Logroñotik Naiarara (Donejakue bidea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erromesak.

Donejakueren Frantses Bideko zortzigarren etapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etapak haran zabalak eta mendi leunak dituen mahastizaintzako eta ardogintzako lurraldeak zeharkatzen ditu, bi igoera progresibo eta moderatuekin: Grajera gaina, laburra eta asfaltoz egitekoa, eta San Anton gaina, luzeagoa baina leunagoa, lurrezko pistetatik.[1]

Logroñotik Naiarara: 27,97 km.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errioxako mahastietako babesleku zirkularra.

Rua Vieja kaletik irtengo gara, eta oso ondo seinaleztatutako kale batzuetatik jarraituko dugu, San Migel parkea eta A-12 autobia zeharkatuz. Oinezko eta txirrindularientzako pasealeku jendetsu batetik jarraituz, jolas-parkeraino eta Grajerako urtegiraino ailegatuko gara. Inguratu egingo dugu, eta laboreen artean Grajera Gainera igotzen hasiko gara. Goian, A-12 autobiarekiko paraleloan egingo dugu aurrera. San Joan Akrekoaren (XII. mendekoa) erromesen ospitale zaharraren hondarren ondotik pasata, Navarreten sartzeko.[2]

12,4. Navarrete. Belen kalea hartu eta N-120 errepide nazionalaren ondotik irten eta gero, lurrezko bide batetik urrunduko gara, A-12 autobiaren paraleloan jarriz laster. Bidegurutzera ailegatutakoan, bide ofiziala hartzen da Ventosara igotzeko.

19,0. Ventosa. Lurrezko pista batetik atera mahastien artean, eta bide harritsu batek San Anton gainera (637 m) garamatza. Pistatik jarraitu, eta handik gutxira Errioxako harri tradizionaleko babesleku zirkular baten ondotik pasatuko gara. Yalde ibaia gurutzatu, eta soroen eta mahastien artean aurrera egingo dugu, eta ondoren lantegien artean, Naiaran Logroño etorbidetik sartzeko Alde Zaharrera iritsi arte.[3]

Naiarako Andre Maria Erreginaren klaustroa.

27,97. Naiara.

Naiara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honakoak dira ondasun nabarmenenak: 1422-1453 artean jasotako Andre Maria Erreginaren eraikin gotikoa, Santa Elena komentua, Motako gaztelua, eta Errioxako Lorategi Botanikoa.

Aterpetxeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabiliena udalarena den “Naiarako erromesen aterpetxea” da, herriaren erdi aldean. Bertan 90 lagun sartzen dira logela partekatu handi batean. Borondateko ospitaleroek kudeatzen dute, eta dohainik da. Gidetako beste aterpetxe batzuk honakoak dira: Puertas de Najera aterpetexea, Sancho III aterpetxea, Nido de Cigüeña aterpetxea, Las Peñas aterpetxea, Calle Mayor ostatua, eta San Lorenzo 1 eta 2 ostatuak.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Pombo Rodriguez, Anton. (2019). El Camino de Santiago en tu mochilla. Camino francés. Anaya Touring ISBN 9788491580997..
  2. (Gaztelaniaz) Baz Uriarte, Edurne. (2018). Camino de Santiago de cerca. Planeta, Barcelona ISBN 9788408194538..
  3. (Gaztelaniaz) Contreras Gil, Francisco. (2021). Guía mágica del Camino de Santiago. Luciérnaga ISBN 9788418015571..
  4. (Gaztelaniaz) Mencos Arraiza, Carlos. (2018). Cien cosas que hay que saber del Camino de Santiago. Lectio ISBN 9788416918393..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]