Mercedes-Benz Vitoria
Mercedes-Benz Vitoria Arabako hiriburu Gasteizko Ehari-Gobeu industrialdean kokatuta dagoen fabrika bat da, Mercedes-Benz enpresarena, non furgonetak egiten diren. 1950an sortu zen, eta gaur egun 5000 langile inguru ditu.
Sorrera eta bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mercedes-Benz Vitoria fabrikaren jatorrian IMOSA enpresa dago (Industrias del Motor SA). 1950eko azaroaren 17an sortu zen, bost milioi pezetako kapitalarekin, eta Euskadiko, Kataluniako eta Alemaniako enpresaburuz osatutako kontseiluarekin. Hala ere, fabrikak urtebete geroago arte ez zuen helbide soziala Arabako hiriburuan izan, jatorriz Bartzelonatik jardun baitzuen ordainketa-etendurako enpresa baten (Automoviles Eucort SA) lizentzia aprobetxatuz. Urte horretan bertan, Auto Unionekin elkartu ondoren, kapitala esponentzialki handitu zuen.[1]
1954an hasi zen fabrika eraikitzen Ehari eta Gobeu herri txikien artean erositako lursail zabaletan, Udalaren eta Foru Aldundiaren laguntzarekin.[2] 1954 funtsezko urtea izan zen hiriarentzat, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra garatu baitzen, industrializazio hasiberria irizpidez eta bat-batekotasuna saihestuz antolatu nahi zuena.[3] Baina baita IMOSArentzat ere, hurrengo urtean furgonetak fabrikatzen hasteko bidea emango zuen lehen ibilgailua (DKW F 89L bat) muntatu baitzuen.[1]
Ordutik aurrera, industria laguntzaile ugari sortu ziren, hala nola INAUTO (1957an sortua, karrozerietan aritua eta tokiko enpresa baten ondorioz sortua, Industrias de Mendoza SA), CIADASA (1959an, ibilgailuen salmentan eta logistikan aritua), Sicca Española SA edo Talleres de Griñó SA (horiek ere logistikan dihardutenak). Hasiera-hasieratik, hainbat modelotako furgonetak egin ziren. 1963an, fabrikak 1841 langile zituen jada. Bi urte geroago, Volkswagenwerk AG alemaniarrak Auto Unión bereganatu zuen, eta turismoak ekoiztea lortu nahi izan zuen. 1967an, MEVOSA (Compañía Hispano Alemana de Productos Mercedes – Benz y Volkswagen SA) sortzeko bidea hasi zen fusioei eta kapital-gehikuntzei esker. MEVOSAk sortzean 1972an sozietate egoitza Madrila aldatzea erabaki zuen, baina ekoizpena Gasteizen mantendu zuen. Egoera horrek gaur egun ere irauten du. 1975ean DKW129 ekoizteari utzi zioten; eta 1976an, Mercedesek eta INIk Volkswagenen parte-hartzea bereganatu zuten. Handik gutxira, 1980an, Daimler–Benzek enpresaren kontrola hartu zuen, kapital sozialaren erdia baino gehiago eskuratuta. Azkenik, 1981ean MEVOSA desagertu zen, Mercedes–Benz España SA sozietateari bide emateko. 1980ko hamarkadan azken aldaketak gertatu ziren, Saudi Arabiako akziodunak sartu eta INI atera baitzen. Gainera, mekanizazioa Bartzelonara eraman zuten, eta 1989an Daimler-Benzek fabrikaren % 87,55 bereganatu zuen.[1]
Gaur egun
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuzeneko 5200 langile inguru eta zeharkako 30000 langile inguru ditu fabrikak, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko BPGaren % 5 inguru. Autonomia erkidegoko lehen esportatzailea da. Egoera hori, neurri handi batean, 1995eko urriaren 16an Vito modeloaren mundu osorako fabrikazioa Gasteizen hasi zelako gertatzen da (horren izena hiriari egindako keinu argia da).[4] Ondoren, Viano ekoizten hasi ziren, gaur egungo V motako modelora eramango zuena eta propultsio elektrikoa duena.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c «Mercedes -Benz España - Gasteizko lantegia - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-09).
- ↑ ARCEDIANO y ZALDUENDO, Santiago y Ramón. (2005). Vitoria – Gasteiz 1954 – 2004. Una ciudad a través del tiempo. Cofradía de la Virgen Blanca.
- ↑ ZÁRATE MARTÍN, Antonio. (1981). Vitoria: transformación y cambio de un espacio urbano. Boletín de la Institución Sancho el Sabio, Tomo XXV or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Berdonces, Juan Carlos. (2020-10-18). «El vehículo que cambió la historia de Mercedes» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-02-09).