Mugatzaile

Wikipedia, Entziklopedia askea

Mugatzailea determinatzaile mota bat da. Perpausean agertzen diren izen-sintagmek erreferentzia behar dute, eta, horretarako, determinatzailea nahitaezkoa da. Hau da arau orokorra:

« Kontrako arrazoirik ez den bitartean, izen-sintagmek mugatzailea behar dute. »

Horrenbestez, izen-sintagma batek mugatzailerik ez badu, arrazoiren bat izango da, mugatzaileari nolabait bidea ixten dion zenbatzaileren bat izatea sintagman edo horrelako zerbait. Baina horrelako arrazoirik ez bada, sintagma mugatzailez hornitua agertu ohi da. Artikuluak eta erakusleek osatzen dute mugatzaileen multzoa.

Mugatzailearen kokagunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bai artikulua, bai erakuslea, izen-sintagmaren azken muturrean kokatzen dira:

  • gizon + a
  • etxe + hauxe
  • txakurr + ok

Bizkaieraz, hala ere, erakusleak badu joera ezkerrean kokatzeko, baina orduan, izen-sintagman, erakusleaz gainera, artikulua edo beste erakusle bat ere ezarri behar da eskuinaldean:

  • Hau gizona / honeek gizonok, etab.

Singularra eta plurala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugatzailea singularra edo plurala izan daiteke. Pluraltasuna -k markaz adierazten da. Sintagma deklinatzen denean, berriz, -e- da plural-marka.

Hurbiltasun-mailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erakusleetan, hiru hurbiltasun-maila bereizten dira:

  • Batetik, hau, hauek, hauxe, hauexek, berau, berauek, lehen mailakoak dira. Maila hori kasuan kasuko hiztunari dagokio, niri, alegia. Hots: hiztunarengandik hurbilen dagoen zerbait edo norbait seinalatzeko erabiltzen dira.
  • Bestetik, bigarren hurbiltasun-maila bigarren pertsonari dagokio, edo solaskideari. Solaskidearengandik hurbil daudenak aipatzeko erabiltzen dira.
  • Azkenik, hirugarren maila: ez dagokiena ez hiztunari, ezta solaskideari ere, hots: biengandik nolabait urrun dagoena seinalatzen du.

Artikuluan ere badago hurbiltasuna seinalatzeko bidea. Baina pluralean bakarrik da erabilgarri. Pluralean, irakasleak eta irakasleok bikotea dago. Bigarren horretan, esan ohi da artikulu hurbila erabiltzen dela. Plural hurbil delako hori hiztuna nahiz solaskidea, edo biak, «besarkatzen» dituenean erabiltzen da:

  • Irakasleok ez ditugu zenbait gauza ulertzen. (guk, irakasleok, alegia)
  • Ikasleok ez dituzue bide guztiak ezagutzen. (zuek, ikasleok)

berau, berori, bera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horiek ere erakusleak dira. Egia esateko, ber adjektiboari erakusle arruntak erantsiz osatuak dira. Hau-ren eta berau-ren artean dagokeen diferentzia da berau-k aurretik aipatua izan den norbaiti edo zerbaiti erreferentzia egiteko balio duela. Horregatik, gorago esan bezala, «anaforiko» dei dakieke. Gizon bera etorri da esanda, aurretik aipatua den gizona eta ez beste norbait aipatzen ari dela ematen da aditzera. Gizon hura etorri da esanda, berriz, espazioan edo testuinguruan seinalatzen den gizon bat aipatzen da. Erakusle berezi horietan, esan bezala, ber adjektiboa ageri da. Hain zuzen, ekialdeko euskalkietan ber eta erakuslea bereizirik eman daitezke:

  • Ber denboran, gauza asko ikus daiteke = Denbora berean, gauza asko ikus daiteke.

bera, berdin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berdin adjektibo bat da. Maiz bera-rekin nahasturik ikusten da, nahiz eta erabat gauza diferenteak diren. Gorago esan da bera lehenago aipatua izan delako-edo ezaguna den zerbaiti erreferentzia egiteko erabiltzen dela. Berdin-ek, ostera, bi gauzaren arteko kidetasuna markatzen du: egituraz, itxuraz, tankeraz, edo nahi denaz, bi gauza edo gehiago kidekotzat jotzen direnean erabiltzen da berdin. Elefante bera eta elefante berdina ez dira gauza bera:

  • Elefante bera ekarri dute aurten zirkukoek.
  • Elefante berdina ekarri dute aurten zirkukoek.

Lehenbiziko kasuan, elefante bakarra aipatzen da: nolabait ezaguna den edo aipatutzat ematen den animalia. Izaki bakarra da, hortaz. Bigarrenean, bi elefante aipatzen dira. Adibidez, joan den urtean elefante bat ekarri zuten zirkukoek, eta aurten beste bat ekarri dute, baina berdina: kolorez, tamainaz, erakusten duen trebeziaz, edo nahi denaz.

Mugatzaileen forma-aldaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen-sintagmaren eskuin muturrean kokatzen da mugatzailea. Hari, gero, izen-sintagmari dagozkion kasu-markak eta postposizioak eransten zaizkio. Eransketa horren ondorioz, zenbait hots-aldaketa gertatzen da, eta, hala, mugatzailea —artikulua nahiz erakuslea— formaz aldatua ager daiteke. Artikuluaren kasuan, adibidez, pluralean, -ak izan beharrean, -e- agertzen da: gizonak baina gizonei, adibidez. Kasu-markak edo atzizki-postposizioak mugatzailearekin osatzen duten multzoari hondarkia edo desinentzia deritzo. Erakusleen forma ere apur bat aldatua agertzen da deklinabide-marken arabera. Horrela, hon-, hor- eta ha(r)- erroak agertzen dira zenbait kasutan:

  • Jertse honekin etorri naiz.
  • Etxe horri argazki bat atera nahi diot.
  • Mendi hartan ibili ginen atzo.

Forma egokia zein den jakiteko, deklinabide-tauletan begiratu behar da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]