Oñatiko inauteria
Oñatiko Inauteria Oñatin ospatzen da, inauterietako zapatuan. Oñatiko Inauterietako lantaldeak antolatzen du, Oñatz Dantza Taldearen eta Oñatiko musikarien laguntzarekin. 2013. urteaz geroztik ospatzen da herriko inauteri propioa.[1] Egun osoko ospakizuna izaten da; dantzariek, musikariek eta hainbat pertsonaiak herriko kaleak hartzen dituzte. Iluntzean, herriko plazan egiten da ekitaldi nagusia, Foruen enparantzan.
Pertsonaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dantzariak: pertsonaiarik ugarienak dira. Herritarrak izaten dira, eta edonork du aukera dantzan ateratzeko.
Musikariak: herriko musikariak izan ohi dira; egun horretan jotzeko propio elkartzen dira.
Kondea eta kondesa: Oñatiren historian garrantzi berezia izan duten pertsonaiak gorpuzten dituzte: gebaratar kondea eta kondesa. Haien mende egon zen herria luzaroan.
Borreroak: Konde-kondesen babesleak dira.
Pregoilaria: Oñatiko Inauterian antzezten den istorioa kontatzen duen pertsonaia da. Horrez gainera, leku bakoitzean zer dantza dantzatuko diren ere adierazten du.
Txokolateroak: herriarekin zerikusi zuzena du txokolateak, hainbat txokolate-lantegi egon ziren eta.[2] Txokolateroek, txokolate-marmitak eskuetan dituztela, herritarrak eta dantzariak zirikatzen dituzte.
Errementariak: herrian garrantzi handia izan duen beste lanbideetako baten ordezkariak dira. Aurrera eta atzera ibiltzen dira hauek ere, erremintak eskuan dituztela. Zarata atera eta herritarrak xaxatzen dituzte.
Natura bizia: "natura biziaren konjurazioa" da pertsonaia hauen xedea. 2018. urteaz geroztik ateratzen dira.[3]
Laiariak: Aurreko pertsonaiekin batera, naturaren irudikapena egiten dute hauek ere. Laien gainean ibiltzen dira, hanka paloen eran.
Traperoak: mikrofonoak eramateko zeregina izaten dute.
Hartza eta haren zaintzailea: Jendea izutzen ibiltzen da hartza, eta hura kontrolatu nahian, berriz, zaintzailea. Oñatiko Inauteria sortu aurreko urteetan ere ateratzen ziren, eta horregatik sartu ziren Oñatiko Inauterian.
Emaztegaia eta senargaia: Oñatiko Inauteria sortu aurreko urteetan ere ateratzen ziren, eta horregatik sartu ziren Oñatiko Inauterian.
Gauzaina: Giltza sorta bat eskuetan duela ateratzen da. Oñatiko Inauteria sortu aurreko urteetan ere ateratzen zen, eta horregatik sartu ziren Oñatiko Inauterian.
Mikeletea: Oñatiko Inauteria sortu aurreko urteetan ere ateratzen zen pertsonaia hau, eta horregatik sartu zen Oñatiko Inauterian.
Apezpikua: Oñatiko Inauteria sortu aurreko urteetan ere ateratzen zen pertsonaia hau, eta horregatik sartu zen Oñatiko Inauterian.
Akolitoa: Oñatiko Inauteria sortu aurreko urteetan ere ateratzen zen pertsonaia hau, eta horregatik sartu zen Oñatiko Inauterian.
Alkatea: Oñatiko Inauteria sortu aurreko urteetan ere ateratzen zen pertsonaia hau, eta horregatik sartu zen Oñatiko Inauterian.
Umea: "giza emankortasunaren"[3] adierazlea da.
Zaintzailea: aipatutako umea zaintzen du.
Erraldoia.
Istorioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kondea eta kondesa jaun eta jabe dira herrian, eta mendean dituzte herritarrak. Harro ibiltzen dira kalean egun osoan, euren karro eta guzti. Borreroek, gainera, puxikak astinduta babesten dute bikotea. Egunaren amaieran, baina, dantzariek gain hartzen diete borreroei, eta herritik kanpora bidaltzen dituzte kondea eta kondesa.
Irudiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Doinuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bixamona kalejira. Melodia: Antonino Ibarrondo.
- Kale Zaharra kalejira. Melodia: Antonino Ibarrondo.
Iñauteri jaietan txantxiku herrian
Iñauteri jaietan udaberri atarian (bis).
Dantza zahar, dantza berri
Oin, hatz(oñatz) eta gerri
dantza berri, dantza zahar
orain motel gero azkar.
Bazterrak musikaz eta kolorez bustiak
herritik eta herrixantzat
dantzari, pertsonai eta piztiak
musikaren doinuan
biluztuz guztiak
lotsatatik senda ditzagun
mozorro azpiak.
Letra: Iñaki Olalde.
- Ume Andia. Melodia: Antonino Ibarrondo.
- Paganera. Melodia: Inazio Ibarrondo. Jatorriz, Habanera bat da, dantzarako moldatua.
- Hartzaren polka. Inazio Ibarrondoren melodia batetik moldatua.
- Ordu Txikitan. Melodia: Arkaitz Allur.
- Kondeen balsa. Melodia: Antonino Ibarrondo.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inauteriak ospatzeari buruzko ohitura esanguratsu jakinik ez da jaso tradizioz.[4][3] 1986an, Oñatz Dantza Taldeak Luzaideko Bolant dantzak dantzatu zituen lehenengoz kalean. Ordutik, urtez urte dantzatzen dira dantzariak, inauterietako igande arratsaldean. 1990eko hamarkadan, Inauterietako larunbatean, herritarrekin batera, hainbat lekutako inauteriak gorpuzten hasi ziren Oñatzekoak; esate baterako, Lantzekoak, Kaldereroak eta Lapurdiko Jauziak.[4] Gero, urte batzuetan eten egin zen zapatuko ospakizun hori. Azkenik, herriko inauteri propioa sortzea erabaki zen; 2012. urtean, ideia landu zuten zenbait herritarrek eta adituk, eta, hurrengo urtean, Oñatiko Inauteriak lehenengoz plazaratu ziren.[4]
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oñatiko Inauteriei buruzko edukia lantzeko hezkuntza-proiektua. Hurretik, Oñati alkarregaz ezaguketako.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Bihar da kantu eta dantza propioak dituzten Aratusteen estreinaldia - Oñati» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-27).
- ↑ https://www.oñatiturismo.eus/eu/listings/txokolateixia-interpretazio-gunea/
- ↑ a b c https://www.hurretik.eus/wp-content/uploads/2020/07/4.-Jarduera.-2.Txostena-1-1.pdf
- ↑ a b c https://www.hurretik.eus/wp-content/uploads/2020/07/4.-Jarduera.-1.Txostena-1-1.pdf