Serikultura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Serikultura tradizionaleko langintzaren urrtas bat, Uzbekistanen.

Serizikultura edo serikultura zeta-harraren (Bombyx mori) hazkuntza da, beldarrek beren kapuluak egiteko erabiltzen duten zeta-haria ekoizteko egina.

Zeta lehen aldiz Txinan ekoitzi zela uste da, Neolito garaian. Serikultura industria garrantzitsua bihurtu da 21. menderako Brasil, Txina, Frantzia, India, Italia, Japonia, Korea eta Errusia bezalako herrialdeetan. Gaur egun, Txina eta India dira bi ekoizle nagusiak, munduko urteko ekoizpenaren %60 baino gehiagorekin.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinako hainbat eremutako indusketetan, zeta-beldarren aztarnak topati dira, k.a. 3. milurtean, duela 5.000 urteko geruza kulturaletan aurkitu ziren. Nabarmenak dira, halaber, dortoken eta hezurren oskoletan egindako inskripzioen aurkikuntzak, non lehen karaktere txinatarren artean agertzen diren zeta beraren karakterea, eta baita zeta-beldar eta zeta-ehungailu adieraztekoak[1].

Txinako estatu egitura inperialen garapenarekin, zetaren langintza aristokraziaren kontrolpeko jarduera bilakatu zen. Are gehiago, lege inperialak ere egon ziren zera-beldarrak Txinatik kanpo esportatzea debekatuz. Hala ere, k.a. 600. urtearen inguruan Persian zein Japonia zeta lantzen zelako atzarnak daude.

Hala ere, ekoizpen puntu nagusia Txina izan zen hainbat mendez, eta horren ondorio da Txina mendebaldeko Eurasiarekin lotzen duen bide komertzial nagusiak Zetaren Bidea izatea izen gisa. Antzinako Erromara zeta iritsi bazen, bide horren lehen erakuntzaren ondorio izan zen. Hala ere, beste gai askoren bide ere izan zen hura.

Txinaz gain, India da zeta-ekoizle moderno nagusia, eta han ere antzinakoa da jatorria. Alegiak dio monje budista batek eraman zuela Txinatik bertara, Gupta aroan, k.a. 500 urtearen inguruan[2].

Europako ateetan persiarrekin egon zen zeta, eta antzinako erromatarrek ezagutzen zuten arren, ez dirudi ekoizpen propiorik egin zenik Europan, 10. mendera arte; hori bai, Italian gertatu zen hori, Po ibaiaren arroan, lehenbizi, eta gero penintsulan hegoalderako. Frantzian 15. mendearen erdialdean hasi zen industria garatzen[2]. Espainian Andaluzia aldean daude industria ezagunak XV. mendetik aurrera.

Txinako serikultura tradizionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zetaren fabrikazioa tradizioz emakumeek beren gain hartu izan dute Txinan landa-eskualdeetako ekonomian, honako jarduerak hartuz bere baitan: masustondoak haztea (zeta-beldarra horren hostoak jaten hazten da), zeta-beldarrak haztea, zeta harilkatzea eta iruntzea, oihalak diseinatzea eta egitea[3].

Zetazko beldarraren bizi-zikloa gizakiaren bizitzaren, heriotzaren eta berpizkundearen irudikapentzat hartzen zen Txinan. Serikulturaren emaitza-produktu bat, beldarren gorozkiak arrainak elikatzeko erabiltzen ziren adibidez; sortutako lohiak, berriz, masustondoetarako ongarri gisa balio du, eta horien hostoek, berriz, harrak elikatzeko balio dute.

Urte berri txinatarra hurbiltzen denean, beldar-hazleek gero zetarekin lan egiten duten artisauak beren etxeetara gonbidatzen dituzte, Zeta Beldarraren Jainkosaren kondaira berpizteko, gaitzak uxatzeko uzta ona opa ahal izateko. Geroago, apirilean, Zeta Beldarrarem Lorearen Jaialdian, zetagileak zetazko eta paperezko kolore anitzeko lorez apaintzen dira, eta uzta ona lortzeko eskaintzak egiten dituzte. Zeta modu materialagoan ere ageri da Txinako landa-biztanleen bizitzan, eguneroko bizitzan zeta horrekin egindako artikuluak erabiltzen baitituzte: soinekoak, edredoiak, aterkiak, abanikoak eta abar.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Historia de la Sericultura en China» www.advantour.com (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
  2. a b (Ingelesez) «History of Silk» www.jrbsilks.com (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
  3. (Gaztelaniaz) «UNESCO - La sericultura y la artesanía chinas de la seda» ich.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]