Málagako Alcazaba
Málagako Alcazaba | |
---|---|
Alcazaba | |
Kultura ondasuna | |
Conjunto Alcazabilla | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Espainia |
Autonomia | Andaluzia |
Probintzia | Málagako probintzia |
Udalerria | Málaga |
Koordenatuak | 36°43′16″N 4°24′57″W / 36.72118°N 4.41575°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1057 |
Komisarioa | Hammuditarrak |
Arkitektura | |
Estiloa | Zirid architecture (en) |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0000729 |
Málagako Alcazaba Espainiako hiri hartako gotorlekua da, feniziarren eraikin baten gainean XI. mendean arabiarrek eraiki zutena. Gibralfaro muinoaren oinean kokaturik dago eta Gibralfaroko gaztelua du gainean.
1931. urtean Monumentu historiko artistiko izendatu zuten eta 1985ean Interes Kulturaleko ondasun.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.a. VII. mendean feniziarrek kolonia bat ezarri zuten bertan.
Arabiarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alcazabaren historia arabiarrekin hasten da. Ez da zehazki ezagutzen noiz eta zein agintarik eman zuen eraikitzeko agindua baina Taifa garaian izan zenez litekeena da Granadako taifako erregea izan zen Badis ben Habúsen aginduz eraiki izana, 1057 eta 1063 artean[1]. Alcazaba apaintzeko alboan dagoen Antzoki erromatarreko marmol lauzak, zutabeak eta estatuak erabili ziren. Ikerketa batzuek ordea zalantzan jartzen dute hutsetik eraiki izana eta aurrez existitzen zen feniziarren eremu harresitu bat berriztu zela iradokitzen dute. Jakina dena da Badis ben Habúsen bereber dinastiak, Hammudtarrek, Kordobako azken kalifek eta Málagako taifako erregeek gortearen egoitza gisa erabili zutela.
1092an almorabideek eskuratu zuten eta 1146an almohadeek. 1279an Granadako Erresuma jabetu zen Alcazabaz[1].
Konkistaren ondoren
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1487ko udan Errege-erregina Katolikoek Málaga setiatu egin zuten eta konkistatzea lortu zuten[2]. Alcazabak hiria errenditu eta bi egun gehiago iraun zituen aske.
1675 artean egoera onean iraun zueneko datuak badaude baina 1680ko lurrikararen ondorioz eta 1693an Málagako badiatik itsasontzi frantsesek bonbakatu ondoren oso kalteturik gelditu zen. 1733 eta 1735 artean Alcazabako alkateak kapera berrizteko eskaera egin zuen, malagarrek meza entzuteko erabili ahal izateko. XVIII. mendeko Konbentzioaren Gerraren barnean 1794an 479 soldadu frantsesentzako presondegia izan zen.
XX. mendean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1931. Monumentu historiko artistiko izendatu zen eta berriztatze lanak egin ziren baina 1937an Espainiako Gerra Zibilean berriz bonbakatu zen eta artean zutik zirauten arku andalusiak suntsitu ziren. XX. mendeko azken hamarkadetan eta XXI. mendearen hasieran berriztatze lanak egin dira Málaga hiriko turismogune garrantzitsuetako bat baita.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orokorra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Taifa garaiko arkitekturaren prototipoa izan zen eta nazariek haitz gaineko gotorleku bihurtu zuten, babes egitura sendoak eraikitzeaz gain arabiar estiloko jauregi eder baten itxura emanez.
Egitura militar sendoa matakanek, albarrana dorreek, gezi-zulo ugari dituztenak, eta almenadun harresiek osatzen dute. Baina babes nagusia kokapenak ematen zion, hiriaren eta badiaren gainean baitzegoen. Pasabide batek gainera Gibralfaroko gazteluarekin lotzen zuen.
Gaur egun 15.000 m²-ko qazalera mantentzen da, hauetatik 3.478 m² eraikin zibilek okupatzen dute eta 3.516 m² helburu militarra duten eraikinek. Gainerako azalera eraikinik gabeko eremu zabalek osatzen dute.
Eraikina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alcazabako alkatea goiko aldean bizi zen eta harengana iristeko hiru harresi eta zortzi ate gotortu igaro behar zirela diote XVII. mendeko historiagileek. Errege-erregina Katolikoek konkistatu ondoren Alcazabarako sarrerako maldan hainbat arku eraiki zituzten, aipagarriena Kristoren arkua (Arco del Cristo)[3]. Handik arma plazara iristen da, bertan ezarri baitzen hiria babesteko artilleria. Alboan dagoen Vela dorrean kanpai bat ezarri zen etor zitezkeen arriskuetaz abisatzeko. Gaur egun arabiar estiloko patio eder bat da[4].
Arkuen atea eta Tinel dorrea pasatuta azken eremura iristen da. Bertan ziega bat zegoen. Ziega hartan arabiarrek emakumezko kristauak gordetzen zituzten gauean, egunez askatu egiten zituzten lan egiteko. Gaur egun hainbat lorategi txiki eta eskultura daude eremu horretan. Eskultura aipagarrienak marmolezko bainuontzia, harrizko basurdea eta erromatar garaiko giza oin bat dira[3].
Azken eremu honetan "Cuartos de Granada" ("Granadako gelak") izeneko eraikinak daude, erregeen eta agintarien gelak ziren. Hainbat patio errektangularren inguruan eraikita daude[3].
Alcazabaren ekialdean etxe auzo baten hondarrak aurkitu dira indusketatan, lauzaturiko kaleen artean dauden hiru etxe-multzo dira[3].
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Alcazabarako sarrera nagusia.
-
Taifa jauregia.
-
Laranjondoen patioa.
-
Arma patioko lorategiak.
-
Arkuen atea.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Alcazaba - Monumentos» visita.malaga.eu 2022-12-27 (Noiz kontsultatua: 2022-12-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) Málaga, Explora. (2019-09-19). «La Historia del Castillo de Gibralfaro - Explora Málaga» Free Tours y Tours Privados en Málaga - Explora Malaga (Noiz kontsultatua: 2022-12-27).
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) «Alcazaba de Málaga» www.malaga.es 2022-12-27 (Noiz kontsultatua: 2022-12-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La Alcazaba de Málaga - Monumentos» www.visitacostadelsol.com 2022-12-27 (Noiz kontsultatua: 2022-12-27).