Txantiloi:2017-3 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ekologismoa, mugimendu ekologista edo mugimendu berdea ingurumena babestearen aldeko ideologia eta praktika politiko anitzen multzoa da, kutsaduraz, espezieen iraungipenaz, janari transgenikoaz, gune naturalen suntsitzeaz, eta gizakia eta natura batera erasotzen dituzten bestelako ingurumen arazoez arduratzen dena. Mugimendu ekologistaren jarraitzaileei ekologista deritze. Bi joera bereizten dira ekologismoan: ekologia politikoan, ingurumen-arazoen oinarrian egitura soziopolitiko bat dagoela baieztatzen da, eta arazo horiek gainditzeko politika eta ekonomia sistema berriak behar direla nabarmentzen; beste batzuek, ordea, ez dute horrela kritikarik egiten, eta, politika-gaietan sartu gabe, kontserbazionismo, ingurumenaren administrazio edo nola edo halako konponbiderako beste jardueretan aritzen dira soilik, ingurumen-arazoen azken funtsa planteatu gabe. Bi mutur horien artean, tarteko ikuspuntuak dituzten ekologistak daude. Ekologismoa ideologia bat izateaz haraindi, norberaren eguneroko bizimodua baldintzatu behar duen praktika multzotzat ere jotzen da, kontsumismoaren aurka, bere komunitatearekin elkartasunean, naturarekiko gizabanakoen arteko harreman berriak sortuz.