Txantiloi:2008-40 Nabarmendutakoa
Inari (inariko samieraz: Aanaar; iparraldeko samieraz: Anár; skolt samieraz: Aanar; suedieraz: Enare), Lappi lurraldean aurkitzen den Finlandiako udalerririk zabalena da. Izugarria da, Hego Euskal Herria bezain handia, guztira 17.353,81 km²; izan ere, 1876. urtean udalerria osatzen duten herrixkak batu egin ziren haien kezkak ozenago iradokitzeko helburuarekin eta baterakuntzari, udalerriaren bihotzean aurkitzen den aintziraren izena eman zioten, Inarijärvi aintzirarena hain zuzen. Gaur egungo herri garrantzitsu eta handiena, non biztanle-kopuru osoaren erdia baino gehiago bizi den, Ivalo herrixka da.
Finlandiako Gobernuak hainbat proiektu atera ditu aurrera Inariko natura eremu handia babesteko asmoarekin; hala nola, Lemmenjoki eta Urho Kekkonen Parke Nazionalak eta hainbat Eremu Basati zabaldu ditu. Izan ere, Inariren ezaugarrietako bat Finlandiako hirugarren handiena den aintzira da, Inarijärvi aintzira, zeinaren inguruan herrixka gehienak antolatzen diren. Herrialdeko samitar-biztanle kopuru handiena bertan aurkitzen da ere, biztanleria guztiaren %30a, 2.000 inguru eta ondorioz, bertan aurkitzen da Finlandiako Samitarren Legebiltzarra.
Ekonomia aldiz, basogintzan, elur-oreinen abeltzaintzan eta azken urteotan hazten ari den turismoan oinarritzen da.