Roguelike

Wikipedia, Entziklopedia askea
Screenshot of Rogue
Rogue 1980ko bideojokoaren prozeduralki sortutako ziega bat, roguelike azpigeneroak joko honetatik hartu zuen izena.

Roguelike (edo rogue-like) bideojokoen genero bat da.[1] Orokorrean, mantendu ohi dituen bi ezaugarri dauzka. Lehena, bideojokoaren tokiak edo mailak, zein bestelako zenbait ezaugarri prozeduralki sortutakoak izatea. Bigarrena, jokalariaren pertsonaiari heriotz iraunkorra aplikatu ohi zaiola. Genero honetako aitzindaritzat 1978ko Beneath Apple Manor eta 1980ko Rogue hartzen dira, eta izena aipatutako bigarren bideojokotik hartzen du azpigeneroak.

Generoa asko aldatu eta aberastu da urteetan zehar, gaur egun, bere oinarrizko ezaugarriez gain, bestelako ezaugarri desberdinekin nahastutako roguelike izaera duten hainbat bideojoko daude. Jadanik ezaugarrien arteko konbinazio anitz eta ezberdinak dituzten hainbat bideojoko daude eskuragarri.

Azpigeneroa asko garatu da urteetan zehar eta gaur egun aldaera zein mota ezberdinetako konbinazioak daude oinarrizko ezaugarriekin nahastuta. Hala ere, bere sorreran eta epe luze batez bideojokoen Rol-joko generoaren azpigenerotzat hartu izan da. Izan ere, hasieran sortu ziren adibideak mahaiko Rol-jokoetatik eratorritako bideojokoak ziren. Garai horretan zehar, zenbait ezaugarri askotan errepikatu ziren genero honetan: ziega bidezko abenturak izatea, txanda bidezko jostagarritasuna edukitzea edo lauki-sare bidezko distantzien neurketa. Hauetako asko fantasia epikoaren narratiban oinarritzen dira eta Dungeons & Dragons bezalako mahaiko Rol-jokoen aldetik jasotako eragina islatzen dute.[2]

Aipatu behar da bideojokoen Rol-joko generoaren definizioa oso lausoa dela gaur egun bideojokoen arloan. Hori dela eta, historikoki mahaiko Rol-jokoetatik eratorriak ez diren jokoak barne hartzen ditu, jatorrizko esanahiarekin zerikusi gutxiago erakutsiz.[2]

Roguelike generoko bideojoko kopurua ugarituz joan zen urteen poderioz. Denborarekin, oinarrizko ezaugarriak mantentzen zituzten (sorkuntza prozedurala eta heriotz iraunkorra) jokoak agertzen joan ziren, baina aldi berean, ordura arte generoan espero ez ziren beste ezaugarri batzuk gehitu zituzten. Adibidez, txanda bidezko jostagarritasuna edo lauki-sare bidezko distantzien neurketa erabili ordez, scroll lateralekoa den Spelunky jokoak ohitura hau hausten zuen. FTL: Faster Than Light jokoak berdina egin zuen denbora errealeko estrategia generoa erabiliz eta The Binding Of Isaac bideojokoak beste horrenbeste joko-palanka bikoitzeko generoarekin. Hots, oinarrizko ezaugarriak mantentzen zituzten arren, roguelike generoarekin bat etorri ohi ziren beste ezaugarri batzuk aldatu zituzten, hori zela eta, zenbait jende, beste hauei roguelike-like deitzen hasi zen.[3]

Badago roguelike generotik eratorritako beste genero bat ere, roguelite bezala ezagutzen dena. Honek oinarrizko ezaugarri batzuk ditu baina beste bat gehiago ezartzen du: jasandako heriotz bakoitzaren ondoren, egindako aurrerapenen arabera hobekuntza iraunkorrak lortzea baimentzen duela. Horrela, roguelikearen oinarizko sorkuntza prozedurala eta heriotz iraunkorraz gain, ondorengo jokaldietan erraztasunak edo aukera gehiago eskainiko zaizkio jokalariari. Ekarpen honi eramandako aurreratzea edo eramandako garapena deritzo.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «The Beginner's Guide to Roguelikes» Lifewire (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
  2. a b (Ingelesez) «What is an RPG?» www.gamedeveloper.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
  3. a b (Ingelesez) «Roguelike vs. Roguelite Games: The Differences, Explained» whatNerd 2021-01-13 (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]