Lankide:Olatzbeitia/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Emakumezkoen eskupilota frontoi motzean binaka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olatz Arrizabalaga pilotaria
Elkarrizketa Olatz Arrizabalagari

Emakumezkoen binakako eskupilota frontoi motzean eskupilota jokamoldea da. Jokamolde honetan lau emakumek jokatzen dute aldi berean, bi bikotetan banatuak: bikoteetako bat gorriz jantzita, eta bestea urdinez. Bikoteek txandaka jotzen dute pilota, talde bakoitzeko batek jotzen du txanda bakoitzean, hau da; urdinetako batek jotzen du, ondoren gorrietako batek, gero urdinetako batek… Ez du axola bikoteko nork jotzen duen, ez da bikote barneko txandarik errespetatu behar.

Pilota[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezker eskuko takoa

Nukleo gogor batez dago osatuta, horren gainean kotoi edo artilezko zati bat dago, ondoren larruzko azal batez josten da. Josturak zortzi baten moduan egiten dira. Emakumezkoen kasuan hiru pilota mota bereizten dira: goxua, mixtoa eta tokekoa. Goxua hasiberriek eta gaztetxoek erabiltzen dute gehien, tokekoa, ostera, ez da erabiltzen. Mixtoa da gehien zabaldu dena:

  • Diametroa: 59-61 mm
  • Pisua: 80-90 g

Pilota eskuekin jo egin behar da, ezin daiteke atxiki egin edota eskuekin hartu. Hori dela eta, pilotariek takoak erabiltzen dituzte eskuak babesteko.

Instalazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frontoi motzean jokatzen den jokamoldea da hau; instalazio hau, frontisa, ezker horma, errebotea, kantxa eta kontrakantxaz osatuta dago. Hauek dira zati desberdinen neurriak:

  • Kontrakantxa: gutxienez 3 metroko zabalera izango du.
  • Kantxaren luzera: 30 eta 36 metro artean.
  • Kantxaren zabalera: 10 metro.
  • Frontisaren altuera: 10 metro.
  • Frontisaren zabalera: 11 metro.
  • Errebotearen altuera: 5,60 metro gutxienez.
  • Errebotearen zabalera: 10 metro.

Frontisaren goiko eta beheko aldeak debekatutako espazioak dira, bertan koltxoiak kokatzen dira, pilotak hemen jotzen badu tantoa aurkariarentzat izango da. Koltxoi hauen mugak markatzeko txapa izeneko egiturak daude, goiko eta beheko txapez gain frontisaren alboan ere txapa bat dago, kontrakantxaren marraren goranzko jarraipena dena. Txapa frontisaren material ezberdinez eginda dago, normalean metalezkoa izan ohi da, pilotak hemen jotzen badu soinu desberdina egingo du eta epaileak txarra dela esango du.

Ogueta frontoia
  • Beheko txaparen altuera: 60 zentimetro
  • Goiko txaparen altuera: 10 metrora.
  • Alboko txapa: ezker paretatik 11 metrora.

Kantxan marra batzuk daude, marra horien arteko lekuari "Koadroa" deritzogu, koadroak zenbakiz markatuta daude, zenbakiak ezker horman margotuta daude. Hauek sakea nondik nora egin behar den argitzen dute. Marrak frontisari paralelo daude, hau da, kantxa zabalean zeharkatuz.

  • Zenbakien arteko distantzia: 3,5 metroko tartea dago.
  • Faltako marraren distantzia: 14 metro – 4 koadro
  • Luzeko marraren distantzia: 24,5 metro – 7 koadro

Arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakea, sake marraren atzetik egin beharko da (frontisetik 14 metrora dagoen marratik - 4. koadrotik), frontisean jo eta falta marraren (frontisetik 10,5 metrora - 3.koadroan) eta luze marraren (frontisetik 24,5 metrora - 7.koadroan) artean sartu beharko da, bestela sakea txartzat joko da. Pilotak frontisa ukitu baino lehen ezker pareta uki dezake.

Sakea falta marrara heltzen ez bada, tantoa beste taldearentzat izango da. Luze marratik pasatzen bada, sakalariak beste sake bat egiteko aukera izango du. Bi sake bakarrik egin daitezke, beraz, bigarren sake hori falta eta luze marren artean sartzen ez bada, tantoa beste taldearentzat izango da.

Sakearen ondoren beste taldeak jo eta tantoa jokatzen da. Beste pilotarien kokapena garrantzitsua da. Buruz buru ari direnean, mutilek 15,75 metrotik ateratzen dute, neskek, 14 metrotik.

Jokalarien kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pilotariak kantxan non kokatu behar direnari buruzko araurik ez dago. Binakako partiduetan, normalean, bat aurrean (aurrelaria) eta bestea atzean (atzelaria) jokatzen da. Aurrelari frontisetik gertuago kokatzen da, atzelaria atzerago.

Emakumezkoen eskupilota partida

Salbuespenak salbuespen, arruntena da sakea egiterako orduan errestoa egin behar duen bikotea honela kokatzea: aurrelaria 4. koadroko marraren atzean, ezker paretatik hurbil, airez sartzeko aukera gehien bertan baitaude, eta atzelaria, 7. koadroko marraren inguruan, hau ere ezkerreko hormatik hurbil, sakea punpa egin ostean erantzuteko lekurik egokiena baita.

Tantoan zehar, aurrelariak 3. eta 4. koadroen artean kokatzen dira eta atzelariak 5. eta 6. koadroen artean. Argi dago kokapen hauek aldatu egingo direla partidaren arabera, baina ohikoena da leku horietan egotea, edozein pilotatara iristeko aukera ematen baitute; hala ere, lau pilotariek ez dute inolako debekurik kantxan zehar lekualdatzeko.

Tanto amaierak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jokamolde hau joko ez zuzena da. Hau da, pilotari batek pilota jotzean derrigorrezkoa da  frontisera bideratzea. Pilota espazio eraginkorretara bideratzen bada, hau da, frontisa, ezker-horma edota errebotera, tantoak bizirik jarraituko du. Aldiz, pilotak aurretik aipatu gabeko espazio batera bideratzen bada, tantoa amaitu egingo da.

Modu bat baino gehiago dago tanto bat lortzeko. Tantoa lortuko da aurkariak pilota jotzean frontisera ez bada heltzen. Tantoa izango da frontisean eman eta lehen botea kantxatik kanpo ematen badu ere, edo behe zein goi txapatik kanpora baldin badoa. Pilotak bi bote ematen baditu ere, tantoa izango da. Beraz, aurkariaren hutsegiteak dira norberaren tantoak, eta tanto bakoitzak puntu bat ematen dio taldeari. Partiduak 22 tantora jokatzen dira, taldeetako bat puntuazio honetara heltzean partidua amaitutzat ematen da.

Postu espezifikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beheko kolpea

Binakako partiduetan, normalean, batak aurrelari jarduten du eta besteak atzelari. Izenak dioenez, kokapenari dagokio desberdintasuna, bata aurrerago eta bestea atzerago ibiltzen baitira. Jokalariak nahieran jar daitezke eta edozein momentutan alda dezakete postua. Postuaren arabera, pilotariek ezberdin jarduten dute.

Bikoteko edozeinek sakatu dezakeen arren, sakea aurrelariak egin ohi du, horretarako marra, 4. kuadroan, hurbilago baitago aurrelaria mugitu ohi den espaziotik atzelariarenetik baino. Hau da, sakeko lehenengo botea egiteko marra frontisetik zein distantziara dagoen ikusita, frontisetik gertuen dagoenak egin ohi du sakea.

Kolpe motak eta jokaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, postuaren arabera, pilotariek ezberdin jarduten dute: aurrelariek joko azkarragoa egiten dute, tantoak amaitzeko jokaldiak egin ohi dituzte, goiko eta erdiko kolpeak erabiltzeko joera handiagoa dute eta, atzelariekin alderatuz gero, aireko kolpe gehiago egin ohi dituzte. Atzelariek, ordea, urrunagotik jotzen dute pilota, bote ondorengo beheko kolpeak gehiago baliatuz, pilota ahalik eta gehien atzeratuz eta aurkako aurrelariari jokoan sartzen ez utziz.

Jokaldi ohikoenak mozketak, horma bikoak eta dejadak dira. Esan behar da aurrelariak atzelariak baino jokaldi gehiago egiten dituela, gehiagotan bilatzen baitu tantoa amaitzea. Gainera, ezberdina da ezkerrarekin ala eskuinarekin egitea jokaldia: ezkerrarekin egitean ohikoagoa da pilota zabalerantz bideratzea, eta eskuinarekin, ordea, txokoruntz. Hala ere, alde beretik berera eginiko jokaldiak ere erabiltzen dira.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arau ofizialak