Leokadi

Wikipedia, Entziklopedia askea

Leokadi Ondarroako kondaira ezagun bateko pertsonaia nagusia da. Elizari hiru bira emateagatik elizaren goiko aldean harri bihurtuta geratu zen neska gaztea. Gaur egun elizaren goiko aldean bizi den sinesmena mantentzen dute herritarrek, herriaren zaindaria da.

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«

Leokadi bizitzan neska gangar bat baino ez zen. Kortxeleko (elizako teilatua) mamuengatik esaten zena ez zuen aintzakotzat hartzen. Benetan esateko, ez zegoen orduan Ondarroan inor “abemaitaku” (arratsaldeko zazpiretan jotzen ziren kanpaiak) jo eta gero korretan (eliza inguratzen duen pasealekua) hiru buelta emango zuenik. Halako batean, dantzan ibili eta gero, lagunekin zetorrela, Leokadik esan zien bere lagunei:

- Baietz nik korretari hiru buelta eman!

Abemaitaku jota zegoen ordurako. Lagun batzuk etxera joan ziren, baina han geratu ziren beste hiru-lau, zer egiten zuen ikusteko.

Esan eta egin. Hasi zen gure Leokadi korreta zaharrean zehar buelta ematen eta lehen buelta arin eman zuen, saltoka eta barrezka. Bigarren buelta ematen ari zela zarata batzuk entzun zituzten lagunek eta Leokadi agertzen ez zela ikusirik beldurtu egin ziren. Baina, han agertu zen Leokadi bigarren buelta emanda, baina ez zuen emakume bat izateko antzik ere, eta lagunei begiratu ere egin gabe hirugarren buelta ematen hasi zen.

Lagunek bistatik galdu zuten unean bertan, kate zarata entzun zen lehenengo eta gero negarrak. Ordura arte eliza aurrean zeuden lagunak ere ihes egin zuten beren etxeetara beldurtuta. Hurrengo egunean, Leokadi etxean falta zela ikusita, bere ama Leokadiren lagunengana joan zen eta hauek gertatutakoa kontatu zieten. Ama korretara joan eta gora begira hasi zenean harri zati bat jausi zitzaion bere albora eta kortxeleko mamuei begiratzean, honela esan zuen:

- Hura da gure Leokadi!

Harrezkero, han dago gure Leokadi harri bihurturik, kortxeleko mamuen artean.

»


Kondairaren bertsioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondaira hau belaunaldiz belaunaldi ahoz aho transmititu izan da, eta zenbait idazlek jaso duten arren, kondairaren bertsio asko daude. Denetan kondairaren muina berdin mantentzen da; Leokadik korretari hiru buelta eman eta harri bihurtzen da. Baina, bertsio bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu, bai pertsonaien aldetik, bai eguneko unearen aldetik.

Idatizko bertsiorik ezagunena Andoni Basterretxearena da. Bertsio hau Andonik 1934. urtean jasotakoa da, orduan 84 urte zituen Josepantoni Iruetarengandik.[1]

Hona hemen ahoz aho transmititutako bertsio bat, gaur egun Ondarroan entzun daitekeena:

«

Bazan lena Ondarrun Leokadi ixeneko neska gazte bat, neska bixi-bixixe zan, geldik ezin eondaku; egixe esanda ez zan bape txatxali, eta balienti zan bañe lotsagabi be bai esaten dabenez.

Ordungo denporetan, errixan bolo-bolo ebilen kondaira bat. Kondairik esateban arrizko mamu biurtzen zala Andra Mari elixiai iru buelta emotetzana atsaldeko zazpiretan kanpaik joten euazen bitxartin. Ixan be, Ondarruko elixin kortxela arrizko figuraz beteta ra. Ondarrun elixako teilatuai deitzen gako kortxela eta antxe daz kortxeleko mamuk.Erdi Aroko gorteko pertsonaiak diz an irudikatute dazenak eta riz errege-erreginak, printzesak, frailik eta monjak, eta beste batzuk.

Eta esaten dabenez, ero kondairik arabera, bentzat, orrek kortxeleko mamuok diz katik botaten dabenak arratsaldeko zazpiretan elixiai iru buelta emoten atrebiuten dizen neska mutilai. Gero, gora altzatetxuez, itxuri danez, eta arrizko etxen diz azur aragizko pertsonak. Eta orretxeatxik eida Ondarruko kortxela mamuz beteta, erriko aur eta gazte lotsagabienak arrantzatetxuezelako.

Leokadik be eukiban onen istoixionen barri ba, ta ezin ixatzan eutsi jakinminai, ain zain bera ze biurrixe, zirikatzaili eta ixilik ezin eondaku. Ordun beran bi launeaz batu zan eun baten, elixako atin: Maixe Bekainekuaz eta Kontze Morokileaz. Onek bixok be ez zin atzin geatzekuk ba, eta tentagarrixe eritxi gakoen kondairi aproba baik geatzeko, benetan aproba nai ben ia gezurrezku zan esaten zana ero ia orrek txutxumutxuok benetakuk zin.

Ordun, atsaldeko zazpiretan, kanpaik entzunaz batea, asizin irurak aringainge, elixa onduko pasealekutik, korretatik. Txolin-txolin asiben lelengoko buelti, barre algaraka, kortxeleko arrizko irudi guztiai eta mamuai txilixoka ta deike. Bitxartin, segi etxezan entzuten kanpai zarati, eta lelengo buelti amatxubeneako Leokadi eta Maixe konturatu zin Kontze falta zala, birin galdubela. “Kakati alu, seguru birin geaturana kakañan!” esaban Leokadik.

Ordun, bixak, segi eitzen bigarren bueltiai bañe segirun konturatu zan Leokadi bakarrik euala, Maixe be falta zala. “Oilobustixe!” pentsaban beran bostin. Ta pozik asiban azkanengoko buelti bera zalako bakarra, balientiena, hirugarren buelti emongobana. Bañe Leokadik ez ban irugarren pasiari amatxu, ez zan agertu elixako atea.

Arratsaldi gaba eizan eta iñun ez zin agertzen iru neskak, ta errixan laste igarriben iru neskan falti. Ordun, Leokadin amak eta bestin amak kaleko bazter, eskiña danak ikusi zitxuezen; arutz de onutz ibilizin bañe alper-alperrik. An euan Leokadin ama erneaziñoiz beteta ta near da near elixako onduko pasealekun, beie jota.

Eta alako baten, beatuban Leokadin amak zerure eta an topaban alabi, kortxelin, arrizko gargola biurtute.


»

Sorkunde Badiolak kontatutako bertsioa, 2019ko azaroaren 3an jasoa

Sorkunde Badiolak kontatutako bertsioa, ahoz aho transmititutakoa


Kondairaren eragina herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leokadiren kondairak oraindik ere bizirik jarraitzen du herrian. Belaunaldiz belaunaldi gurasoek seme-alabei kontatu izan diete, maiz, neguan ilundu baino lehen etxeratu zitezen, harrizko mamu bihurtzeko beldurraren beldurrez.

Ondarroako herrian Leokadiren kondaira oso sustraituta dago; Leokadik ematen die hasiera herriko Andramari jaiei, abuztuaren 14ko gauerdian. Eliza azpian dagoen plaza jendez betetzen da, eta denak elizako kortxelera begira jartzen dira, han agertzen da orduan Leokadi mamua, foku batek argiztatuta. Soka batean behera jaisten da poliki poliki herriari urtean zehar herrian izandako gertaeren inguruan hitz eginez. Ondoren, gainontzeko kortxeleko mamuekin batera kalejira egiten dute herrian zehar; kalejirako izar nagusiak kondairako hiru sorginak izanik: Leokadi, Marixe eta Kontze.

Kortxeleko mamuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondarroako Andra Mari elizaren gainean kokatuta dauden harrizko pertsonaiak dira. Andra Mari eliza herriko alde zaharraren bihotzean dagoen gotiko berantiar estiloko eraikina da, eta haren goiko aldean hamabi harrizko irudi aurkitzen dira, kortxeleko mamuak deitzen direnak.

XV. mendeko eskultura multzo hau hamabi pertsonaiak osatzen dute, zeinek Erdi Aroko gorte bat irudikatzen duten. Hamabi irudi horiek honako pertsonaia hauek ordezkatzen dituzte: Kentute erregea, Iaunti txistularia, folk biolinista bat, gizonezko erromesa, emakume erromesa, Moniko eta Monuto baleztariak, inude bat, Andera erregina, Zinemus monjea, Andozoni ezkutari gaztea eta Enego zalduna.

Kortxeleko mamuek herrian belaunaldiz belaunaldi trasmititu den istorio misteriotsu bat gordetzen dute. Esan izan da gauerdiko kanpaiak jo ondoren, korretari (eliza inguratzen duen pasealekuari) hiru bira ematen diona harri bihurtuta geratzen dela kortxelean, elizaren goialdean. Gertaera honekin lotuta Leokadiren kondaira dago, herriko neska gazte batena, zeinak elizari gauerdian hiru bira eman zion eta harri bihurtuta geratu zen.

Leokadi, kortxeleko mamuekin batera eta bere bi lagunekin batera kortxelean bizi dela esaten da. Guzti hauek soilik herriko jaietan bihurtzen dira hezur-haragizko. Abuztuaren 14an, Andra Mari jaiei hasiera emateko, gauerdian Leokadi eta kortxeleko mamuak herrira jaisten dira kalejira bat eginez herrian zehar, eta abuztuaren 17an, jaiei bukaera emateko kortxelera bueltatzen dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Basterretxea, Andoni, 1914-. (2000). Ene Ondarru. Sendoa ISBN 8495378213. PMC 433319228. (Noiz kontsultatua: 2019-11-12).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]