Edukira joan

Tableau économique

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tableau économique izeneko eredu ekonomikoa. 1759ko argitalpen honetan, zeharka-meharkako bertsioa azaldu zen. Gerora, bertsio labur, trinko eta ulergarriagoa argitaratu zen.

XVIII. mendeko François Quesnay frantziar ekonomialariaren Tableau économique izeneko lanak [1] ekonomia bateko sektoreen arteko harremanak azaltzen dituen eredu ekonomiko bat da. Ekonomiaren prozesu zirkularraren lehenengo irudikapen sistematikotzat jotzen da eta geroko hainbat kontzeptu eta teoria ekonomikoren abiapuntu gisa hartu izan da, hala nola biderkatzailea eta input-output taula.

Tableau économique (TE aurrerantzean) izenekoaren hiru bertsio ezagutzen dira. Lehenengo bertsioa 1758 urte bukaerakoa da eta eskuidazki bat da, taula eta 22 iruzkin biltzen zituena Remarques sur les variations de revenus annuels d'une nation izenburupean (euskaraz, Iruzkinak nazio bateko urteko mozkinen aldaketen gainean). Hilabete batzuk geroago ateratako bigarren bertsioa argitaratu egin zen. Bertsio honetako TE lehenengo bertsiokoaren oso antzekoa eta 23 iruzkin jasotzen ditu Extrait des œcomonies royales de M. de Sully (euskaraz, Sullyko Markesaren errege-ekonomien laburbilduma) izenburupean. Hirugarren bertsioa 1759 urtean argitaratu zen eta 1969 urtean berreskuratu zen. Azken bertsio honetan aurreko bertsioetako TE bera 24 ohar luzerekin batera agertzen da. Oharrak Explications du Tableau économique izenburupean biltzen dira, TE hobeto ulertarazteko ahaleginetan. Bertsio hauetan agertzen den TE taulari zeharka-meharkako taula deritzo, iteraziozko prozesu batez azaltzen baita ekonomiaren dinamika.

Beranduago, TEren bersioa laburragoak agertu ziren, Quesnayren teoria aiseago azaldu nahian. 1764. urtean, Victor Riqueti Mirabeaukoaren Philosophie rurale bilduman, Précis des résultats de la distribution representée dans le Tableau izenburuko TE taula laburra argitaratzen da. Précis izenekoan azaldutako taula laburra da gehien zabaldu den TE, Quesnayren iritzien funtsa bertan agertzen da baita modu argienean.

Quesnayren TE hiru sektore bereizten ditu ekonomian: klase ekoizlea, klase antzua eta lur-jabeak. Bere iritziz eta TEk erakusten den bezala, mozkina edo ekoizpen garbia sortzen duen bakarra klase ekoizlea da, non nekazariak biltzen diren. Mozkinik edo ekoizpen garbia burutzen ez duen klase antzuan artisauak biltzen dira.

Ekoizpen-fluxua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

TE eredu laburtuan, klase ekoizleak edo nekazariek 5.000 librako ekoizpena edo uzta eskuratzen dute guztira. 5000 libra hauetatik 3000 libra ekoizpen-kostuak dira:

  • nekazariak beraiek elikatzeko, 1000 libra;
  • nekazariek euren ekoizpen-prozesuan behar dituzten gaietarako, 1000 libra;
  • nekazariek behar dituzten artisau-produktuak eskuratzeko, beste 1000 libra ekoiztu behar dute.

Mozkina 5000-3000=2000 librakoa da, lur-jabeei entregatu beharrekoa. Hauek 1000 hartuko dute euren beharretarako eta beste 1000 libra artisauei emango diete, lehengai eta elikagai moduan, euren artisau-produktuen truke.

Artisauek osatutako klase antzuak ekoiztutako 2000 libratik honelakoa da ekoizpen fluxua:

  • 1000 libra nekazarientzat kapital finkoa ordezteko, hauen lehengai eta elikagaien truke;
  • 1000 libra lur-jabeentzat, hauen lehengai eta elikagaien truke.

Klase antzuak beraz ez du mozkinik sortzen. Ekoizten duen guztia beste sektoreetara doa fluxu moduan. Horrela, Quesnayk industria edo artisau-klasea antzua dela dio. Artisauen eta enkazarien soldatak errenta ez, baizik eta ekoizpen-kostu huts direla da pentsaera horren arrazoia. Artisauek lehengaiak eraldatu bakarrik egiten dituztenez, ekoizpen- eta bizi-beharrak asetzeko den lana besterik ez dute gaineratzen ekoizpenera [2]

Klaseen arteko elkartrukeak diru-fluxu baten bitartez ere azal daiteke. TE taulan, nekazariek 2000 libra dituzte hasieran. 2000 libra hauek lur jabeei ordaintzen dizkiete, errenta moduan. 2000 libra hauetatik 1000 libra artisauei euren produktuak ordaintzeko erabiltzen dira. Beste 1000 libra nekazariei lurjabeek behar dituzten elikagaiak ordaintzeko dira. 1000 libra hauekin nekazariek kapital finkoa ordeztuko duten produktuak erosten dizkiete artisauei. Artisauek 2000 daukate orain dirutan. 2000 libra hauek nekazariengana itzultzen dira, artisauen ekoizpen- eta bizi- beharrak asetzeko.

Horrela, nekazariek guztira 3000 libra jaso dituzte (2000 artisauen sektoretik eta beste 1000 libra lur jabeen aldetik) eta 1000 libra ordaindu ditizte. Beraz, hasieran zeuzkaten 2000 libra daude bere esku, diruaren prozesua berriz ere abiarazteko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. "Tableau œcomonique" jatorrian.
  2. (Gaztelaniaz) Ángel Viñas Martín: El Tableau de Quesnay como instrumento de análisis económico, Revista de Economía Política, 1974ko urtarrila.143-144 orrialdeak.