Eskupilota frontoi motzean lauterdian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eskupilota frontoi motzean binaka
Mikel Rafael Arabako euskal pilota federazioko zuzendari teknikoari elkarrizketa, eskupilotako frontoi motzeko jokamoldeen inguruan.
Jokamoldea
MotaEskupilota
InstalazioakFrontoi motz
Jokalari kopurua2
Ohiko koloreak 
Txapelketa nagusiaEsku Huskako Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa Nagusia

Eskupilota frontoi motzean binaka eskupilota jokamolde bat da, espazioan are gehiago mugatutako frontoi motzean jokatzen dena. Esku pilotako jokamolde honetan bi pertsonek jokatzen dute, batak bestearen kontra txandaka pilota jotzen dute. Jokalari bat gorriz doa jantzita, bestea urdinez. Buruz-burukoarekin daukan desberdintasuna jokoaren neurriak dira, kasu honetan pilotak ezin du laugarren eta bosgarren koadroaren erdiko marra baino urrunago botea eman, sakean izan ezik. Bestela tantoa aurkariarentzat izango da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945ean jaio zen jokamolde hau, martxoaren 24an, Bergaran Atano III.a eta Eugenio Bolinagaren artean egin zen partidarekin[1][2]. La Voz de España egunkarian pilotazale batek egindako erronkari erantzunez sortu zen, Atano III.ari 4 eta erditik ez pasatzeko eta sakea 4an egiteko erronka egin eta gero. Atanok onartu zuen erronka, baina esan zuen sakea 3 eta erdian egin nahi zuela, eta pasa 5ean izango zela. Lehen partida hori Atano III.ak irabazi zuen (22-21), ondoren Bolinagak Gallastegiri erronka bota zion Eibarren; Gallastegik irabazi zuen partida. Final moduko bat egin zuten Atano III.ak eta Gallastegik 1945eko apirilaren 21ean Tolosako Beotibar frontoian, Gallastegiren garaipenarekin (22-21)[1].

Hurrengo txapelketak 1953an egin ziren, Empresas Unidas-ek antolatuta. 1954an eta 1955ean ere antolatu zen, baina 1989ra arte ez zen berriro jokamolde hau berrartu[2]. Retegi II.ak Galarza III.ari irabazi zion finala Anoetan, baina publiko gutxi izan zuen lehiak[3].

Pilota[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nukleo gogor batez dago osatuta, horren gainean kotoi edo artilezko zati bat dago, ondoren larruzko azal batez josten da. Josturak zortzi baten moduan egiten dira.

Pilotaren kolorea frontoiaren kolorearen menpe dago, kolore horien arteko harremanak pilota hobeto edo txarrago ikustea eragingo du. Pareten kolorea argia bada pilota ilunagoa izango da, paretak ilunagoak badira, pilota argiagoa.

  • Diametroa: 59-64 zentimetro inguruan, jokatzen duenaren arabera, txikiek pilota txikiagoak izango dituzte, nagusiek, handiagoak.
  • Pisua: mutilen kasuan 90,1-106 gramo artean. Nesken kasuan 69-96 gramo artean. Diametroan bezala pisu gutxiago jokalari txikiagoentzako, handiagoa nagusientzako.
  • Pilota eskuarekin jo behar da, debekatuta dago hartzea. Eskua pilotatik babesteko takoak erabiltzen dira.

Instalazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ogueta frontoia.
Ogueta frontoi motza.

Frontoi motzean jokatzen den jokamoldeak dira hauek, instalazio hau, frontisa, ezker horma, errebotea, kantxa eta kontrakantxaz osatuta dago. Hauek dira zati desberdinen neurriak:

  • Kontrakantxa: gutxienez 3 metroko zabalera izango du.
  • Kantxaren luzera: 30 eta 36 metro artean.
  • Kantxaren zabalera: 10 metro.
  • Frontisaren altuera: 10 metro.
  • Frontisaren zabalera: 11 metro.
  • Errebotearen altuera: 5,60 metro gutxienez.
  • Errebotearen zabalera: 10 metro.

Frontisaren goiko eta beheko aldeak debekatutako espazioak dira, betan koltxoiak kokatzen dira, pilotak hemen jotzen badu tantoa aurkariarentzat izango da. Koltxoi hauen mugak markatzeko txapa izeneko egiturak daude, goiko eta beheko txapez gain frontisaren alboan ere txapa bat dago, kontrakantxaren marraren goranzko jarraipena dena. Txapa frontisaren material ezberdinez eginda dago, normalean metalezkoa izan ohi da, pilotak hemen jotzen badu soinu desberdina egingo du eta epaileak txarra dela esango du.

  • Beheko txaparen altuera: 60 zentimetro
  • Goiko txaparen altuera: 10 metrora.
  • Alboko txapa: ezker paretatik 11 metrora.

Kantxan marra batzuk daude, marra horien arteko lekuari "Koadroa" deritzogu, koadroak zenbakiz markatuta daude, zenbakiak ezker horman margotuta daude. Hauek sakea nondik nora egin behar den argitzen dute. Marrak frontisari paralelo daude, hau da, kantxa zabalean zeharkatuz. Zenbakien arteko distantzia: 3,5 metroko tartea dago.

Arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakea tantoa egin duen taldeak egingo du. Sakea egin aurretik beti aurkariak abisatu beharko dira, prest egon daitezen.

Sakea, sake marraren atzetik egin beharko da, kasu honetan 4. koadroa (historikoki 3. koadroan jokatu da), frontisean jo eta falta marraren (frontisetik 14 metrora – 4.koadroa) eta luze marraren (frontisetik 24,5 metrora-7.koadroa) artean sartu beharko da, bestela sakea txartzat joko da. Pilotak frontisa ukitu baino lehen ezker pareta ukitu dezake.

Sakea falta marrara heltzen ez bada, tantoa beste taldearentzat izango da luze marratik pasatzen bada sakalariak beste sake bat egiteko aukera izango du. Bi sake bakarrik egin daitezke, bigarren sake hori falta eta luze marren artean sartzen ez bada, tantoa beste taldearentzat izango da.

Honen ondoren beste taldeak jo eta tantoa jokatzen da. Lauterdian pilotaren botea ezin da pasa marra horretatik, lau eta bost koadroen artean partidu hauek jokatu ahal izateko jartzen dena. Hortik pasatzen bada, tantoa beste jokalariarentzat izango da.

Jokalarien kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pilotariak kantxatik atera daitezke pilotari emateko, botea barnean eman badu. Irudian, Beñat Rezusta pilotaria.

Pilotariak kantxan non kokatu behar direnari buruzko araurik ez dago. Buruz burukoan ez dago postu espezifikorik ere, binaka aurrelariak eta atzelariak dauden bezala. Hala ere, sakean lau eta zazpi artean botea eman behar duenez, erantzun behar duena gero partida jokatzeko gunea baino atzerago egon ohi da, lehen pilotakadan aurrera joz.

Tanto amaierak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Modu bat baino gehiago dago tanto bat lortzeko. Tantoa lortuko da aurkariak pilota jotzean frontisera ez bada heltzen. Tantoa izango da ere frontisean eman eta lehen botea kantxatik ematen badu, edo behe zein goi txapatik gora baldin badoa. Pilotak bi bote ematen baditu ere, tantoa izango da. Tanto bakoitzak puntu bat ematen dio taldeari. Partiduak 22 tantora jokatzen dira, taldetako bat puntuazio honetara heltzean partidua amaitutzat ematen da.

Kolpe motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrelariek joko azkarragoa egiten dute, haiek goiko eta erdiko kolpeak egitea da ohikoena, hau da, ez dute gerritik beherako kolpe askorik egiten. Atzelariek, ordea, batez ere beheko kolpeak emanez jokatzen dute, haien helburua atzeko koadroak defendatzea da eta kolpe mota hauek dira helburu horretarako erabilgarrienak.

Txapelketa nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lauterdiko txapelketaren aurkezpena, 2018an.

Esku Huskako Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa Nagusia da lehiaketa nagusia. Partida bakoitzean bi pilotari aritzen dira, buruz buru. Esku huskako pilotan, denboraldiko hiru txapelketa nagusietako bat da, buruz burukoarekin eta binakakoarekin batera.

1953an sortua, 1958tik 1988ra bitartean ez zen jokatu. 2002az geroztik Esku Pilota Enpresen Ligak (EPEL) antolatzen du. Asegarce eta Aspe enpresetako pilotariek parte hartzen dute.

Aimar Olaizola da lau eta erdiko txapelketa nagusi gehien irabazi duen pilotaria (7 txapel). Hala ere, adituen artean adostasun zabala dago zerrenda horretako bigarrenak, Julian Retegik (4 txapel), lortu zituenak baino askoz gehiago irabaziko zituzkeela, baldin Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusia lehenago berrezarri izan balitz (1974tik 2001era izan zen profesionala Retegi II.a, eta 1989raino ez zen Lau eta Erdiko Txapelketarik berrezarri izan; ordurako 35 urte zituen Retegik, eta irabaziak zituen buruz buruko 9 txapelketa jarraian).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) Vidarte, Author: Isabel. (2015-11-13). «El desafío» pelotamano.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
  2. a b Mendizabal, Josemari Velez De. (azaroa 10, 2019). «HOTS BEGI DANBOLINAK: BOLINAGA LAU T´ERDIKO MODALITATEAREN SORTZAILEA / BOLINAGA, CREADOR DE LA MODALIDAD 4 Y MEDIO» HOTS BEGI DANBOLINAK (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
  3. (Gaztelaniaz) «Historia del 4 y medio.» La increíble historia de la pelota vasca 2020-09-04 (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]