Ozenki abesbatza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Ozenki abesbatzak 1994. urtean hasi zuen bere ibilbidea, Ereñotzun, Imanol Kamioren zuzendaritzapean. Ikasle eta auzotar gutxi batzuekin sortu zen arren, inguruko herrietako kantu-zaleak gerturatzen hasi zitzaizkien beraiekin abestera. Beraz, hasierako koru txikia, nabarmen handitzen joan da urtez urte. Hala ere, beti mantendu izan dituzte hankak lurrean, abesbatza herrikoi baten helburuak ahaztu gabe: taldea eta lagun artea.

1994an hasi zen abesbatza festa, ekitaldi eta egun berezietako agendak betez ibili da urte hauetan guztietan. Kontzertu gehienak herri inguruan eskaini arren, kanpoko herrietara ere bidaiatu izan du Ozenkik. Eta beste abesbatza edota musika-talde batzuekin batera ere kantatu izan du (Kantuz abesbatza, Getariako abesbatza, Hernaniko musika-banda, etab.).

Bestalde, ahotsarekin batera hainbat musika-tresna ere baliatzen ditu Ozenkik bere kontzertuetan (eskusoinua, gitarra, tronpeta, pianoa, organoa, teklatua edota bateria), Imanol Kamioren ukitu pertsonal hori agerian utziz.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asko dira 1994an sortu zenetik girotu dituen ikuskizunak, baina modu berezian gogoratzen dituzte ozenkitarrek ondoko emanaldi hauek:

  • 1998 urtean Anoetako estadioan “Bai Euskarari” kanpaina barruan antolatutako jaialdia.
  • Oreretako Eguberriko Kantu lehiaketa, 1999 eta 2000ko Gabonetan.
  • 2000 urtean Lluis Companys eta 1936an ihes egindakoen omenaldia, Irun Hendaian.
  • 2010 urteko San Sebastian eguna Egiako Ur-zaleak elkarteko danborradarekin.
  • 2010 urtean ACT arraun ligako irekiera ekitaldia. Bertan aurkeztu zuten ACT ligako ereserkia Kursaaleko aretoan, Hernaniko Kantuz eta Goizuetako Umore Ona abesbatzek lagunduta. Hurrengo bi urtetan ere kantatu zuten arraun ligako irekiera ekitaldian, 2011n Santanderreko Palacio de Festivales-en eta 2013an berriro Kursaalen.
  • 2014 urteko maiatzaren hasieran abesbatzaren 20. urteurrena ospatzeko kontzertua, Getariko musika-banda eta Zikuñagako Ama danborradaren laguntzarekin.
  • 2019 urtean Ereñotzu auzoko San Antonio Jaien eta Hernaniko San Juan Jaien hasiera, abesbatzaren 25. urteurrenean.

Bestalde, Ozenki abesbatzak urtero eskaintzen du Gabonetako kontzertua Hernaniko musika bandarekin batera. Urtero parte hartzen du, baita ere, Tolarea Sagardo Naturalaren kofradiak udaberri hasieran egin ohi duen ospakizunean eta San Joan jaiak iragartzen hasten diren Auroretan.

Aurorak gazteleraz abesten diren eliz kantak dira, diana modura abesten direnak. Baina Ozenki eta Umore Ona abesbatzen Aurorek badute berezitasun bat: ez dira eliz kantak eta ez dira gazteleraz abesten. Euskaraz eta hainbat musika-tresnaren laguntzaz abesten dira kalez kale, eta arrakasta handiko ikuskizun bilakatu dira Hernanin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Uria L. eta Kamio I. (2014) Ozenkiren 20. urteurrena. Hernaniko XXI. urtekaria 2014, 38-46 orrialdeak.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]