Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Platon

Platonen bustoa. IV. mendeko kopia erromatarra.

Platon filosofo greziar bat izan zen, Atenasen jaioa (K.a. 428 - K.a. 347 edo 348), Sokratesen dizipulua eta Aristotelesen maisua. Besteak beste Errepublika, Fedon, Fedro, Gorgias eta Kriton solasaldien egilea da. Bere pentsamendua irakatsi eta azaldu zuen Akademoseko lorategietan, Atenasen. Haren filosofiaren arabera, egia aldaezin eta unibertsala ideietan dago, eta horien artetik Ongiaren ideia nagusitzen da beste guztien gainetik.

Antzinako nobleziako familia batean sortua, hogei urte zituela Sokratesekin harremanetan hasi zen eta bere dizipulu edo ikaslea izan zen K.a. 399. urtera arte, maisuak bere buruaz beste egin zuen arte. Denbora batez erretiratu egin zen Estatuaren osaketaz eta bizitza politikoa hobetzeko moduei buruz gogoeta egiteko, bere iritziz, sofistek ahuldua zutelako. Horretarako eskaintzen zuen probarik biribilena Sokratesen auzi eta kondena zen.

Uste da Platonen obra osoa kontserbatuta dagoela, baita bere dizipulu Aristotelesi ahoz emandako irakaspenen pasarte batzuk ere, nahiz eta transkripzioetan argudiatzen dena ez izan erabat koherentea testuetan azaltzen dituen ideiekin. Solasaldia da haren lanetan nagusitzen den generoa, eta horiek hiru multzotan sailkatu daitezke: lehenik solasaldi sokratikoak eta metodo maieutikoa; ondoren, heldutasuneko solasaldiak; eta, azkenik, zahartzaroko solasaldiak.

Sokratesen apologia eta Kriton solasaldietan, Sokratesen auzia eta heriotza garatzen dira; aldiz, besteak beste Hipias Txikia, Gorgias, Menon eta Kratilo solasaldietan, metodo maieutikoa azaltzen du. Heldutasuneko solasaldiak dira hoberenak, horietan jasotzen direlako gehien landu zituen gaiak. Ideien teoria, arimaren hilezkortasuna, amodio ideala eta hiri perfektua Oturuntza, Fedro eta Errepublika izenekoetan tratatu zituen. Azkenik, zahartzaroko solasaldietan, bere kosmologia azaltzen du Timeo delakoan, eta Teeteto, Parmenides, Sofista eta Filebo izenekoetan ideiei buruzko bere teoria errebisatzen du; Politikoa eta Legeak (amaitu gabea) obretan, bere teoria politikoa azaltzen du; azkenik, Kritikak eta Gutunak lanetan, askotariko hainbat gai aztertu zituen.

Atenas krisi politiko betean zegoen garaian garatu zuen Platonek bere obra, Peloponesoko gerraren eta Espartaren azpiraketaren artean, hogeita hamar tiranoen aroaren ondorengo demokrazian, zeinak Sokrates bere buruaz beste egitera kondenatu baitzuen. Sofisten erlatibismo etikoa eta legearen berezkotasunaren gaineko eztabaida nagusitu ziren pentsamenduan, ordura arte nagusi ziren atenastarren balore erlijioso eta moralen gainetik. Platonek gai horientzako erantzunak landu zituen bere lanetan. Sokrates defenditu zuen; ideien teoria garatu zuen, esanez badirela berezko balioak eta bertuteak, konbentzionaltasunaren gainetik; justizia ordena sozialaren eta politikoaren oinarria dela dio; amodioa idealizatzen du; filosofoa gizartearekin kritiko agertzen du, zekenkeriarik gabea eta heriotzerako prestatua, polisa gobernatzeko eredu bakar gisa aurkeztuz; eta hiri perfektu prototipo bat bilatzen du.