Urho Kekkonen Parke Nazionala

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Koordenatuak: 68°12′25″N 28°14′16″E / 68.20694°N 28.23778°E / 68.20694; 28.23778

Urho Kekkonen Parke Nazionala
Harrijärvi UK-puisto 01.JPG

Harrijärvi aintzira.
Kokapena Inari, Savukoski eta Sodankylä, Lappi
FinlandiaFinlandia
Azalera 2.550
Sorrera 1983
Bisitari-kopurua 289.000 bisitari (2009) [1]
Erk. Arduraduna Metsähallitus

Urho Kekkonen Parke Nazionala (finlandieraz, Urho Kekkosen kansallispuisto; ipar samieraz, Urho Kekkonena álbmotmeahcci) Finlandia iparraldeko Lappi eskualdean dauden hiru parke nazional erraldoietako bat da. Hain zuzen, herrialdeko bigarren parke nazional handiena da, guztira, 2.550 km²-ko azalera baitauka; Bizkaia herrialdea baino handiagoa da. Parkean, hala nola, muino arrokatsuak, aintzirak, baso zabalak, zohikaztegiak eta eremu zingiratsuak aurki daitezke, eta gainera, elur-orein zaintza, ehiza eta arrantza ohituraren aztarnei buruzko erakusketak daude [2].

Parkea Inari, Sodankylä eta Savukoski udalerrien artean dago, Errusiako mugan, eta 1983. urtean sortu zen Urho Kekkonen presidente ohiaren omenez. 2009. urtean, bisitari gehien jaso zituen Finlandiako parke nazionala da Pallas-Yllästunturi Parke Nazionala ondoren; guztira, 289.000 bisitari jaso zituen, batik bat finlandiarrak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izotz Aroaren bukaeratik Kemijoki ibaiaren ertzetan samien kokalekuak egon zirela badakigu. Hala ere, Urho Kekkonen Parke Nazionala dagoen eremu honen lehenengo giza-aztarnak k.a. X. mendekoak baino ez dira. Bertako biztanleak, gaur egun ia desgaturik dauden basoko samien tribukoak ziren. Ehiztariak, arrantzaleak eta fruitu-biltzaileak ziren eta neguetan baso elur-oreinen larruarekin herrixkak sortzen zituzten. Hala ere, sami tribu honen kultura XVI. mendean suediarren eraginarengatik desagertzen hasi zen. Hizkuntza galdu egin zen, xamanismoa alde batera utzi zuten eta hegoaldeko finlandiar kolonoen kultura bereganatu zuten [3].

Pirunportti (Deabruaren atea) arroila.

Gaur egun, bertan elur-orein zaintzatik bizi diren samiak baino ez daude. Dena den, sami hauek ez dira lehen aipaturiko basoko samien tribukoak, baizik eta XIX. mendean Norvegiatik iritsitako ipar samiak eta II. Mundu Gerran SESBeko mugatik ebakuatuak izan ziren skolt samiak.

Natura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parke nazionala Finlandiako arro handienetako bat da. Bertan, Ozeano Artikora eta Botniako Golkora doazen ibai asko sortzen dira; hala nola, Suomujoki, Luttojoki, Muorravaarakkajoki, Anterijoki, Jaurujoki, Nuorttijoki eta Kemijokiren sortzaileak diren Luirojoki, Kopsusjoki eta Repojoki ibaiak. Paratiisikuru ibarra, eta zehazki, ibarraren izen bera duten ur-jauzia eta aintzira dauden tokia da Urho Kekkonen Parke Nazionaleko lekurik ederrena. Zirkulu Polar Artikoaren iparraldean dauden lau parke nazionaletako bat da.

Lehen esan bezala, parkearen iparraldean Luttojoki, Muorravaarakkajoki eta Suomujoki ibaiak daude, eta hauek, iparreko gunea ospetsu egin dituzten hiru ibar harritsuak sortu dituzte. Ibar hauek laponiako granulitoz eginik daude eta azkenengo Izotz Aroan sortu ziren, duela 9.500 bat urte. Bertan, RaututunturiSaariselkä eremu muinotsua dago, parkeko gune bisitatuena. Hego mendebaldean, izei eta pinu baso zabalak, eta eremu zingiratsuak daude; azkenik, hego ekialdeko gunean aipatzekoak dira Nuortti arroilaren nagusitasuna eta Naltio eta Korva muinoak misteriotsuak [4].

Iparraldeko ingurune muinotsuan, aipatzekoak dira Luirojärvi aintziraren ondoan dagoen Sokosti, Ukselmapää, Vuomapää eta Lupukkapää muinoak [5].

Paratiisikuru ibarra Ukselmapää muinoaren tontorretik.

Fauna eta Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztira, 130 bat hegazti espezieren habiak ikusi dira parke nazionalean. Hauetatik asko arriskuan dauden hegaztiak dira; esaterako, belatz handiak eta ipar-belatzak. Arrano beltza bestalde, Urho Kekkonen Parke Nazionalaren ikurra dela esan beharra dago eta hegazti hau ikusteko ibilaldiak antolatzen direla. Parke nazionalean dauden hegaztien %70a hegazti migratzaileak dira; udaran parkera iristen direnen artean daude birigarro txikiak, martxo hasieran bueltatzen diren ipar-gailupak, ipar-kaskabeltzak, negu-txontak, negu-txirtak, okil hiruatzak, siberiar eskinosoak, txio horiak eta txoka gorriztak. Hegazti asko zingira eta zohikaztegien inguruetan bizi eta bertako intsektuez elikatzen dira; hauen artean ditugu borrokalariak, istingorrak, kuliska pikartak, txirri lepokodunak eta urre-txirriak [6].

Paratiisikuru ur-jauzia.

Harraparien eta beste ugaztun batzuen zerrenda ere luzea, guztira, hogeita bat espezie desberdin ikusi dituzte parke nazionalean; azeri gorri eta zuriak, hartz arreak, ipar-katamotzak, jatunak eta otsoak dira harrapari ezagunenak. Hala ere, bisitariek gutxitan ikusten dituzte harrapari hauek, eta ohikoagoa da altzeak, elur-oreinak eta erbiak ikustea. Erbinude arrunt eta zuriak, igarabak, lepahoriak, satorrak eta sorizidoak ere, bertan aurkitu daitezkeen animaliak dira. Ur gezatako perla-ostrak eta amuarrainak ere ohikoak dira bertako ibai eta aintziretan.

Taiga edo baso boreala da nagusi eta zuhaizti ohikoenak izeidiak, pinudiak eta urkidiak dira. Mendien tontorretan aldiz, tundra eremuak nagusitzen dira; tontorrera iristi baino lehenago, tundra eta koniferoen baso epelak banatzen dituen urkidi gerriko bat egon ohi da. Parke nazionalean aurki daitezkeen fruitu eta landareen artean ahabia gorri eta urdinak, azeri-mahatsak, baso geranioak, goroldioa eta txilarrak daude [7].

Leku aipagarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen esan bezala, parke nazionala lau zatitan banatzen da: Oinarrizko gunea, Saariselkä eremu basatia, Nuortti eremu basatia eta Kemi-Sompio eremu basatia. Gune bakoitzak, bere berezitasunak dauzka:

  • Saariselkä eremu basatia: bertan, parkeko muino garaiena Sokosti eta 698 metroko Ukselmapää muinoak, parke nazionalaren bitxia den eta txangozaleentzako bordak dauden Luirojärvi aintzira eta Paratiisikuru (Paradisu arroila), Pirunportti (Deabruaren atea) eta elur-jausiak egon ohi diren Lumikuru (Elur arroila) arroilak daude [9].
Paratiisikuru aintzira.

Ibilbideak eta Irisgarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bisitarientzako hiru harrera leku daude: Saariselkä herritik gertu dagoen Kiehinen Bezeroen Zerbitzu-gunea, Koilliskaira Bisitarien Gunea eta Korvatunturi Bisitarien Gunea. Harrera leku hauetan parke nazionalean dauden ibilbide guztiei buruzko informazioa lortu daiteke; izan ere, berrehun ibilbide mota desberdin baino gehiago daude. Hala nola, oinezkoentzako, eskiatzaileentzako eta txirrindularientzako ibilbideak daude Urho Kekkonen Parke Nazional osoan zehar. Hornidurak eramanez gero, asteko ibilbideak egiteko aukera ere eskaintzen da gune hauetan.

Arrantzatzea Luttojoki, Kolmosjoki, Kulasjoki, Repojoki, Luirojoki, Kopsusjoki, Suomujoki, Kiertämäoja, Anterijoki eta Jaurujoki ibaietan baino ez dago onartua eta bainatzea aldiz, aintzira eta ibai guztietan. Ehizatzea bestalde, guztiz debekatua dago [11].

Parke nazionalaren sarrerak Saariselkä, Kiilopää eta Tankavaara dira eta bertara iristeko errepidea hartu beharra dago. Valtatie 4 autobidetik herrialdeko edozein lekutik irits daiteke bertara.

Garraio publikoa erabiliz iristeko, Rovaniemitik Ivalora doan autobusa dago egunero; autobus hau, hiru sarrera nagusietan gelditzen da. Kemijärvitik aldiz, Savukoskira doan autobus bat dago egunero. Hala ere, autobus hori parke nazionalaren sarreratik 15 km-ra gelditzen da eta bertara joateko oinez joan beharra dago [12].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Urho Kekkonen Parke Nazionala Aldatu lotura Wikidatan

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]