Edukira joan

Noeren ontzia (web ataria)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Noeren ontzia Euskaltzaindiak Asun Garikanoren koordinaziopean abian jarritako atari digital bat da, memoria literario komun bat osatzeko helburuarekin, hainbat generotako testu hautatuak eskaintzen dituena, literarioak eta ez literarioak (elkarrizketak, testigantzak, gutunak, bando, panfleto edo mitin zatiak eta prentsa artikuluak), estilo, erregistro, eta tonu desberdinetakoak.[1][2] Testuak euskaraz sortuak eta euskarara itzulitakoak dira, garai eta euskalki guztietakoak, baina egungo ortografiara eta morfologiara ekarriak, lexikoa eta sintaxia ukitu gabe, nahiz jatorrizko testuak ikusteko aukera ere ematen den. Sei alorretan banatuta daude: Historia, Herri-kultura, Hizkuntza, Literatura, Ahozko Literatura, Gaurko Gizartea eta Abestiak. Testuen lagungarri, atariak baditu bideoak, audioak eta argazki-bildumak ere, ikusentzunezko piezaren batera (bideoklipak, audioak, dokumentalak) eramaten duten estekekin, bai eta etiketak ere testuak gaika aurkitzen laguntzeko. Gainera, irakurketa errazten duten hiperestekak ere badaude, hitz edo esamolde batzuen esanahia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bitartez argitzeko, eta, orobat, testuetan aipatzen diren erreferentziei buruzko euskarazko Wikipediako artikuluetara nabigatzeko.

Atariaren bigarren izenak berak (Hezkuntzarako euskal testuak) dioen bezala, baliabide honek helburu pedagogikoa du, DBHko eta Batxilergoko ikasleentzat pentsatuta baitago nagusiki, baina unibertsitate, euskaltegi eta hizkuntza eskoletako ikasleentzat, irakurketa bultzatu nahi duten ekimenentzat, argitaletxe eta abarrentzat ere izan daiteke baliagarria. Helburu pedagogiko horri jarraituz, atariko testuak hainbat ikasgaitan erabil daitezke klaseko gaiak ilustratzeko; bultzatzaileek diotenez, "Historia irakasle batek Bigarren Mundu Gerrari buruzko testu bat" behar badu, Jean Elizalde "Zerbitzari" idazle azkaindarrak idatzitako "Verdungo infernua" deritzan testua aurkituko du atari honetan. hainbat ilustrazio, grabazio eta argazkirekin, bai eta dagozkion erreferentzia bibliografikoekin ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]