Terminologia Batzordea

Wikipedia, Entziklopedia askea

Eusko Jaurlaritzak Terminologia Batzordea sortu zuen 2002an. Horretarako, 179/2002 Dekretua sortu zuen, zeina EHAAko1 148. alean argitaratu zen. Batzorde hori, Euskararen Aholku Batzordearen atal berezi gisa sortu zen bi izaera kontuan hartuz: terminologia normalizatzeko lanen izaera eta berezitasuna eta terminologia-lanetan erakunde publiko zein pribatuak daudela. Terminologia Batzordea 2002an sortu zen arren, aurretik birritan hitz egin zen haren premiaz; 1989an Terminologiari buruzko Jardunaldietan eta 1997an Donostian ospatutako Nazioarteko Terminologia Biltzarrean.

Osaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araceli Díaz de Lezanak2 Euskarazko Terminologiaren normalizazioa: Terminologia Batzordea3 lanean adierazten duenaren arabera, honako hau da Terminologia Batzordearen osaera:

a) Lehendakaria: hizkuntza politikarako sailburuordea

b) Lehendakariordea: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria

c) Idazkaria: Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoko idazkaria

d) Ondorengo erakundeek eta organismoek proposatuta izendatuko diren kideak:

  • EAEko Administrazioko ordezkariak:
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkaria
HAEEko ordezkaria
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Euskara Zerbitzuko ordezkaria
  • EAEko Administrazioaz kanpoko ordezkariak:
Euskaltzaindiko ordezkaria
UZEIko ordezkaria
Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuko ordezkaria

e) Hizkuntza politikarako sailburuordeak gehienez ere terminologian eta euskaran adituak diren 6 kide izendatuko ditu. Izendatua izateko, euskararen hizkuntza-komunitatearen lurraldeetako ordezkari izan beharko da.

f) Aztertzekoa den terminologia-arloaren arabera, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak beste aditu batzuk ere izenda ditzake, arlo horretako batzorde-atal bereziko kideei aholku emateko. Izendapenak dena delako lan hori amaitu artean iraungo du.[1]

Terminologia Batzordearen egitekoa normalizazio lana da eta ez terminologia-lana sistematikoki egitea; hau da, batzordeak ez ditu glosario terminologikorik sortuko. Beste hitz batzuetan esanda, batzordeak terminologia-alorrean erabakiak hartzeko ahalmena duenez, EUSKALTERMen edo beste baliabide baten bidez zabalduko diren terminoen ponderazio-markak emango ditu (baztertua, onartua edo hobetsia). Euskaraz egiten diren terminologia-lanen koordinazio gune ere izan beharko litzateke Batzordea.

Egitekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araceli Díaz de Lezanaren Euskarazko Terminologiaren normalizazioa: Terminologia Batzordea lanean adierazten denez, honako hauek dira 179/2002 Dekretuak Terminologia Batzordeari ezartzen dizkion egitekoak:

  1. Terminologia alorrean dauden lehentasunak finkatzea. Espezialitateko hizkuntzetan euskaraz egin beharreko lanak, dauden hutsuneak eta aztertu beharreko erabileremuak zeintzuk diren identifikatu eta lehentasunak ezarri behar dituzte Batzordeko kideek. Díaz de Lezanak aztertu beharreko bi erabilera esparru gailentzen ditu. Alde batetik irakaskuntza, arlo horretan baitaude erabiltzaile estrategikoak eta bestetik, hizkuntza-paisaia (errepideetako errotuluak, toki publikoetako kartelak… normalizatzeko).
  2. Lan-proposamenak egitea eta urteko jarduera-planetan jasotzea.
  3. Terminologia-lanerako irizpideak ematea. Batzordeak fase guztietan lagunduko dio euskarazko terminologia-lana egingo duenari. Baina, lan hori ondo egiteko, beharrezkoa da irizpide batzuk finkatzea eta modu sistematikoan ezartzea.
    1. Irizpide linguistikoak: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan oinarrituta egon behar dira. “Hala ere, hainbat kasutan gerta daiteke hizkuntza arrunterako hartutako erabakiek terminologian aplikatzeko orduan arazoak ematea eta, ondorioz, terminologiarako irizpidea gehiago zehaztu behar izatea.”[2]
    2. Irizpide terminologikoak:
      1. Terminoak onartzerako orduan, haren alor espezializatuko izendapen-sistemak dituen arauak jarraitu behar dira.
      2. “Euskaraz erabilitako eta ondo funtzionatu duten ereduen araberako terminoak onargarriak dira.”[3]
      3. Termino bat dokumentu desberdin askotan erabili baldin bada, onartu daiteke.
    3. Irizpide soziolinguistikoak (eta pragmalinguistikoak):
      1. Pisuzko arrazoi bat edo ordezko termino bat izan ezean, ezin da aldatu erabiltzaileen artean ontzat jotako termino bat.
      2. Eremu jakin bateko adituek termino bat ontzat joz gero, onargarria izango da.
      3. Alde batera utzi behar dira erabiltzaileen artean arrakasta izateko aukera gutxi duten terminoak.
      4. Alde batera utzi behar dira konnotazio negatiboak dituzten terminoak.
      5. “Terminoak ikasteko eta erabiltzeko errazak izan behar dira.”[4]
      6. Erreferentzia-hizkuntza eta erreferentzia-kultura bat baino gehiago daudenean, esaterako gaztelanian edo frantsesean, bi eremu geografikoetan arrakasta izango duten terminoak finkatuko dira.

Garrantzitsua da hizkuntza-komunitateak terminoarekiko duen jarrera kontuan izatea, haiek baitira terminoa onartuko edo baztertuko dutenak.

Goian aipatutako irizpideez gain, Terminologia Batzordeak kontuan izan beharko lituzke euskarak termino berriak sortzeko dituen bide desberdinak (eratorpena, hitz-elkarketa eta maileguak/kalkoak) baita terminoen erabilera eremuetako terminologia maila desberdinak ere.

4. Termino bat baino gehiago dagoenean termino hobetsia proposatzea.

Erabiltzaileei terminoen fidagarritasunari buruzko informazioa eman behar zaie eta, horretarako Batzordeak bost ponderazio-marka ezarri zituen:[5]

0: Baztertu beharreko terminoa (T. Batzordeak onartzen ez duena)
1: Termino erabilia (aztertu gabea baina besterik ezean erabiltzen dena)
2: Termino proposatua (baina oraindik T. Batzordeak normalizatu gabea)
3: Termino onartua (baina ez lehenetsia, beste bat gomendatzen delako)
4: Termino normalizatua/gomendatua

Diaz de Lezanak termino hobetsia aukeratu beharreko 3 kasu aipatzen ditu Terminologia eta normalizazioa Euskal Autonomia Erkidegoan lanean. Lehenengoa, hitz-elkarketa eta adjektibo erreferentzialaren arteko hautua da; esterako, “toki-administrazio” eta “administrazio lokal” terminoen artekoa. Bigarrena, maileguaren eta euskarazko hitzaren arteko hautua da (adibidez: “hitzarmen marko” eta “esparru-hitzarmen”). Diaz de Lezanaren iritziz, aldi batez biak onartzea ondo dago baldin eta argi dagoen zein den gomendatua; baina denborarekin termino bakarra egon beharko litzateke. Bukatzeko, sinonimo gehiegi dauden kasuak aipatzen ditu, adibidez, ingeleseko “sustainable” (sustainability) terminoaren baliokideak euskaraz: mantengarri, jasangarri, iraunkor, eusgarri, eramangarri. Diaz de Lezanaren ustez, kasu honetan normalizazioaren eta adostasunaren beharra dago, erabiltzaileek informazio zehatza jaso dezaten.

5. Landutako terminologia-lanei onespena ematea.

Terminologia Batzordearen onespenak bermatzen du terminologia-lanaren kalitatea. Izan ere, finkatutako irizpideak aplikatzen dituzte eta adostasunaren ikur dira. Batzordeak onartutako terminoek ikur bereizgarri bat izango dute EUSKALTERM bezalako Terminologia Banku Publikoetan.

6. Finkatutako terminologia zabaltzeko bideak proposatzea eta terminologia zabaltzea.

Onetsitako terminoen hedapena azkarra eta egokia izan behar da erabiltzaileek erabili dezaten. Garrantzitsua da erabiltzaileek informazioa azkar aurkitu ahal izatea, kontsulta egiteko modua eta informazioa aurkezteko modua errazak eta eraginkorrak izatea, informazio terminologikoa hizkuntza argian idatzita aurkitzea eta erabiltzaileekiko interakzio estua eta bizia ahalbidetzea.[6]

7. Onetsitako terminologien erabilera gomendatzea.

Terminologia Batzordea da alor espezializatuko erabiltzaileei terminoak erabiltzeko gomendio formala luzatzen dien taldea. Horretaz gain, terminoaren erabileraren jarraipena eta ebaluazioa ere egin behar du, erabiltzaileek terminoa onartu duten ala ez ikusteko.

8. Batzordearen ekintzen urteko oroitza egitea eta Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde-atal Iraunkorrari aurkeztea, Euskararen Aholku Batzordearen urteko oroitzan sartzeko.
9. Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoak terminologiaren arloan eska diezazkion oinarrizko azterketak egitea.

Terminologia Batzordearen 2003-2005 Jarduketa-plana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzordeak terminologia-mailak ezarri zituen Dekretuak aipatutako egitekoak burutzeko:[7]

  • Zientzia eta Teknologietako terminologia (nazioarteko terminologia)
  • Gure terminologia tradizionala (arrantza, nekazaritza, burdingintza…)
  • Hizkuntza arruntari loturiko terminologia (elikagaiak, jantziak, etxebizitza…)
  • Administrazio eta Zuzenbideko terminologia

Batzordeak, lan egiteko oinarriak finkatu zituen (ikus Egitekoak atala). Horretaz gain, landutako terminologia-lanei onespena emateko jarraitzen den prozedura azaldu zuen. Honako hau da prozedura: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak adituz eta hizkuntzalariz osatutako batzorde teknikoak antolatzen ditu hiztegi bat aztertzeko. Talde horren lana, sarreren definizioa, sinonimoak eta beste hizkuntzetako baliokideak aztertzea da. Batzorde teknikoek lana amaitu ondoren, Terminologia Batzordeak hiztegiak aztertu eta proposamen eta eztabaidak egiten ditu. Azkenik, hiztegiak onartzen ditu eta EUSKALTERMen zein paperezko formatuan argitaratzen ditu.

Terminologia Batzordearen 2006-2009 Jarduketa-plana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terminologia Batzordeak 2003-2005 Jarduketa-planaren balantzea egin zuen eta 2006-2009 aldirako Jarduketa-plana idatzi zuen. Bigarren aldi horretan, Batzordea hiztegiak lantzen eta onartzen hasi zen. Guztira 21 hiztegi onartu zituen eta behin onartuta, EUSKALTERM Terminologia Banku Publikoan agertu ziren. Batzordeak lehentasuna eman zion esparru sozio-ekonomikoari, hutsunea hauteman baitzuten.

Bestetik, ponderazio markak moldatu zituen. Batzorde teknikoek lana amaitu ondoren, hiztegiak Terminologia Bankuan txertatuko dira 4 ponderazioarekin, hala ere, horrek ez du Batzordearen onespena adieraziko. Batzordeak onartu ostean, EU ikurra gehituko zaio 4 markari.

Terminologia Batzordearen 2010-2013 Jarduketa-plana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldi horretan, lehendabizi, 2006-2009 aldiko Jarduketa-planaren balantzea egin zuten. 2010-2013 Jarduketa-plana aurreko bi jarduketa planen jarraipena izan zen. Hori horrela izanik, onartutako terminologiaren zabalkundeaz arduratu zen Batzordea, hau da, argitaratutako hiztegiak erabiltzaile estrategikoei helarazi behar zieten. Beste egiteko bat, lehentasunak markatzea zen (hala nola, Zuzenbide arloa), hiztegi asko baitzeuden normalizazio-prozesuaren zain. Azkenik, gomendatutako terminologiaren jarraipena eta ebaluazioa egin behar zen, terminoa ezin baita benetako erabileratik urrundu.

Terminologia Batzordearen 2014-2016 Jarduketa-plana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte tarte horretan, Terminologia Batzordeak aurreko aldiko Jarduketa-planaren balantzea egin zuen. Horretaz gain, 2010-2013 Jarduketa-planean geratu ziren hutsuneak betetzea zuten helburu, betiere egitekoen zerrendan oinarrituz. Esaterako, Terminologia Batzordeak onartzeke zituen hiztegien zerrenda osatu zuen, hiru urte horietan onartzeko. Horretaz gain, galdetegiak prestatu eta erabiltzaileen esku jarri zituen Batzordeak proposatutako terminoen arrakasta-maila ezagutzeko. Garrantzitsua da finkatutako terminologia modu egokian zabaldu den ala ez jakiteko eta erabiltzaileek proposatutako terminoak erabili ezean beste batzuk proposatzeko.

Egin klik hemen Terminologia Batzordeak onartu dituen hiztegi guztiak ikusteko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Díaz de Lezana, 2010, 3. or.
  2. Díaz de Lezana, 2002,10. or.
  3. Díaz de Lezana, 2002, 10. or.
  4. Díaz de Lezana, 2002, 11. or.
  5. Diaz de Lezana, 2010
  6. Díaz de Lezana, 2002, 18. or.
  7. Eusko Jaurlaritza, 2008

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

http://www.euskadi.eus/euskararen-corpus-terminologia/web01-a2corpus/eu/

Díaz de Lezana, Araceli (2002). Terminologia eta normalizazioa Euskal Autonomia Erkidegoan. Eusko Jaurlaritza. [https://www.ehu.eus/documents/2430735/2877801/diaza.pdf]

Díaz de Lezana, Araceli (2004). Euskarazko terminologia-lanaren plangintza. Iruña: Euskarabidea-Euskaltzaindia. [http://www.euskaltzaindia.eus/dok/plazaberri/2010/martxoa/Araceli%20D%C3%ADaz%20de%20Lezana.pdf]

Díaz de Lezana, Araceli (2010). Euskarazko terminologiaren normalizazioa: terminologia batzordea. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Eusko Jaurlaritza. [https://www.ehu.eus/documents/2430735/2730484/LIBURUAehuei10-04.pdf]

Eusko Jaurlaritza (2008). Terminologia Batzordea 2003-2005 Jarduketa-planaren barruan egindako lanak. Donostia. [http://www.euskara.euskadi.eus/contenidos/informacion/terminologia_2013/eu_edukia/adjuntos/Terminologia%20batzordea.pdf]

Eusko Jaurlaritza (2008). Terminologia Batzordea 2008ko Jarduketa-plana. Donostia. [http://www.euskara.euskadi.eus/contenidos/informacion/terminologia_2013/eu_edukia/adjuntos/TB2008Jarduketa-plana.pdf]

Eusko Jaurlaritza (2014). Terminologia Batzordea 2015-2015-2016 Jarduketa-plana. Vitoria-Gasteiz. [http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/terminologia_euskararen_corpus/eu_def/adjuntos/Terminologia_Batzordea_2014-2016_jarduketa-plana.pdf]

1 Euskal Herriko Agintaritza Aldizkaria

2 Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Estandarizazio arduraduna

3 Erreferentzia osoa ikusteko ikusi bibliografia atala

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]