San Joan Akrekoaren Ospitalea (Navarrete)
San Joan Akrekoaren Ospitalea (Navarrete) | |
---|---|
Kokapena | |
Estatu burujabe | Espainia |
Autonomia | Errioxa |
Errioxako udalerri | Navarrete |
Koordenatuak | 42°26′06″N 2°33′03″W / 42.434994°N 2.550908°W |
San Joan Akrekoaren Ospitalea (gaztelaniaz: Hospital de San Juan de Acre) Navarrete herriaren sarreran egon zen erromesen aterpe bat izan zen, gaur egun hondarretan aurkitzen dena.
Hondarrak La Serna eremuan aurkitzen dira, Río Mayor ibaiaren eta "Pasada de la Orden" bidearen arteko bidegurutzean[1].
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1185ean eraiki zen Donejakue bidean Konpostelara zihoazen erromesen atsedenleku izateko. Doña María Ramírezek fundatu zuen eta Akreko setioaren omenezko izena eman zion[2]. Ospitalearen ondoan eliza altxatu zuen Martín de Baztán apezpikuak, Doña María Ramírezen seme zenak. Baztan abizena izan arren Navarreten jaioa zen eta Zamorako eta Osmako (Soria) apezpikua izatera iritsi zen[3]. Jerusalemgo San Joan Ospitaleko Zaldunen Ordenaren babesean utzi zuten ospitalea[4].
XIII eta XIV. mendeetan eraikin aipagarria izan zen Donejakue bidean zehar baina XV. mendetik aurrera gainbeheran sartu zen, izan ere goiko solairua galdu zuen eta hiru ohe soilik izatera pasa baitzen[4].
XIX. mendean eraitsi zuten dagoeneko egoera kaskarrean aurkitzen zelako eta Mendizabalen Desamortizazioak bertan behera hustera behartu zuelako. Ateak eta leiho batzuek zutik jarraitu zuten eta 1887an Luis Barrón arkitektuak Navarreteko hilerrira aldatu zituen[4]. 1990. urtean indusketa arkeologikoak abiatu zituzten[3].
Arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eliza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eliza gotikoa zen, erromaniko zantzu batzuk ere bazituena. Habearte bakarra zuen eta alboetan kapera bana. Gurutze greziarraren oinplanoa zuen[4] eta abside oktogonala, alde bakoitzean hiruna zutabetxo eta horretaz gain kontraforteak zituen. Ospitalea eta eliza tribuna baten bidez lotzen ziren[2].
Hilerriko atea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elizaren atea izan zenak puntadun bost arkibolta ditu barnerantz txikitzen doazenak. Arkuek zerrahorztak eta diamante puntak dituzte apaingarri. Arkibolta bakoitzeko zutabeen kapiteletan landareak azaltzen dira eta gainean irudi batzuk daude baina nahiko egoera txarrean aurkitzen dira. Dobelatan ere irudiak daude: Kristo, Jainkoa, adar artean dagoen figura bat, aingeru bat eta azkenengoan bi burutako aingerua tronpetak jotzen. Arkiboltetatik gora okulu edo leiho zirkular at dago eta teilatuan, gurutzearen zapian, zaldunak borrokan azaltzen dituen irudi bat[5].
Atearen alboetan bi leiho agertzen dira, atearen estilo berean eraikiak[5].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Txantiloi:Es-GT «Hospital de San Juan de Acre» La Rioja Sin Barreras (Noiz kontsultatua: 2021-07-06).
- ↑ a b Altura | Turismo Rural en La Rioja. (Noiz kontsultatua: 2021-07-06).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Ruinas del Hospital San Juan de Acre - Lugar de interés» La Rioja Turismo@es||| (Noiz kontsultatua: 2021-07-06).
- ↑ a b c d «San Juan de Acre, Navarrete» www.arteguias.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-06).
- ↑ a b «NAVARRETE-SAN JUAN DE ACRE-A.Garcia Omedes» www.arquivoltas.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-07).