Tupac Amaru Mugimendu Iraultzailea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Movimiento Revolucionario Túpac Amaru
SiglakMRTA
Aktiboa1984tik 1997 ingurura
HerrialdeaPeru
IdeologiaMarxismo-leninismoa
IzaeraGerrilla (hiri eremukoa batez ere)
KideakEmerretistas
Leloa"Masekin eta armekin, aberria ala hil, irabaziko dugu!"
BuruakNestor Cerpa Cartolini (hila) eta Victor Polay (preso)
KoloreaGorria eta zuria

Tupac Amaru Mugimendu Iraultzailea (gaztelaniaz Movimiento Revolucionario Túpac Amaru, MRTA) 1984an Victor Polay Camposek sortutako Peruko talde armatu gerrillari komunista da.

MRTAk hainbat ekintza armatu burutu zuen, lehergailuak, bonba-autoak edota armak erabiliz. Peruko Alderdi Komunista erakundeak ez bezala, hiri inguruetan jardun zuen batez ere, baita Liman bertan ere. MRTAko kideek, halaber, uniformea erabili ohi zuten bere ekintzetan, armada itxura hartuz eta Ejército Popular Tupacamarista izena hartuz. Peruko Egiaren eta Berradiskedetzearen Komisioaren arabera, MRTA Peruko gatazkako hilketen %1,8aren erantzule da[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldeak Tupac Amaru izeneko inka buruzagiaren omenez hartu zuen izena. Ikasleez hornitu zen, eta Kuba eta Nikaragua zituen eredu. Pobreen artean banatzen zuen lapurreta eta bahiketetatik lortzen zuten dirua. Mila kide inguru zituen guztira.

1990ean, urtarrilean, Tupac Amaruko kide batzuek Peruko defentsa ministro ohia hil zuten, eta uztailean Polay eta beste 47 preso Canto Grandeko segurtasun handiko presondegitik atera zituzten, kanpotik presondegiraino zulatutako 330 metroko tunel batean zehar. Tupac Amaruko kideak hiru urtez aritu ziren tunel hura zulatzen.

1992an Polay atxilo hartu zuten berriro eta bizi guztirako kartzela zigorra ezarri zioten. Hurrengo urtean Peruko gudarosteak taldearen baseak suntsitu zituen, eta ehunka gerrillari errenditu egin ziren amnistiaren truke. Mugimendua 200 kide besterik ez zituela geratu zen. 1995eko bukaeran talde armatuko zenbait kide atxilotu zituzten, Polayren askapena lortzeko Peruko legebiltzarraren kontrako erasoa prestatzen ari zirelako akusaziopean.

1996an, MRTAk Limako japoniar enbaxadan sartu eta 600 bat lagun bahitu zituen, gehienak Peruko sektore dirudunetako kideak. Gerrillariek Peruko kartzeletako bizi baldintzak salatu zituzten eta beren kideen askapena eskatu zuten bahituenaren truke. Hainbat egunen ostean eta 72 bahitu gelditzen zirela, Peruko armada, Alberto Fujimori buru zuela, enbaxadan indarrez sartu zen, hildako ugari eraginez: 14 gerrillari, bahituetako bat eta bi soldadu. Ekintza entzutetsu hori eta gero, MRTAren jarduera ahulduz joan zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Comisión de la Verdad y Reconciliación (2004), Hatun Willakuy: Versión abreviada del Informe Final de la Comisión de la Verdad y Reconciliación, 193 orr. ISBN 9972-9816-4-9

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]