Solteroen dantzalekuak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Solteroen dantzalekuak
Datuak
IdazleaJoxean Agirre
Argitaratze-data2022
GeneroaEleberria
ArgitaletxeaElkar
HerrialdeaEuskal Herria
Orrialdeak177
ISBN978-84-1360-199-1

Solteroen dantzalekuak liburua 2022.urtean Joxean Agirrek plazaratutako eleberria da. Umorezko eleberria da non militante epel baten garapena ezagutzen dugu, Erakundean aritu izanatik larriz idatzitako politikan sartu arte. Narrazioan elementu historiko ugari uztartzen dira, beti ironiaz eta kritikaz josita.

Gertakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Gaztetan, Deustuko Unibertsitateko ikaslea zela, ikerketa bat egiten ibili zen protagonista, baserritarrak joan ohi diren diskoteketan ze ohitura zeuden eta horrek maiorazkoak mutilzahar geratzearekin zerikusirik ba ote zuen. Aldi berean, frankismoari kontra egiteko, Erakundean ere sartu zen, harik eta, atxiloaldi batean jasotako pasadaren ondoren, borroka-gogoak joan eta Iparraldera ihes egin zuen arte. Urteak pasata, jubilaziotik gertu dagoen Soziologiako irakasle dibortziatua dela, Alderdiaren gonbidapena jasoko du Lehendakarigai izateko, baina, politikariek falta ohi duten xarma moduko bat aitortzen dioten arren, bere iragana nola edo hala apaindu beharra ere gogorarazten diote.[1]

Ideiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agirrek azaldu duenez, nobela horren abiapuntuak lotura zuzena du Regine Robin idazlearekin. Hark La mémoire saturée liburua idatzi zuen duela urte batzuk, eta, besteak beste, iraganaz eta memoriaz hitz egiten du bertan, baita Berlingo Harresia eraitsi zutenean lanik gabe gelditu ziren langileez ere; identitate berri bat eman zieten haiei, Alemaniako beste lekuetara eramateko. Ildo horretatik, Solteroen dantzalekuak eleberriak Robinen "muina" duela dio Agirrek: "Gure bizitzaren kontakizuna egiten hasten garenean joera dugu pasarte ilunak estaltzeko, borratzeko edo ederragotzeko. Hori ia-ia fenomeno soziologiko bihurtzen da, batez ere diktadurak erortzen direnean; mundu guztia hasten da bere biografiak aldatzen eta egokitzen".[2]

Agirrek, bestalde, nobelan bere haurtzaroari buruzko bi gertaera daudela dio: "Alde batetik, aitonak egin zuen baserri aldaketa bat agertzen da, exodo bat Aizarnako baserri batetik Azpeitira. Eta, bestetik, umetako eskolako pedagogia sistemari buruzko zati bat". Era berean, nobela "solterotasunaren aldeko diskurtsoa" dela ere nabarmendu du egileak.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]