Trama (sareak)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Trama sarbide mailan bidaliko dugun informazio unitatea bezala defini daiteke. Trama horiek zein eremu dituzten, eta trama horiek nola igorri eta hartu behar diren definitzen da Ethernet sare baterako sarbide-protokoloan (Ethernet izen bera duen protokoloa). Ethernet motako sareetan erabiltzen diren trametan hiru atal nagusi bereiz daitezke: goiburukoa (helbide fisikoen informazioa eta bestelako informazioa duena), datuak (igorleak bidalitako mezua bera duena), eta erroreen zuzenketarako atala (errore bat gertatzean hau atzemateko balio du).

Honela funtzionatzen du sarbide-mailak, trama bat bidali edo jasotzeko: Aplikazio-mailatik hasita, garraio-mailatik eta IP mailatik pasata, dagozkien goiburukoak gehituz, datagrama sarbide-mailako entitateari iritsiko zaio. Kasu honetan sare-txartelaren driver-ari (Sarbide mailako interfazea) emango dio datagrama IP entitateak, bere sareko zein konputagailuri eman behar dion datagrama esanez. Driverrak sarbide mailako informazio-unitatea sortuko du, eta goiburuko informazioa datagramari gehituta trama sortuko du. Sare mota bakoitzak protokolo bat du, beraz, goiburukoa ezberdina da protokoloaren arabera. Azkenik sare-txartelak, sarean ipiniko du trama, eta sarea arduratuko da trama hori lehen bideratzailera iristeaz. Bideratzailearen sarbide mailak trama jasoko du, goiburukoa kendu, eta IP entitateari emango dio. Prozesu hau errepikatuko da helburuko konputagailura iritsi arte. Konputagailuko sarbide entitateak datagrama erauziko du tramatik, eta IP entitateari emango dio, honek datagramaren goiburukoa begiratu, eta TCP edo UDP-ri emango dion aztertuko du. Azkenik, garraio mailako entitateak, segmentuaren goiburukoa ikusita, komandoa zein aplikaziori eman argituko du, eta dagokion interfazea erabiliz, emango dio.

Ethernet tramen egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ethernet trama batean, esan bezala, hiru atal nagusi bereiz daitezke: goiburukoa (helbide fisikoen informazioa eta bestelako informazioa duena), datuak (igorleak bidalitako mezua bera duena), eta erroreen zuzenketarako atala (errore bat gertatzean hau atzemateko balio du). Luzera aldakorrekoa izango da trama, edukiaren tamainaren arabera. Hemen ikus daiteke trama baten egitura zehatzagoa:

Ethernet trama baten egitura

Ataria: Sinkronizatzeko balio du. Bit sekuentzia zehatz bat da. Honekin jakin daiteke non hasten eta bukatzen den trama bakoitza, ez baitira luzera finkokoak beti.

Iturriaren helbide fisikoa: Mezua bidaltzen duen konputagailuaren helbide fisikoa (MAC helbide edo Ethernet helbide bezala ere ezagutzen dira helbide fiskoak) joango da hemen. 6 byte behar ditu, helbide fisiko batek 48 bit dituelako.

Helburuaren helbide fisikoa: Mezua jasoko duen konputagailuaren helbide fisikoa joango da hemen. 6 byte behar ditu baita ere, arrazoi beragatik. Helbide fisikoak honela idazten dira normalean: FF:FF:FF:FF:FF:FF. Hau, broadcast egiteko erabiltzen den helburu helbide fisikoa da; hau da, sareko denei mezua bidali nahi zaienean. Helbide fisikoak normalean digito hamaseitarrekin idazten dira, binaka eta bi puntugatik banandurik.

Ethertype: Helburuko helbide fisikoaren eta edukiaren artean dauden 2 byte horiek Ethertype-a adierazten dute, eta zein enkapsulazio protokolo erabili den Ethernet trama sortzeko esaten diote hartzaileari.

Edukia: Hemen IP mailako entitateak igorleari pasa dion IP datagrama egongo da, eta horren barnean, goiburuko batzuekin batera, igorlearen jatorrizko mezua egongo da. 1500 byte baino tamaina txikiagoa izan behar du. Beraz, tamaina ez da finkoa, eta horregatik behar dugu hasieran aipatu dugun ataria, hasiera eta amaiera sinkronizatzeko.

CRC: 4 byte-ek, hau da 32 bit-ek osatzen dute CRC (Cyclic Redundancy Check) kodea. Honek erroreak atzemateko balio du. Geroz eta handiagoa izan atal hau, orduan eta errore gehiago eta era zehatzagoan atzemango ditu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Redes de Computadoras 4ª Edición- Andrew S. Tanenbaum

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]