiorako beharrezkoa den tenperatura handitu egiten da karbono-ehunekoa handitu ahala.
  • Korrosioa da altzairuen desabantailarik handiena; izan ere, burdina oso erraz oxidatzen da. Tradizioz, altzairuak hainbat gainazal-tratamendu erabiliz babestu izan dira.
  • Elektrizitate-eroaletasun handia du. Konposizioaren araberakoa da, baina 3 · 106 S/m ingurukoa izaten da.

Altzairu motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fabrikatzeko moduaren arabera:

  • Altzairu elektrikoa
  • Altzairu urtua
  • Altzairu barea
  • Altzairu eferbeszentea
  • Altzairu frijitua
  • Altzairu tenkatua

Lantzeko moduaren arabera:

  • Altzairu moldekatua
  • Altzairu forjatua
  • Altzairu ijeztua

Konposizioaren eta egituraren arabera:

  • Altzairu arruntak
  • Altzairu aleatuak edo bereziak

Erabileren arabera:

  • Imanetarako altzairua edo altzairu magnetikoa
  • Autotenplaketarako altzairua
  • Eraikuntzako altzairua
  • Ebaketa azkarreko altzairua
  • Dekoletatze-altzairua
  • Ebaketa-altzairua
  • Altzairu deformaezina
  • Altzairu herdoilgaitza
  • Erreminta-altzairua
  • Malgukietarako altzairua
  • Altzairu erregogorra
  • Errodamenduetarako altzairua

Aplikazioaren arabera:

  • Eraikuntza-altzairuak
  • Erabilera orokorreko altzairuak
  • Zementatutako altzairuak
  • Tenplaketa eta iraoketarako altzairuak
  • Altzairu herdoilgaitzak edo erabilera berezietarakoak
  • Ebaketa- eta mekanizazio-erremintetarako altzairuak

Tratamendu termikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tratamendu termiko egokiaren bidez, nabarmen handitzen dira altzairuaren propietate mekanikoak: gogortasuna, zailtasuna eta erresistentzia mekanikoa. Tratamendu termikoek materialaren mikroegitura aldatzen dutenez, altzairuaren propietate makroskopikoak ere aldatzen dituzte.

Konposizio kimikoa aldatu gabe altzairuari aplika dakizkiokeen tratamendu termikoak hauek dira:

  • Tenplaketa
  • Iraoketa
  • Suberaketa
  • Normalizazioa

Arruntenak suberaketa, tenplaketa eta iraoketa dira.Tratamendu termiko horiek gehien bat hipereutektoideak diren altzairuekin erabiltzen dira, alegia, konposizio eutektoideak baino karbono kantitate handiagoa dutenekin (% 0,8 ingurutik gora). Altzairu hipoeutektoideetarako tratamendu gutxiago dira eraginkorrak.

Suberaketa altzairuaren barne-tentsio lokalak arintzeko behar den beste berotuz eta ondoren era kontrolatuan hoztuz egiten da.Ez da material guztian gertatzen, era lokalean ematen da. Altzairu bat suberatzeko lortu behar den tenperatura, altzairuan aleatuta dauden elementuen eta suberaketa motaren araberakoa da.

Tenplaketa egiteko, altzairua austenita sortzeko beste berotu eta gero, gehienetan, uretan edo oliotan arin hozten da. Hozte arin horren bidez, martensita egitura gogor eta hauskorra lortzen da. Ondoren, altzairua iraotu egiten da, hau da, suberaketa berezi bat aplikatzen zaio hauskortasuna murrizteko. Iraoketa hori eginez martensita kantitate bat zementita edo esferoidita bihurtzen da eta, horren ondorioz, barneko akats eta tentsioak gutxitzen dira. Haren emaitza altzairu harikorragoa eta hauskaitzagoa izaten da.

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mota guztietako altzairuak erabiltzen dira gure eguneroko bizitzan, erreminta, tresna, ekipo mekaniko gisa eta etxetresna elektrikoen eta, oro har, makinen osagai gisa, baita bizi garen etxebizitzen egituretan eta eraikin moderno gehienetan ere.