Lankide:Konsti3praktika/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiar Konstituzioaren 11. artikulua Espainiar Konstituzioaren lehenengo tituluko lehenengo kapituluan kokatzen da, eta hiru puntutan banatzen da. Artikulu honen gai nagusia espainiar nazionalitatea da, baina 11.1 artikuluaren arabera, nazionalitatearen garapena Konstituziotik at uzten da, lege bidez garatzen dena. Izan ere, nazionalitatearen lege garapena Espainiako Kode Zibilean aurki dezakegu; zehazki, Kode Zibilaren lehenengo liburuko lehenengo tituluan. Hala ere, Kode Zibilaz gain, badira nazionalitatean berebiziko garrantzia duten legeak: ekainaren 13ko 51/1982 legea, abenduaren 17ko 18/1990 legea, abenduaren 23ko 15/1993 legea eta urriaren 8ko 36/2002 legea.

Jatorrizko eta eratorritako espainiar nazionalitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konstituzioaren 11.2 artikuluan legegilearen jarduera mugatzen da, esanez “jatorriz espainiar denari ezin ken” dakiokeela bere nazionalitatea. Izan ere, jatorriz espainiarrak direnei ezingo zaie espainiar nazionalitatea kendu (KZ 17 art.). Horrela, Kode Zibilaren 17. artikuluaren arabera, jatorriz espainiarrak izango dira aita edo ama espainiarra dutenak; Espainian jaiotakoak, guraso atzerritarrak izan arren, horietariko bat Espainian jaioa bada; Espainian jaiotakoak, gurasoak atzerritarrak eta nazionalitate gabeak izanez gero edo haien sorterriko zuzenbideak ez duenean nazionalitaterik ematen seme-alabei; eta Espainian jaioak, noren seme-alaba diren zehaztu gabe badago, eta uste bada espainiarrak direla. Bestalde, eratorritako nazionalitatea eskuratzeko hainbat epe aurreikusita daude (KZ 22 art.): ohiko epea, hamar urtekoa; errefuxiatuentzat, bost urteko epea; bi urteko epea iberoamerikako herrialdeen eta Andorra, Filipinak, Ekuatore Ginea, eta Portugaleko biztanleentzako; eta, azkenik, urte bateko epea KZ 22.2 artikuluan zerrendatzen diren egoeretan daudenentzako. Edonola ere, haintzat hartu behar da eratorritako nazionalitatea kendua izateko aukera dagoela hiru urteko epean, espainiarra izateko alde batera utzi zen nazionalitatea erabiltzeagatik; edota borondatez, atzerriko estatu bateko armadan sartuz gero edo kargu politiko bat onartuz gero Espainiako Gobernuaren debeku jakin baten kontra.

Nazionalitate bikoitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsona batek bi nazionalitate baditu, lotura juridiko bikoitza izango du.

Nazionalitate bikoitzeko itunak hitzartzeko aurreikuspena 1931ko Konstituzioari zegokion, baina gaur egun indarrean dagoen Konstituzioan, modu zabalagoan egin zen. Aurreko konstituzioan, soilik Iberoamerikako herrialdeak aipatzen ziren, baina 1978ko konsituzioaren 11.3. artikuluan “lotura berezia” duten herrialdeak aipatzen dira ere, beharbada, Andorra, Filipinak edo Ekuatore Ginea.

Hortaz, 11.3 aritkuluak nazionalitate bikoitzaren erakundea onartzen du. Nazionalitate bikoitza lortzeko Iberoameriketateko herrialdeekin itunak hitzartuz (gaztelania edo portugesa hizkuntza ofizialetako bat ) edo lotura berezia deritzonaren bidez ere lortu daiteke, kontzeptu zabala dena. Horrenbestez, lotura berezia dagoen herrialdeekin nazionalitate bikoitza lortzea posible da betiere bigarren baldintza bat betetzen bada; itun bat sinatuta izatea. Zehazki honela dio artikuluaren hirugarren atalaren hasierak: “Estatuak nazionalitate bikoitzari buruzko itunak hitzar ditzake Iberoameriketako herrialdeekin edo Espainiarekin lotura berezia duten edo izan duten herrialdeekin[1]. Azkenik, aipatzekoa da, ez dela beharrezkoa herrialde hauen elkarrekikotasuna: “Herrialde horietan espainiarrak bertakotu daitezke sorterriko nazionalitatea galdu gabe, nahiz eta hango hiritarrentzat eskubide hau onarturik egon ez.”[1]

Esan genezake nazionalitate bikoitza duen pertsona batek bi herrialdetako naziotasuna duela, eta bi estatuetako nazionalen erabateko izaera juridikoa du. Hala ere, horrek ez du esan nahi pertsona bi herrialdeetako legedien mende egon daitekeenik aldi berean. Nolabait, eskubideei dagokionez, nazionalitate bikoitza izatean, bi horietako batek ematen dituen eskubideak egongo dira indarrean. Hau da, batek ematen dituen eskubideaz gozatzeko ahalmena egongo da, eta ez biena, besteak ematen dituen eskubideak izozturik geratzen direlarik.

  1. a b https://www.boe.es/legislacion/documentos/ConstitucionCASTELLANO.pdf