Eskupilota frontoi motzean binaka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eskupilota frontoi motzean binaka
Mikel Rafael arabako euskal pilota federazioko zuzendari teknikoari elkarrizketa, eskupilotako frontoi motzeko jokamoldeen inguruan.
Jokamoldea
MotaEskupilota
InstalazioakFrontoi motz
Jokalari kopurua4
Ohiko koloreak 
Txapelketa nagusiaEsku Huskako Binakako Pilota Txapelketa Nagusia

Eskupilota frontoi motzean binaka eskupilota jokamolde bat da, frontoi motzean jokatzen dena. Esku pilotako jokamolde honetan lau pertsonak jokatzen dute batera, bi taldetan banatuta, bi gorriz jantzita doaz, beste bi urdinez. Bikoteek txandaka jotzen dute pilota, talde bakoitzeko batek jotzen du txanda bakoitzean, hau da; urdinetako batek jotzen du, ondoren gorrietako batek, gero urdinetako batek… Ez du axola bikoteko nork jotzen duen. Ez da bikote barneko txandarik errespetatu behar.

Pilota[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nukleo gogor batez dago osatuta, horren gainean kotoi edo artilezko zati bat dago, ondoren larruzko azal batez josten da. Josturak zortzi baten moduan egiten dira.

Pilotaren kolorea frontoiaren kolorearen menpe dago, kolore horien arteko harremanak pilota hobeto edo txarrago ikustea eragingo du. Pareten kolorea argia bada pilota ilunagoa izango da, paretak ilunagoak badira, pilota argiagoa.

  • Diametroa: 59-64 zentimetro inguruan, jokatzen duenaren arabera, txikiek pilota txikiagoak izango dituzte, nagusiek, handiagoak.
  • Pisua: mutilen kasuan 90,1-106 gramo artean. Nesken kasuan 69-96 gramo artean. Diametroan bezala pisu gutxiago jokalari txikiagoentzako, handiagoa nagusientzako.
  • Pilota eskuarekin jo behar da, debekatuta dago hartzea. Eskua pilotatik babesteko takoak erabiltzen dira.

Instalazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ogueta frontoia.
Ogueta frontoi motza.

Frontoi motzean jokatzen den jokamoldeak dira hauek, instalazio hau, frontisa, ezker horma, errebotea, kantxa eta kontrakantxaz osatuta dago. Hauek dira zati desberdinen neurriak:

  • Kontrakantxa: gutxienez 3 metroko zabalera izango du.
  • Kantxaren luzera: 30 eta 36 metro artean.
  • Kantxaren zabalera: 10 metro.
  • Frontisaren altuera: 10 metro.
  • Frontisaren zabalera: 11 metro.
  • Errebotearen altuera: 5,60 metro gutxienez.
  • Errebotearen zabalera: 10 metro.

Frontisaren goiko eta beheko aldeak debekatutako espazioak dira, betan koltxoiak kokatzen dira, pilotak hemen jotzen badu tantoa aurkariarentzat izango da. Koltxoi hauen mugak markatzeko txapa izeneko egiturak daude, goiko eta beheko txapez gain frontisaren alboan ere txapa bat dago, kontrakantxaren marraren goranzko jarraipena dena. Txapa frontisaren material ezberdinez eginda dago, normalean metalezkoa izan ohi da, pilotak hemen jotzen badu soinu desberdina egingo du eta epaileak txarra dela esango du.

  • Beheko txaparen altuera: 60 zentimetro
  • Goiko txaparen altuera: 10 metrora.
  • Alboko txapa: ezker paretatik 11 metrora.

Kantxan marra batzuk daude, marra horien arteko lekuari "Koadroa" deritzogu, koadroak zenbakiz markatuta daude, zenbakiak ezker horman margotuta daude. Hauek sakea nondik nora egin behar den argitzen dute. Marrak frontisari paralelo daude, hau da, kantxa zabalean zeharkatuz.

  • Zenbakien arteko distantzia: 3,5 metroko tartea dago.
  • Faltako marraren distantzia: 14 metro – 4 koadro
  • Luzeko marraren distantzia: 24,5 metro – 7 koadro

Arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frontoi motz gehienetan 7. koadroan dago Pasa marka. Sakean pilota hortik atzera egiten badu lehen botea, bigarren aukera izango du pilotariak sakea egiteko.

Sakea tantoa egin duen taldeak egingo du. Sakea egin aurretik beti aurkariak abisatu beharko dira, prest egon daitezen.

Sakea, sake marraren atzetik egin beharko da (frontisetik 14 metrora dagoen marratik), frontisean jo eta falta marraren (frontisetik 14 metrora – 4.koadroa) eta luze marraren (frontisetik 24,5 metrora-7.koadroa) artean sartu beharko da, bestela sakea txartzat joko da. Pilotak frontisa ukitu baino lehen ezker pareta ukitu dezake.

Sakea falta marrara heltzen ez bada, tantoa beste taldearentzat izango da luze marratik pasatzen bada sakalariak beste sake bat egiteko aukera izango du. Bi sake bakarrik egin daitezke, bigarren sake hori falta eta luze marren artean sartzen ez bada, tantoa beste taldearentzat izango da.

Honen ondoren beste taldeak jo eta tantoa jokatzen da. Beste pilotarien kokapena garrantzitsua da. Buruz buru ari direnean, mutilek 15,75 metrotik ateratzen dute, neskek, 10,5 metrotik. Pilotariak nahi duen moduan kokatzen dira, normalean ezker paretari pegatuta egoten dira, pilota hara badoa jotzea zailagoa baita.

Jokalarien kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeen arteko pilota partidua binaka, Orozkon 2016an.

Pilotariak kantxan non kokatu behar direnari buruzko araurik ez dago. Binakako partiduetan, normalean, bat aurrean (aurrelaria) eta bestea atzean (atzelaria) jokatzen da. Aurrelari frontisetik gertuago kokatzen da, atzelaria atzerago.

Tanto amaierak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Modu bat baino gehiago dago tanto bat lortzeko. Tantoa lortuko da aurkariak pilota jotzean frontisera ez bada heltzen. Tantoa izango da ere frontisean eman eta lehen botea kantxatik ematen badu, edo behe zein goi txapatik gora baldin badoa. Pilotak bi bote ematen baditu ere, tantoa izango da. Tanto bakoitzak puntu bat ematen dio taldeari. Partiduak 22 tantora jokatzen dira, taldetako bat puntuazio honetara heltzean partidua amaitutzat ematen da.

Postu espezifikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Binakako partiduetan, normalean, bat aurrean (aurrelaria) eta bestea atzean (atzelaria) jokatzen da. Jokalariak nahieran jar daitezke eta edozein momentutan alda dezakete postua. Aurrelaria frontisetik gertuago kokatzen da, atzelaria, ordea, frontisetik urrunago.

Kolpe motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrelariek joko azkarragoa egiten dute, haiek goiko eta erdiko kolpeak egitea da ohikoena, hau da, ez dute gerritik beherako kolpe askorik egiten. Atzelariek, ordea, batez ere beheko kolpeak emanez jokatzen dute, haien helburua atzeko koadroak defendatzea da eta kolpe mota hauek dira helburu horretarako erabilgarrienak.

Txapelketa nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beotibar pilotalekua, 2014ko abenduaren 26an. Ezkurdia-Zabaleta eta Artola-Albisu aurrez aurre.

Esku Huskako Binakako Pilota Txapelketa Nagusia, laburrean binakako txapelketa, da modalitate honetako txapelketa nagusia. 1941ean sortu zen,[1] Esku Huskako Buruz Buruko Pilota Txapelketa Nagusiarekin batera. Bi urtean behin jokatzen zen, hasiera hartan. Hala ere, 1945eko txapelketatik 1961ekoraino, eta ordukotik 1978koraino, etenaldi luzeak izan zituen, interes askorik ez baitzuen pizten txapelketa horrek. 1973an, orduko hartan esku huskako pilotan ziharduten bi enpresak —Empresas Unidas eta Eskulari— konturatu ziren txapelketak ezin formula hobeagoa zirela esku huskako pilotaren egutegiari pizgarri bat jartzeko. Hamarkada hartan, beraz, bi enpresek bakoitzak bere aldetik txapelketak egin zituzten, harik eta 1978an, bi enpresen artean lortutako hitzarmenari esker, lehiaketa berriz ere txapelketa nagusi bilakatu zen arte.

Lehenengo txapeldunak Onaindia - Urtzelai II.a izan ziren, eta txapel gehien eskuratu duen bikotea Retegi II.a - Errandonea izan dira, hiru garaipenekin.[1] Hala ere, Retegi II.arekin batera Antton Maiz eta Juan Martinez de Irujo pilotariek bosna txapel dituzte guztira. 2002. urtean hasi zen EPEL esku huskako binakako pilota txapelketa antolatzen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]