Tontsura
Tontsura zenbait erlijiotako sarrera-ospakizuna da, egoera berri batera igarotzen denari ilea moztea eskatzen diona. Eliza katolikoak eta ekialdeko eliza ortodoxoak erabili izan du erritu hori, kide batek bere burua Jainkoari eskaini nahi izan dionean. Eliza katolikoak 1973 arte erabili zuen, orduan utzi baitzuen indarrik gabe Paulo VI.a aita santuak. Ekialdeko eliza ortodoxoan irakurlea apaiz egiten denean erabiltzen da. Ekialdeko eliza batzuetan erritua monasterioko bizitzan onartua izateko ospakizunean egiten da. Noizkoa duen jatorria ez da garbi, baina antzinako kristauek bazuten ohitura hori, beharbada greziarrengandik eta semitengandik hartua, haiek ere jainkoei eskaintzen baitzizkieten ile-matazak. Budismoan, apaiz egiteko eta lekaime egiteko erabiltzen da. Birmanian eta Thailandian mutikoak zortzi urte inguru dituztenean, monasteriora joaten dira egunak edo hilabeteak han igarotzera, eta ilea moztea dute ospakizun nagusietako bat. Hinduismoan, hasierako erritua da, eta egoera-aldaketak adierazteko ere erabili izan da; bi urte inguru dituzten haurrei ilea mozten zaie, burugainean motots bat utzita, sakramentu baten gisako balioa du, eta lehenengo haurtzarotik bigarren aldira igarotzea adierazten du.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.