Lankide:ManexPalacioZarraoa/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea
John Searle

Gela txinatarra John Searlek proposatutako gogo-esperimentu bat da. Esperimentu honen xedea programatutako ordenagailu baten gogamenaren falta, eta gogamena izateko ezinezkotasuna, frogatzea da. Proposamen hau bere "Minds, Brains, and Programs" idazkian egin zuen lehen aldiz, 1980an Behavioral and Brain Sciences aldizkarian argitaratutako idazkian.[1] Esperimentu honek korronte filosofiko bati egiten dio aurre, funtzionalismoari.[2] Teoria honek gizakion gogamena sinbolo formalak interpretatzen dituen sistema informazio-prozesatzaile batekin alderatzen du. Hortaz, funtzionalismoaren arabera, estimulu hauek ordenagailu bati ematea nahikoa litzateke ordenagailu hori gizakion gogamenaren parekoa izan dadin. Searleren saiakera honen helburua ez zen adimen aritifizialaren inguruko ikerketa ororen aurka jotzea.[3] Saiakera hau ordenagailu digitaletan soilik aplika daiteke, ez makina guztietan.

Gela txinatarraren esperimentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turingen testa

Eman dezagun txinera ulertzen duen (edo, behintzat, hori dirudien) makina bat sortu duela gizakiak eta makina honek hizkuntza honi buruzko datuak jasotzen dituela txinatar batengandik, hauek sinbolo formalak dira eta makinak hauen arabera erantzun desberdinak emanten ditu, hau da, ordenagailu bat da. Era berean, eman dezagun ordenagailu honek Turingen testa pasatzen duela eta txinatarra makinak txinera dakiela sinesgarri egiten duela.

Egoera honetan Searlek makina honen barruan irudikatu zuen bere burua. Filosofo estatubatuarra konputagailuaren barruan dago eta kanpoko errealitatearekin lotzen duen gauza bakarra idazki txinatarrak sartzeko zirrikitu bat da. Nahiz eta Searlek txinera ez jakin, hiztegi eta eskuliburak ditu, hauek karaktere txinatar bat jasotzean zein beste karakterekin erantzun behar duen erakusten diote.

Eman dezagun makinaren beste aldean lehen aipatutako txinatarra dagoela eta ordenagailuari galderak egiten dizkiola txineraz. Makinak (edo Searlek) inolako txinerarik jakin gabe erantzunak eman ahalko dizkio bertan eskuliburuak dituelako hizkuntzaren arauekin eta, hortaz, txinatarrak makinak (edo Searlek) txinera dakiela sinestuko du.

Esperimentu honetan Searlek hiru galdera planteatzen ditu:

  • Nola erantzun dezake Searlek inolako txinerarik jakin gabe?
  • Eskuliburuek txinera al dakite?
  • Interpreta daiteke aipatutako sistemak, bere osotasunean (eskuliburuak, Searle eta bere erantzunak), txinera ulertzen duen sistema bat dela?

Searleren arabera, adimen artifizial orokorraren defendatzaileek (ordenagailu-programek hizkuntza eta giza-gogamenaren beste hainbat ezaugarri eduki ahalko lituzketela defendatzen dutenek) onartu beharra dute bi aurkako ondorio egon daitezkeela: bata aipatutako sistemak txinera ulertzen duela eta, bestea, Turingen testa pasatzea ez dela nahikoa makina batek adimena duela frogatzeko. Searleren aburuz, sistema honek testa gainditu arren, sistemak berak ez daki txineraz, Searlek ez duelako txinera ulertzen, emandako arauak kopiatu ditu besterik gabe.

Gela txinatarraren argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Adimen artifizial orokorra egia baldin bada, txinatarrarentzako programa bat dago eta edozein motako makina batek hau izatean txinatarra uler dezake.
  2. Pertsona batek txinatarrarentzako programa aurrera eraman dezake era mekaniko batean hizkuntza ulertu gabe.
  3. Adimen artifizial orokorra faltsua da, sistemak ez baitu txinatarra ulertzen, ulertzearen plantak egiten ditu soilik.

Azpimarragarria da Searlek ez duela ezeztatzen makina ororen pentsatzeko ahalmena: ezeztatzen du, pentsatzean, programa bat erabiltzen dutela.

Esperimentuari egindako kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Searleren esperimentu honek eztabaida berriak piztu eta lehenagotik zeudenak astindu zituen. Horien artean adimenaren esanahia, adimendun makinen posibilitatea eta Turingen testaren zalantzagarritasuna.[4] Esperimentuaren defendatzaileen arabera, gela txinatarrak 2. premisa egiazkoa dela frogatzen du. Adimen artifizial orokorraren aldekoen aburuz, ordea, premisa hau inferentzia batean oinarrituta dago eta, hori dela eta, eztabaidagarria izaten jarraitzen du. Iritzi honetako arrazoiketak bide hauetako batetik joan ohi dira:

  • Nahiz eta makinaren barnean dagoen pertsonak hizkuntza ez jakin, izan liteke sistemak, bere osotasunean (eskuliburuak, pertsona eta erantzunak), hizkuntza ulertzea.
  • Esperimentuko programa ez da erabili daitekeen programa mota bakarra, beste aukera batzuk daude:
  1. Inguruarekin hartu-emanak izateko eta hauetatik ikasteko gai den robot bat.
  2. Txinatarra ulertzearekin lotutako prozesu neuronal oro burutzen duen programa bat.
  • Makinaren portaera ez baldin bada txinera ulertzearen erakusle, orduan pertsonen portaera ere ezin da erakusle nahikoa izan. Esperimentu honetan figura erretoriko baten erabilera egiten da ulermen kontzeptuaren desfigurazioa egiteko, zentzugabekeria baita esatea "makinak ezin duela txineraz erantzun ez duelako benetan txinera ulertzen", benetan ulertzeko "ideia, forma kontzeptuala oinarritzat izanda, eraikitzeko kapaza izan behar du batek"; beharbada, ulermenaren teoria hori idealista samarra da, ez hain zientifikoa. Hala eta guztiz ere, giza-gogamena ordenagailuenak baino konplexuagoak diren algoritmoetan oinarritzen da, beraz, denbora kontua da ordenagailuek hauek eskuratu ahal izatea.
  • Ulermenaren garapena (eta, horrekin batera, adimena) prozesu ebolutibo bat da eta norbanakoak estrategia desberdinak erabil ditzake ikasteko (kasu honetan txinera ikasteko). Horrexegatik, beharrezkoa da ulermena maila desberdinetan bereiztea prozesuan zehar.

Kritiken aurkako kontra-argudioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Makinak txinera erabili arren, ez du hau ulertzen barruko pertsonak ez dakielako zer ari den egiten, egiten du besterik gabe. Beraz, konputagailu batek hizkuntza bat erabiltzeak ez du esan nahi honek hizkuntza hori ulertzen duenik, baizik eta hizkuntza erabiltzen ari dela soilik.
  • Makina batek ekintza bati beste ekintza batekin erantzuteak ez du esan nahi makina honek adimena duenik,[5] ekintza honi erantzuteko egiten duena ulertezina baita berarentzat; sortzen duen erantzuna inferentzia bidez eta loturak eginez burutzen baitu, bukaeran okerra izan daitekeen erantzun bat lortuz. Egun, ezinezkoa da kontrakoa frogatzea, izan ere, ez dago biologikoa den hori makina batean plasmatzeko modurik eta biologikoa den hori artifiziala baino askoz ere konplexuagoa da ulertzeko, artifiziala sortua den heinean osotasunean uler baitaiteke. Biologiaren hainbat esparru oraindik ikergaitzak dira gizakiontzat, honen adibide argia giza-adimena izanik. Gizakiaren hainbat gaitasun ezin izango ditu inoiz makina batek izan, besterik gabe, biologikoak izateagatik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Searle, John. (1980). Minds, Brains and Programs. Behavioral and Brain Sciences, 417-457 or..
  2. Searle, John. (1992). The Rediscovery of the Mind. Cambrige, Massachusetts, MIT Press.
  3. Russell, Stuart J, Norvig, Peter. (2021). Artificial Intelligence: A Modern Approach (4th ed. ). Hoboken: Pearson.
  4. Turing Test: 50 Years Later. , 479 or..
  5. ¿De qué se trata el 'cuarto chino', el experimento que cuestiona la inteligencia artificial?. BBC.