Nushu

Wikipedia, Entziklopedia askea
"Nü Shu" nushuz idatzita.

Nushu (txinera tradizionalez: 女書; txinera sinplifikatuz: 女书; pinyinez: Nǚshū nỳʂú ahoskatua; hitzez hitz: «emakumeen idazkera»), "emakumeen idazkera" literalki itzulita, Txinako Hunan probintziako Jiangyong eskualdean emakumeen euren artean erabiltzen zuten idazkera silabikoa izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. o. III. mendean, Nushuan sortu zela uste da. Ordutik, belaunaldiz belaunaldi, sekretupean eta soilik emakumeen artean transmititu zen hizkuntza idatzia, Hunan probintzian bereziki, baina baita Txina hegoaldeko beste toki batzuetan ere. Emakumeek bakarrik ulertzeaz gain, nushua ez zen hitz egiten, soilik idazteko eta irakurtzeko kodea zen. Eta hala ere, ez da ia dokumentazio idatzirik geratu, eskuizkribuak erretzeko edo hildakoekin ehorzteko ohitura baitzuten, sekretua gordetzearren. Berreskuratu ahal izan den dokumentu batek hala dio: “Gizonezkoek kanpora irteteko eta munduari aurre egiteko adorea dute, baina emakumeon adorea ez da txikiagoa, haiek ulertu ezin duten hizkuntza asmatu baitugu[1].

Duela 1.700 urte, Txinako emakumeak aitaren edo senarraren etxe barruan bizitzera behartuta zeuden, gizonezkoen autoritatearen mende. Ez zuten hezkuntza formala jasotzeko eskubiderik; irakurtzen eta idazten ikastea debekatuta zegoen haientzat. Egoera horri aurre egiteko euren hizkuntza asmatzea erabaki zuten. Mandarin hizkuntza instituzional eta hierarkikoaren aurrean, nushua emakumeentzat emozioen, ametsen eta desioen hizkuntza bihurtu zen.[1]

Nushuak 2.000 hitz inguru zituen, eta karaktereak txineraren antza izan arren, zeinu estilizatuagoak erabiltzen zituzten. Azken belaunaldietan nushuaren erabilerak behera egin zuen.[1]

1995ean, Nazio Batuen Konferentzia Pekinen burutu zen, eta nushu hizkuntzaren azken hiztuna zelako Konferentziako txinatar ordezkaririk garrantzitsuenetakoa bilakatu zen Yang Huanyi. Emakumeak bazekien nushuarenak egin zuela, handik aurrera sekretuak ez zuela zentzurik.[1]

Horregatik, 1995eko Pekingo Konferentzian, bere bizitza luzean nushu hizkuntzan idatzitako gutunak, poemak eta artikuluak adituei eman zizkien. Dokumentu horiekin Qinghuako unibertsitateak liburua argitaratu zuen. Eta Txinako Gobernuak ahalegin berezia egiten ari da azken urteetan kode sekretuan idatzitako testuak berreskuratzeko. 2004ko irailaren 23an, Yang Huanyi hil zen 98 urte zituela.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Irazustabarrena, Nagore. (2007-05-13). «Emakumeen kode sekretua» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]