Txantiloi:2015-38 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Trans-Antartika Espedizio Inperiala (1914-1917), Endurance Espedizioa izenaz ere ezaguna, Antartikako Heroi Aroko Esplorazioaren azken espedizio garrantzitsua izan zen. Sir Ernest Shackleton buruzagi eta diseinatzaile izan zen eta Antartika alderik alde zeharkatzeko helburua zuen. 1911n Roald Amundsen norvegiarra Hego Polora iritsi ondoren, Shackeltonek zioenez, Antartikarako bidaien helburu nagusi bakarra kontinentea zeharkatzea zen. Bidaia horren distantzia 2.900 kilometrokoa zen, eta ibilbidearen erdia, hots, Weddell itsasoa eta Hego Polo artekoa, artean esploratzeke zegoen. Ezin izan zuten helburua bete, baina heroi epika eta biziraupen istorio modura gogoratzen da.

Shackleton 1901 eta 1904 bitartean Scott kapitainaren Discovery Espedizioko kide gisa Antartikan egona zen, eta 1907 eta 1909 artean Nimrod Espedizioko buru izan zen. Espedizio berri honek, alde batetik, 78°H latitude inguruan zegoen Weddell itsasoan zehar nabigatuko zuen eskifaia behar zuen, hau Hego Poloa igaroz Ross itsasorako norabidean joango zen martxa kontinentean zeharrerako prestaketa izango zen. Paraleloki, laguntza-talde batek, Ross itsasoko taldeak, kontinentearen aurkako aldera bidaiatuko zuen, McMurdo itsasartean akanpalekua ezarri eta handik Beardmore glaziarraren oinetan zegoen Rosseko izotz-hesian zehar hainbat hornigai-depositu prest utziko zituen. Biltegi hauek talde kontinentean zeharrekoaren biziraupenerako oinarrizkoak ziren, taldeak berez berarekin bat ibilbide osoa burutzeko behar hainbat hornigai ez baitzeramatzan. Espedizioa bi ontziz osatuta zegoen: Bata Endurance ontzia, honek Shackletonen taldea Weddell itsasora garraiatuko zuen, bestea Aurora zen, hau Aeneas Mackintosh kapitainaren agintepean zegoen, honek taldea Ross itsasotik McMurdo itsasartera eramango zuen.